Mandelaren itzalari esker, hegemoniko izaten jarraituko du ANCk Hegoafrikan

Botoen %63 inguru lortu ditu Kongresu Nazional Afrikarrak presidentetzarako hauteskundeetan

Xabin Makazaga.
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jacob Zuma presidentea ustelkeria auzitan nahasita, gobernuaren kontra eguneroko protestak oinarrizko zerbitzuen eskasiagatik, langabezia inoizko mailarik altuenean duela 20 urte apartheid-a eraitsi zutenetik, eta, hala ere, ANC Kongresu Nazional Afrikarrak botoen %63 inguru eskuratu ditu Hegoafrikako hauteskundeetan. Zumak berak duela bost urte bildutakoa baino hiru puntu gutxiago, eta Nelson Mandelarekin 1994an lortutako emaitzaren pare. Mandelak behinola iragarri zuen 2025. urtera arte jarraituko zuela agintean ANCk, eta motz geratzeko arriskuan da.

Asteazkenean, botoa emateko unean, «oso emaitza onak» espero zituela adierazi zuen Zumak; eta, botoen %70 zenbatuta, inkestarik onenak berdindu egin ditu ANCk. Arraza diskriminazioaren kontrako borroka gidatu zuten buruzagietan zentratu du hauteskunde kanpaina Kongresu Nazional Afrikarrak, bereziki Mandelaren itzalean —iazko abenduaren 5ean hil zen—, eta oraingoz hegemonia galtzeko arriskurik ez dutela argi geratu da. Egin ezazu Madibagatik. Eman botoa ANCri eta antzerako leloak erakutsi dituzte hauteskunde karteletan.

DA Aliantza Demokratikoaren gorakada izan da, inkesta guztiek aurreikusi zuten gisan, aldaketa nabarmenena. Helen Zille segregazioaren kontrako ekintzaile zuriak gidatuta —apartheid-aren pribilegioei eustearen aldekoa, hala ere, beltz askorentzat—, botoen %22 gainditu ditu Aliantza Demokratikoak: duela bost urte baino ia sei puntu gehiago.

Zuriak biztanleen %9 baizik ez diren herrialdean —mestizoak beste %9 eta indiarrak %2—, bistan da DAk beltzen artean ere lortu duela erakarmena. Bereziki, apartheid-aren ondoren diskriminazio positiboa bultzatu duten politikei esker finantza eta lanbide liberaletan erruz ugaritu diren diamante beltzen artean.

Zuma onartu ez eta duela bost urte Cope Herritarren Kongresura jo zuten boto-emaileetako asko —ANCtik bereizitako taldeak botoen %8 jaso zituen 2009an, baina barne borroketan desegin zen gero— Zilleren alderdira bildu dira orain. Diskriminazio positiboaren kontrako jarrera apaldu ostean, DAk emaitza txukunak lortu ditu: Mendebaldeko Lurmuturrean gehiengoari ondo eutsi dio —bederatzi probintzietako legebiltzarrak ere aukeratu zituzten atzo Hegoafrikan—, baina ez du ANCren nagusitasuna koloka jarri, inola ere.

Gautengen, Hegoafrikako motor ekonomikoa den probintzian —Johannesburgo eta Pretoria han daude— indar erakustaldia egin nahi zuen Aliantza Demokratikoak, baina ANCren botoen erdiak ere ez ditu eskuratu, lehen emaitzen arabera.

Urteotan Kongresu Nazional Afrikarraren babesa utzi duten buruzagien artean, Julius Malema ANCren gazte saileko arduradun ohiak oihartzun handia izan du kanpainan. EFF Askatasun Ekonomikoaren aldeko Borrokalariei botoen %10 arte ere eman zizkioten kanpaina hasieran inkestek, baina bozketa egunera %4 inguruko aurreikuspenekin iritsi ziren, eta hor nonbait geratu dira. Ekonomiaren sektore estrategikoak sailka nazionalizatu eta nekazari lurrak berriz banatzearen aldekoa, klase zuriaren amesgaizto bilakatu da Malema, iraultzaileen txapela gorria jantzita.

Botoa emateko erregistratutako 25 milioi hegoafrikarren artean, parte hartzea %72 izan da. Legebiltzarreko 400 diputatuak aukeratu dituzte boto-emaileek, eta hauek gero presidentea hautatuko dute: Jacob Zuma.

Etorkizun hurbilean ANCri itzal egingo dion indarrik ez da ageri, baina, Mandela gabeko lehen hauteskundeetan, apartheid garaian jaio gabeak ziren lehen gazteek eman dute botoa. ANCri ez hain lotuak, heren bat baizik ez zen erregistratu botoa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.