Mauritanian bozak egingo dituzte gaur, estatu kolpeak sortutako krisia amaitzeko

Bederatzi hautagai lehiatuko dira, tartean Mohamed Uld Abdelaziz jeneral kolpista izandakoa

2009ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Orain dela ia urtebete emandako estatu kolpeak sortutako egoera politiko nahasiari buelta emateko, presidentetzarako bozak egingo dituzte gaur Mauritanian. Kargurako lehiatuko diren bederatzi hautagaien artean Mauia Uld Taya presidentea agintetik bota zuen Mohamed Uld Abdelaziz jeneral kolpista ohia dago. Bestalde, herrialdeko Hauteskunde Batzorde Independenteak ez ezik, atzerriko 320 begiralek ere gertutik jarraituko dituzte bozak.

«Hauteskundeak normal egin daitezen baldintza egokiak bermatu ditugu», adierazi du Mauritaniarako nazioarteko begiraleen taldeko buru Mahamat Sale Annadifek. Krisi politikoari irtenbidea emateko sortutako batzordeko buru izan zen Sale Annadif-militarrek iazko agorrilaren 6an eman zuten estatu kolpea-. Eta batzorde horri esker lortu zuten krisi politikoa gainditzea, indar politikoak ados jarrita. Horren ostean, batasun nazionaleko gobernua eratu zuten, eta, hain zuzen, gobernu horrek hartutako lehenengo erabakietako bat gaurko presidentetzarako bozak antolatzea izan da.

Mauritaniako alderdi politikoen ordezkariekin bildu da orain dela gutxi Mahamat Sale Annadifek, hauteskunde eguna iskanbilarik gabe igaroko dela bermatzeko: «Hauteskundeetan konfiantza eduki dezaten eskatu diet, baita boz hauek gardenak eta baketsuak izan daitezen ahaleginak oro egin ditzaten ere». Giroa, baina, ez da horren lasaia, oposizioko hainbat kidek hauteskunde iruzurra gertatzeko arriskuaz ohartarazi baitute.

Dena dela, Mahamat Sale Annadifek lasaitasun deia egin diekezka agertu dutenei: «Inork iruzur egin duela frogatzen bada, emaitzak errekurritzeko bideak martxan jarriko ditugu. Horretarako, Mauritania osoan zabalduta dauden nazioarte begiratzaileen laguntza izango dugu».

Kanpainako giroa, gori

Herenegun arratsean amaitu zen kanpaina; kargua eskuratzeko lehiatuko direnen artean giroa ez da lasaia izan. Abdelaziz jeneral ohiak aurreko presidentearekin «eskuz esku jardutea» leporatu die oposizioko hainbat kideri. Hala, oposizioak irabaziz gero, presidente izandakoari agintera bueltatzeko bidea zabalduko liokete. Mauia Uld Taya Qatar, baina, erbestean da. Estatu kolpearen aldekoek diote armadak herrialdetik kanporatu egin behar izan zuela, orduko gobernuaren «kudeaketa tamalgarria» eta «dirua xahutzea» amaitzeko.

«Mohamed Uld Abdelaziz ez da modu demokratiko batean inoiz Mauritaniako presidente izango, herritarrek ondo dakitelako herrialdea porrotera eramango lukeela», adierazi du bere aldetik Estatu kolpearen kontrako Frontearen hautagai Messaud Uld Bulkheirrek. Haatik, iruzurrik ez dela izan frogatuz gero emaitzak onartuko dituela gaineratudu.

Ahmed Uld Dadda da faborito gaur egitekoak dituzte hauteskundeetan. Eta garaile irteten bada, «batasun nazionaleko gobernua» eratuko duela agindu du. Gobernu horretan, halaber, Abdelazizen jarraitzaileek tokia izango dutela adierazi du. Dadda oposizioko talde parlamentario nagusiko kide da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.