Mundua

Martti Ahtisaari Finlandiako presidente ohi eta Kosovoko gatazkako bitartekariarentzat Bakearen Nobel saria

Kosovon ez ezik, lan diplomatiko handia egin du beste zenbait herrialde eta gatazkatan, hala nola, Namibiaren independentzia prozesuan, Bosniako gerran zein IRAren desarmatzean.

2008ko urriaren 10a
15:22
Entzun

Marti Ahtisaari (Vyborg, Kareliako Errepublika, 1934) politikari eta diplomatiko finlandiarrak jasoko du aurten Bakearen Nobel Saria. Hala erabaki du Osloko Nobel Batzordeak, "Athisaarik hiru hamarkadatan hainbat kontinentetan gatazkak konpontzeko egindako ahalegina saritzeko".

Izan ere, diplomaziarekin eta politikarekin lotuta ibili da bizi guztian Ahtisaari,1965ean Finlandiako Atzerri Ministerioan lanean hasi zenetik. Tanzaniako enbaxadore eta Zambian, Somalian eta Mozambiken Finlandiaren ordezkari izan zen aurrena, eta 1977an NBE Nazio Batuen Erakundeko funtzionario egin zen. Hain zuzen ere, erakunde horren ordezkari izan zen Namibian, eta horren haritik, herrialde horren independentzia prozesuan bitartekari nagusietako bat izan zen.

1990ean, Namibiaren independentzia gauzatuta, NBEko lana utzi eta Finlandiara itzuli zen Esko Ahoren Gobernuan Atzerri Ministerioaren ardura hartzeko. 1993an, kargu horretan zela, bitartekari izan zen Bosniako gerran.

1994an, berriz, SPD alderdi sozialdemokrataren hautagaia izan zen Finlandiako presidentetzarako, eta hauteskundeak irabazi zituen. 2000 bitartean izan zen Finlandiako presidente, eta, besteak beste, herrialde hori Europako Batasunean sartzea bultzatu zuen.

1999an itzuli zen nazioarteko politikara, Kosovoko gatazkaren harira. NATOren bonbardaketak gerarazteko bitartekarietako bat izan zen, eta gerora, NBEren Kosovorako ordezkaria izan zen. Halaber, 2000. urtean IRAren desarmea ikuskatzeko batzordeko kide izendatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.