Efe albiste agentziak zabaldu duenez, bihar aurkeztuko ditu fiskalak kereilak, azaroaren 9ko galdeketa burura eramanda Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak eta hiru kontseilarik izan ditzaketen ardura penalengatik. La Razón egunkariak gaurko papereko edizioan argitaratu duenez, Joana Ortega presidenteordea, Ramon Espadaler Barne kontseilaria eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria dira salatutakoak.
Kontsultarako egoitza publikoak erabiltzea delitua ote den argitu nahi du fiskalak. Horretarako, igandean bertan Mossos d'Esquadra polizia autonomikoari eskatu zion bozkatzeko ireki zituzten egoitza publikoen zerrenda helarazteko. Gainera, egoitza bakoitzaren arduraduna, kontsulta egiteko baimena eman duena, identifikatzeko agindu zien. Unipost etxearekin ere harremanetan jarri da. Galdeketarako materiala garraiatu eta propaganda banatu du enpresak. Sinatutako kontratuak eta fakturak erakusteko eskatu dio.