Manifestazio baketsu batean hainbat lagun hil ditu Poliziak tiroz, Sirian

Ehunka preso politiko aske utzi dituzte; zigorraren hiru laurdenak beteta dituzte horietako askok

Erredakzioa
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Protestek ez dute etenik Sirian. Segurtasun indarrek hogei lagun inguru tiroz hil zituzten egunaren biharamunean, atzo, oposizioko kideek kalera jo zuten, berriz ere, presidentea kanporatzea eskatzeko. Latakia hirian hainbat ezezagunek eta segurtasun indarrek tiro egin zuten manifestazio baketsu batean parte hartzen ari zirenen aurka eta, gutxienez, lau lagun hil zituzten.

Ostiraleko liskarretan hildako beste lagun baten hileta manifestazio jendetsu bilakatu zen Daratik gertu dagoen Tafas herrian. Hainbat lagunek agintean dagoen Baaz alderdiaren egoitza bat eta polizia etxe bat erre zituzten. Daran, Bashar al Assad presidentearen aurkako protesten ikur bilakatu den hirian, jendetza bildu zen atzo ere erregimena deuseztatzeko exijitzeko. Horrez gain, Damaskotik gertu dagoen Sajdnaja presondegiko 260 preso politiko inguru aske utzi dituzte. Gehienek zigorraren hiru laurdenak beteta dituzte. Giza eskubideen ekintzaile batek azaldu du aske geratzeko eskubidea dutela, baina agintariek eskubide hori oso gutxitan aitortzen dietela.

Gobernuaren neurriak

Assad presidenteak hainbat neurri iragarri ditu giroa baretzeko. Funtzionarioen soldata igotzeko dekretu bat onartu berri du, batetik; eta, bestetik, zergak jaisteko agindu du. Langileen diru sarrerak hobetu nahi dituztela azaldu du Assaden Finantza ministroak.

Protestak lehertzearekin bat, erreformak egingo zituela iragarri zuen Assadek. Besteak beste, 1962tik indarrean dagoen eta manifestazio publikoak egitea debekatzen duen larrialdi legea indargabetuko zuela hitzeman zuen. Iragarpen horiek, dena den, ez dute herrialdeko giroa lasaitu. Herenegun, segurtasun indarrek tiro egin zieten manifestariei Sanamein hirian eta hogei lagun inguru hil zituzten. Asteazkenean, berriz, Daran, ehundik gora hil zituztela diote lekukoek.

Bestalde, Jaled Yacub Aweis Reuters berri agentziako Damaskoko zuzendaria herrialdetik kanporatu zuten ostiralean, «berri faltsuak zabaltzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.