Martinika eta Guyana Frantsesa, autonomia bila

Haien estatusa aldatzeko erreferenduma egingo dute Frantziaren menpeko bi departamenduetan urtarrilaren 17an

arantxa elizegi egilegor
2009ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Frantziako Errepublikatik milaka kilometrora dauden arren, Parisen politiken menpe daude, eta egoera hori ez da aldatuko, oraingoz behintzat. Hala ere, Martinikak eta Guyana Frantsesak aukera izango dute datorren urtean lotzen dituzten sokak apur bat lasaitu eta autonomia gehiago eskuratzeko. Urtarrilaren 17an egingo dute autonomiari buruzko erreferenduma itsasoz haraindiko bi departamendu horietan. Dena den, inork bestelakorik pentsa ez dezan, argi utzi du Nicolas Sarkozyren gobernuak galdeketa ez dela «inola ere» independentziarako pausoa. «Kontsultak demokratikoak eta gardenak izango diren esperantza du presidenteak. Eta gogorarazi du eskualde horiek Errepublikako kide izaten jarraituko dutela, galdeketaren ostean hartzen diren erabakiak hartzen direla ere», ohartarazi du Parisek komunikatu baten bidez.

Urte hasieran Martinikan eta Guadalupen izandako protesten harira etorri da erabakia. Itsasoz haraindiko departamentuek jasaten duten garapen eza salatzeko hasi zituzten orduan protestak, izan ere, horrek bizimoduaren garestitzea eragin du. Guyana Frantseseko Eskualde Kontseiluko buru Antonio Karamen iritziz, gerta litekeen okerrena da egoerak bere horretan jarraitzea. «Guyanan aspalditik eskatzen ari garen zerbaiten inguruan erabaki dezake orain herriak».

Bigarren aukera

Frantziako Gobernuak, hala ere, ez du baztertzen autonomia galdeketa ezezkoak irabazteko aukera, eta kasu horretan bigarren erreferendum bat egingo litzateke urtarrilaren 24an. Bertan herritarrei galdetuko zaie ea nahi duten bi departamentuak kolektibitate bakarrean bat egitea. Azken horrek bere gain hartuko lituzke egun Eskualde Kontseiluaren eta Kontseilu Orokorraren artean banatzen diren eskumenak.

Bestalde, Martinikan eta Guadalupen manifestazioak egin dituzte beste behin aste honetan. LKP Elkarrekin Espekulazioaren Aurka erakundeak deituta 6.000 bat lagun bildu ziren astelehenean Pointe-a-Pitre hirian, Guadalupeko administrazio hiriburuan, erregaien prezioak izozteko eta langileen eskubideak bermatzeko eskatzeko. LKP mugimenduko kide Elie Domotak ohartarazi zuen protestek jarraitu egingo dutela datozen egunetan. Bide beretik, Martinikan, K5F Otsailaren 5eko Kolektibitateak antolatutako manifestazioan 800 bat pertsona bildu ziren.

Bi departamentu horietan ekonomiak nabarmen egin du okerrera urte hasieratik. Etxegintza, esaterako, %50 jaitsi da, eta turismoa ia erabat gelditu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.