mundua

McCain Libian da errebeldeekin, eta Sarkozy ere joango da

Bengazin da gaur estatubatuar senatari errepublikarra. Libian duela hilabete batzuk protestak hasi zirenetik, harena izan da AEBetako politikari baten bisitarik garrantzitsuena.

2011ko apirilaren 22a
11:50
Entzun

John McCain AEBetako senatari errepublikarra eta 2008ko presidentzia hauteskundeetan Barack Obamaren kontrarioa izandakoa Libiara iritsi da, Bengazira, Muammar Gaddafi agintariaren aurkako matxinatuekin hitz egiteko. "Libiako egoeraren berri" izateko joan da hara McCain. Dena dela, lehendik agertu izan du AEBen parte-hartze militar aktiboagoaren alde dagoela, Gaddafi boteretik kentzeko.

"Errebeldeak dira nire heroiak", esan du senatariak, bilera baten ostean. Segurtasun neurri handiak erabili dituzte haren bisitan. Libian duela hilabete batzuk protestak hasi zirenetik, McCainena izan da AEBetako politikari baten bisitarik garrantzitsuena.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ere Libiara joateko asmoa du, Bengazira, bera ere matxinatuekin egoteko. Bisita azkar bat izango da.

Lehen, hartu-emanak Gaddafirekin

McCainen alderdia AEBetako Gobernuan zegoenean —George Bush zela presidente—, Gaddafirekin harremanak hobetzen joan zen 2004tik, eta 2008ko irailean Condoleezza Rice diplomaziaburua Tripolira joan zen. 55 urte ziren AEBetako Estatu idazkaririk ez zela Libian izan. Rice Tripolira iritsi aurretik, Gadafik ohar batzuk egin zituen. AEBekin harremanak hobetzearen garrantzia nabarmendu zuen, baina mugak jarrita: "AEBekin gatazkan jarraitzeak ez du onurarik,baina haien menpe jartzeak ere ez; bakean utz gaitzatela da nahi duguna".

2009ko abuztuan Gaddafiren bildu zen McCain bera, Libiako hiriburuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.