Ikerlaria

Gaici Nah Baxir: «Marokok zibil sahararren kontrako eraso selektiboak egin ditu droneekin»

SMACO erakundeko operazioburuaren hitzetan, Maroko nazioarteko zuzenbidea urratzen ari da argi eta garbi: «Gizateriaren kontrako krimenak dira, eta isilarazi egiten dituzte»

Gaici Nah Baxir, Euskal Herrira egindako bisita batean. JON URBE / FOKU
Gaici Nah Baxir, Euskal Herrira egindako bisita batean. JON URBE / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
2026ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaici Nah Baxir (Taganet, Mauritania, 1970) basamortuan jaio zen, «saharar gehienak bezala». Ikerlaria da, SMACO Minen Arloko Jarduerak Koordinatzeko Saharako Bulegoko operazioburua, eta gerrak zibilengan dituen ondorioen inguruko txostena argitaratzen du urtero. ELDHk txosten horren datuak jaso ditu.

2020ko azaroan gerra abiatu zenetik droneekin egindako erasoak ugaritu egin direla salatu duzue. Zer datu dituzue?

135 eraso dokumentatu ditugu. Gerrak jada 160 biktima zibil eragin ditu, hildakoak eta zaurituak kontatuta. Zehaztu behar da guk zibilen kontrako erasoak bakarrik ikertzen ditugula, ez militarren kontrakoak. 

Marokok erabiltzen dituen droneek zenbateraino eraldatu dute gerra?

Droneen erabilera berritasun bat da gerra modernoetan. Punta-puntako teknologiek zeharo aldatu dituzte gaur egungo gerrak. Lehen, arma baten balioa arma zeraman pertsonaren balioa zen, aurrez aurre borrokatzen zen, baina, gaur egun, drone bat manipulatzen ari denak ez du inolako arriskurik hartzen; gela batean dago, akaso kafe bat hartzen edo pelikula bat ikusten, eta, aldi berean, ehunka kilometrora dagoen pertsona bat hiltzen.

Mauritaniako mugaraino heldu dira droneak...

Marokok harresitik ehun kilometrora egin ditu erasoak droneekin. Horrek esan nahi du biktima horiek ez zirela inondik inora arriskutsuak haren armadarentzat; beraz, agerian geratu da eraso horien helburua ez zela militarra, politikoa baizik. Marokok zibil sahararren kontrako eraso selektiboak egin ditu droneekin. Mauritania eta Aljeriako mugatik gertu ere egin dituzte eraso horiek.

Nomadak ziren, ezta?

Gehienak bai. Ez dut ahaztuko emakume nomada batek kontatu zidana. 1975eko gerraren ondorioz lurralde liberatuetara joan zen, eta bertan egon da orduz geroztik. Orain errefuxiatuen kanpamentuetan babestu behar izan du, bizimodua erabat aldatuz. Beste exilio bat da; 30.000-40.000 nomadak ihes egin behar izan dute lurralde liberatuetatik droneengatik. Dena utzi behar izan dute atzean. Ihes egiten ari zirela ere eraso egin diete. Familia batek kontatu zigun 62 abelburu galdu zituztela...

Txostenean munizio termobarikoen erabilera aipatzen duzue. Zer dira munizio hauek?

Munizio termobarikoak, beren arriskuagatik, masako suntsipen bonbekin alderatzen dira. Arma ez-nuklear indartsuenak dira. Aireko oxigenoa erabiltzen dute leherketa indartsu bat sortzeko. Bi karga dituzte. Lehenengo kargak erregai hautsa edo gasa banatzen du airean. Bigarren kargak nahasketa hori leherrarazten du su hodei erraldoi bat sortuz. Horregatik, biktimen artean gorputz guztiz kiskaliak aurkitu dira...

Marokok Israeli erosten dizkio droneak?

Marokok drone mota ezberdinak erabiltzen ditu: Txinari, AEBei, Turkiari eta Israeli erosten dizkio. Azken horrekin duen aliantzari esker, orain herrialdean bertan ekoizten ari da droneak: Spy X, Wonder B, Thunder B...

Droneen erabilerak nazioarteko legedia urratzea dakarrela salatu duzue txostenean.

Hala da. Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa oso argia da helburu militarrak eta zibilak bereizten. Genevako Konbentzioa ere urratzen ari dira. Biktimak laguntzera doazen zibilak ere bonbardatu dituzte. Mauritaniako mugan 23 egun lurperatu gabe egon zen gizon baten kasua jaso dugu. Gizateriaren kontrako krimenak dira, eta isilarazi egiten dituzte. 

Isilarazitako gerra bat da.

Mediatikoki hala da, biktima zibil ugari dagoen arren. Aurreneko gerran, hamasei urtez luzatu zen gerra hartan, ez ziren izan gerra honetan eragin dituzten biktima zibilen %10 ere.

Gerraren eraginez ezin dituzue minak desaktibatu...

Eremu askotan ezin gara sartu. Hamalau urtez lurralde liberatuetako eremu zabal batean aritu gara, baina gaur egun eremu horiek ez dira seguruak. Oso eremu txikietan ari gara, betiere Fronte Polisarioaren eta Minursoren baimenarekin. Hala ere, gauza bat nabarmendu nahi dut. Errefuxiatuen kanpamentuetako emakume batzuek 700 kilometro egiten dituzte, gerra betean, lurralde liberatuetako mina zelaiak garbitzeko. Lurralde hori gurea dela esateko modu bat da, eremu hori sahararrena dela esateko, hara itzuliko garela esateko modu bat.

Itxaropenari eusteko modu bat da.

Bai. Marokok gau eta egun eutsi nahi dio okupazioari; droneekin, harresiekin, minekin... Nik dakidala ez dago beste herririk okupatua izan dena, harresi batez zatitua izan dena, eta napalmarekin, fosforo zuriarekin eta droneekin erasotua izan dena. Ez dago lau krimen horiek aldi berean jasan dituen herririk, baina herri sahararrak zutik dirau. Irakasle batek esan zuen bezala, Mendebaldeko Sahara okupatuta dago, baina ez konkistatuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA