Alemania

Mamua sartu da Bundestagen

Reichstagen azken saiotik 75 urtera, eskuin muturrak lekua hartu du Alemaniako Parlamentuan, Bigarren Mundu Gerraz geroztik lehen aldiz. AFD eskuin muturreko alderdiaren presentziak bereganatu du legebiltzarra osatzeko saioa.

AFD eskuin muturreko parlamentariak, Bundestagen eserita. CLEMENS BILAN, EFE
jon ordonez garmendia
2017ko urriaren 24a
18:51
Entzun

Irailaren 24an egin zituzten legebiltzarrerako hauteskundeak Alemanian, eta AFD Alemaniarentzako Alternatiba alderdiak 92 eserleku eskuratu zituen. Gaur osatu dute Busdestaga, eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik lehen aldiz, Alemaniako parlamentuan eseri dira eskuin muturreko ordezkariak. Reichstag zuen izena naziek agintea hartu zuenean, eta azken saioa 1942an burutu zuen. Ordurako botererik gabeko ganbera bat zen, Adolf Hitlerrek bereganatua baitzuen botere legegilea. Gaur, 75 urte geroago, eskuin muturra Alemaniako Legebiltzarrera itzuli da, AFDren eskutik.

Eskuin muturraren itzulerak tentsio handia eragin du aurretik egunetan. Izan ere, diputatu zaharrenak hasten du beti parlamentuaren lehen saioa presidente bat aukeratu ondoren, baina AFDkoa da, Wilhem von Gottberg, eta azken orduan araudia aldatu dute horrek egin ez dezan. Ondorioz, legebiltzarrean urte gehien daramatzan diputatuak egin du lehen hitzartzea, Hermann Otto Solms liberalak. Horrek erabaki hori kritikatu du: parlamentariei esan die hauteskundeetako emaitza onartu behar dela eta ezin direla beste alderdiak estigmatizatu.

"Neurriz kanpoko tonurik ez"

Hala hasi da Bundestagaren hemeretzigarren agintaldia osatzeko saioa, eta Wolfgang Schauble Finantza ministro ohia aukeratu dute ganberako presidente. 1972tik diputatu izan da eta azken hamabietan, ministro. 501 boto jaso ditu alde, eta 173, kontra; 30 abstentzio egon dira eta baliogabeko boto bat. "Leku hau errespetatzeko betebeharra daukagu", esan du Schaublek kargua hartzean. Eskuin muturreko ordezkariei zuzenduz esan die ez duela neurriz kanpoko tonurik onartuko legebiltzarrean.

"Eskuin muturra hemen egotea Merkel andereari zor diogu", esan du Carsten Schneider. Gero AFDren txanda izan da, eta Goering ekarri du gogora Bernd Baumann diputatuak: "Gobernuko alderdiek AFD baztertu nahi dute, Goeringek 1933an bereak baztertu nahi izan zituen moduan". Jan Korte Die Linke ezkerreko alderdiko diputatuak argi eta garbi esan du: "Faxismoa itzuli da".

Angela Merkel buru den CDU/CSU koalizioak ditu agintaldi honetan eserleku gehien: 246. Horien ondoren Alderdi Sozialdemokrata (153), AFD (92), Alderdi Liberala (80), Ezkerra (69) eta Berdeak (67) dute ordezkaritza. Bi ordezkari independente ere badaude. Bataz besteko adina 49,4 urtekoa da, eta %30 besterik ez dira emakumezkoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.