Manifestaziora deitu dute ANCk, Omniumek, UGTk eta CCOOk, apirilaren 15erako

Espetxean diren ordezkari eta erreferente indenpendentistak aska ditzatela eskatzeko mobilizazioa izango da. Deitzaileek Demokrazia eta Elkarbizitza Gunea plataforma sortu dute, Kataluniako erakundeen eta eskubide zibil eta politikoen defentsarako.

2018ko martxoaren 27a
07:08
Entzun

Demokrazia eta Elkarbizitza Gunea plataforma aurkeztu dute gaur Kataluniako bi sindikatu nagusi UGTk eta CCOOk, eta ANC eta Omnium elkarte subiranistek, beste hainbat eragilerekin batera. Plataformak Kataluniako erakundeen defentsa, elkabizitza, gizarte kohesioa eta eskubide zibil eta politikoen babesa ditu xede. Aurkezpen egunean, plataformak antolatutako lehen ekintzaren berri eman dute: manifestaziora deitu dute apirilaren 15erako, espetxean diren ordezkari eta erreferente independentistak aske utz ditzatela galdegiteko. Hain zuzen, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak espetxean sei hilabete egin bezperan izango da manifestazioa; Bartzelonan, Gracia pasealekuan, 11:00etan hasita.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Espainiaren "errepresioari" aurre egiteko "fronte bateratua" eratzea proposatu eta egun gutxira aurkeztu du plataformak bere burua. Gizarte antolatuan ez ezik, erakundeetan ere eskubide eta autogobernuaren defentsarako batasuna gauzatzea nahiko lukeela adierazi zuen Torrentek.

Demokrazia eta Elkarbizitza Guneko kideek garrantzia eman diote "zeharkako" akordioak lortzeari. Ildo horretan, gogora ekarri du 2010eko uztailean Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren aurka argitaratu zuen sententziari erantzuteko egin zen manifestazioa. Eredugarri aurkeztu dute; beharrezko jo duten erantzun bateratuaren adibide. Era berean, 1971n frankismoari aurre egiteko sortu zen Kataluniako Asanblearen "izpritiua" aldarrikatu dute, erekundeen, oinarrizko eskubideen eta "herri kataluniarrak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen" defentsan.

Camil Ros Kataluniako UGTko idazkari nagusiaren esanetan, ez dira "epaiketak eta sententziak" behar, "akordio politikoak" baizik.

Javier Pacheco CCOOko idazkari nagusiak "irtenbide desberdinak" bilatzeko beharra nabarmendu du, Kataluniako auzia konpontzeko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.