Marokok armada bidali du sahararren blokeoa desegitera

Fronte Polisarioak NBEri ohartarazi dio Rabatek su-etena urratu duela. Mendebaldeko Saharako manifestariek Guerguerateko errepidea itxit dute hiru astez, erreferendum bat exijitzeko

Manifestari sahararrak, joan den urriaren 21ean, Guergueraten, Mendebaldeko Sahararen eta Mauritaniaren arteko mugako errepidea ixten. LIAM BACHIR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko tentsioak gora egin du Guergueraten, herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan. Rabatek armada bidali zuen atzo eskualde desmilitarizatu horretara, dozenaka manifestari sahararrek urriaren 21ean ezarri zuten garraio blokeoa desegitera. Protestan, inguruko errepide bakarra trabatu zuten, egunean ehun kamioik baino gehiagok zeharkatu ohi dutena.

Marokoko Atzerri Ministerioaren iritziz, estatuak «beharrezko denbora tartea» eman die NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari eta Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioari blokeoa desegiteko. Horien ahaleginak ezerezean gelditu direla adierazi du, eta, beraz, neurriak hartzea erabaki duela, «nazioarteko legediarekin bat».

Marokoko Gobernuaren esanetan, armadak ez du eraso egiteko asmorik. «Helburua da herritar zibilekiko kontaktu oro saihestea, eta armak ez erabiltzea defentsa zilegirako ez bada». Errepide mozketa Fronte Polisarioaren «probokazio larri eta onartezina» dela salatu du. Hori dela eta, Marokoko armadak korridore bat zabalduko duela iragarri du, kamioien eta gainerako garraioen joan-etorria ahalbidetzeko.

Bere buruaren defentsan jarduteko eskubidea aldarrikatu du Fronte Polisarioak ere, eta «erasoari erantzuten hasi» dela jakinarazi zuen atzo, ohar bidez. Brahim Ghali Polisarioko buruak eskutitz bat idatzi zion, bestalde, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiari. «Marokoko indarren operazio militarra su-etenaren kontrako erasoa eta urratze argia da. Nazio Batuek eta Segurtasun Kontseiluak irmoki gaitzetsi beharko lukete».

Fronte Polisarioak Marokoko armada Guergueraten sartu zela salatu zuen joan den astelehenean, eta Marokok eraso eginez gero su-etena arriskuan legokeela ohartarazi zuen. «Era baketsuan» protestan ari ziren manifestariei «eraso» eginda, Rabati egotzi zion horrek ekar ditzakeen «ondorio arriskutsuen ardura».

Manifestari sahararrek orain hiru aste hasi zuten blokeoa legez kanpokotzat jotzen duten Guerguerateko igarobidean, Minursori Mendebaldeko Sahararako autodeterminazio erreferendum bat antolatu dezala eskatzeko. NBEren misioa 1991n eratu zen helburu horrekin eta su-etena zaintzeko egitekoarekin.

Mendebaldeko Saharak eta Marokok urte berean sinatu zuten su-etenaren arabera, bi herrialdeek debekatua dute Guerguerateko eskualdean militarrak sartzea. Itun hori urratzea leporatu diote hainbatetan batak besteari.

Misioaren berritzea

NBEren Segurtasun Kontseiluak Mendebaldeko Sahararako misioa berritu baino egun batzuk lehenago hasi zuten blokeoa sahararrek. Urriaren 30ean onartu zuen kontseiluak misioaren luzapena, AEBek aurkeztu zuen proposamen batekin. Ebazpenak bi abstentzio jaso zituen: Errusiarena eta Hego Afrikarena. Errusiaren iritziz, ez dio nahikoa pisu aitortzen herrialde okupatuaren autodeterminazio eskubideari. Washingtonek eta Berlinek, berriz, Mendebaldeko Sahararako NBEren ordezkari bat izendatzeko beharra nabarmendu zuten, haren hutsuneak aurrerapauso politikoak zailtzen dituelakoan.

Horst Koler NBEren Sahararako aurreko ordezkariak dimisioa aurkeztu zuen iazko maiatzean, osasun arrazoiengatik. 2017ko abuztuan hartu zuen kargua, eta bi elkarrizketa mahai antolatu zituen, 2018ko abenduan eta iazko martxoan, Fronte Polisarioko, Marokoko, Aljeriako eta Mauritaniako ordezkariekin. Hain justu, Minursoren luzatzeak Kolerren lanari jarraipena emateko helburua izan behar duela esan zuten Segurtasun Kontseiluko hainbat kidek.

Fronte Polisarioak bere egitekoa amaitzeko exijitzen dio Minursori: autodeterminazio erreferendum bat antolatu dezala. Marokok, berriz, eskualde autonomo bat eratzea proposatzen du, eta Etxe Zuriaren babesa izan du horretan. Segurtasun Kontseiluan, proposamen «serioa, sinesgarria eta errealista» zela adierazi zuen AEBen ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.