Ikertzailea

Siddharth Kara: «Meatzaritza probintzietara zoazenean, apokalipsi batean sartzea bezala da»

Mendebaldearen beharrak asetzeko kobaltoaren meatzaritza Kongoko Errepublika Demokratikoan nolako kaltea egiten ari den ikertu du Siddhart Karak.

Ehunka artisau meatzari, Kongoko meatze batean kobaltodun lurrezko zakuak ateratzen. SIDDHARTH KARA
Ehunka artisau meatzari, Kongoko meatze batean kobaltodun lurrezko zakuak ateratzen. SIDDHARTH KARA
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

Hainbat bidaia egin ditu Siddharth Kara ikertzaileak (Knoxville, AEBak, 1974) Kongoko Errepublika Demokratikora, kobaltoaren meatzaritzaren inguruan ikertzeko. Kobalto gorria liburua idatzi du hango kontakizunekin. Mendebaldeko trantsizio energetikorako beharrezko minerala da kobaltoa, baina Kongon inpaktu sozial eta ekologiko handia du metal hori lortzeko sukarrak.

Liburuaren goiburua irakurrita, Odolezko diamantea filma etortzen da burura. Drama alde batera utzita, uste duzu harremana dagoela bien artean?

Ondorio berera eramaten duten antzeko indarrak daude bi kasuetan: Iparralde Globalarentzat balio handia duen zerbait dago Afrikako lurrean, pobrezia izugarrizkoa den lekuetan. Afrikaz kanpoko botere indartsuek altxor horiek eskatzen dituzte, eta horiek eskuratzeko indar biolento, zapaltzaile eta degradatzaileak pizten dituzte.

Antzeko dinamikak daude, baina uste dut kobaltoa eta diamanteak ezberdinak direla aspektu garrantzitsu batzuetan. Jende gehienak ez ditu diamanteak erosten, eta egiten badute bizitzan behin egiten dute, baina zuk, nik eta beste jende askok ezin dugu 24 orduz funtzionatu kobaltorik gabe, mineral hori gure bateria kargagarri guztietan baitago. Era batean bada Odolezko diamantea-ren antzekoa, baina milaka aldiz areagotuta.

Afrika oso aberatsa da lehengaietan, baina hori ez da bertako biztanleriaren aberastasunean eta ongizatean bihurtzen gehienetan. Kobaltoa horietako bat da. Noiz hartu du horrenbesteko garrantzia?

Europarrak Afrikara iritsi zirenetik, baliabide horiek arpilatu zituzten azken mendeetan industria garapena indartzeko. Baliabide horiek, urrea, nikela, litioa, diamantea eta kobaltoa, adibidez, milioika urtez egon dira lurrean, baina munduko ekonomia da batari edo besteari balioa eman diona, eta oraintxe bertan kobaltoa oso baliotsua da, funtsezko lehengaia baita gaur egungo bateria kargagarri gehienetan.

Edozein sakelakok, edozein ordenagailu eramangarrik, eta batez ere konbustio motordun autoetatik auto elektrikoetarako trantsizioak, kobalto kantitate erraldoia behar du. Beraz, orain kobaltoa da lehentasunezko lehengai baliotsu hori, eta batez ere Iparralde Globalak behar du. Eta munduko kobaltoaren erdia Kongoko Errepublika Demokratikoko izkina txiki bateko lurrean dago, eta horrek berak piztu du kobaltoa lortzeko norgehiagoka biolento eta suntsitzaile hori Kongon.

Nola bizi dira Kongoko artisau meatzariak?

Askotan egon naiz Kongon, eta hilabeteak pasatu ditut han. Kobaltoaren bila zulatzen dabiltzan kongoarren baldintzak deskribatzeko modu onena da kolonien garaira itzuli direla esatea. Haien existentzia ez-gizatiarra ozta-ozta pasatzen dute lan baldintza umiliagarri eta arriskutsuetan, zentimoko ordainsarien truke ekoizpen katea kobaltoz asetzeko.

Iparralde Globalean artisau meatzaritzaz eta industrialaz aritzen dira, eta teknologia enpresek eta auto elektrikoen enpresek esaten dute euren hornidura katean giza eskubideak errespetatzen direla. Baina bertara joatean konturatzen zara esaten dutena fikzioa dela.

Katearen oinarria oso informala da, eta kobalto guztia azkenean pilatu egiten da tratamendu plantetan. Aipatzen dituzten bi kategoria horien arteko bereizketarik ez dago, baina, noski, teknologia enpresek ez dute nahi herritarrek hori jakiterik, edo ez dute onartu nahi, horrek arazo larriak eragingo lizkieke eta.

«Munduko kobaltoaren erdia Kongoko Errepublika Demokratikoko izkina txiki bateko lurrean dago, eta horrek berak piztu du kobaltoa lortzeko norgehiagoka biolento eta suntsitzaile hori Kongon»

Askotan errepikatzen duzu hori zure lanean, hornidura katea ez dagoela enpresek dioten bezain garbi.

Ez, ez dago, kobaltoaren hornidura katearen oinarria ekonomia informala delako. Ez dago gardentasunik, ez da ezer behatzen, ezta ikuskatzen ere. Hornidura katea ikuskatzen dutela dioten baieztapenak kontsumitzaileak eta haien kontzientziak lasaitzeko egiten dira, eta erosten jarraitzeko eta sakelakoak hobetzeko motibatzen dituzte, giza eskubideez eta biolentziaz arduratu gabe.

Zenbat irabazten dute artisau meatzariek? Eta zenbateraino arriskatzen dute bizitza kobaltoa eskuratzeko?

Umeek egunean euro bat baino gutxiago irabazten dute, eta helduek, bat edo bi, eta zorteko badira, hiru euro, lan gogor baten ostean. Kobaltoa toxikoa da ukitzeko eta arnasteko, eta umeak bertan ibiltzen dira; amek bizkarrean dituzte lotuak haurrak, amak eta aitak bertan ibiltzen dira, eta denek egunero kutsadura toxikoari egiten diote aurre. Mota askotako lesioak jasaten dituzte, eta luzera begirako eraginak ere badaude, metal astunen toxikotasunaren ondoriozkoak gehienak.

Zure ustez zer erantzukizun dute teknologia konpainiek eta auto elektrikoen enpresek Kongoko egoeran?

Erantzukizun guztia dute, haien hornidura katea baita. Kobaltoaren sukarrak eragiten duen guztia existitzen da teknologia enpresek eta auto elektrikoen ekoizleek kobalto eskari itzela dutelako. Kate horren azpian gertatzen diren gauza txar guztiak katearen goiko partearen eskariagatik gertatzen dira, baina ez dute onartzen.

«Kobaltoa toxikoa da ukitzeko eta arnasteko, eta umeak bertan ibiltzen dira; amek bizkarrean dituzte lotuak haurrak, amak eta aitak bertan ibiltzen dira, eta denek egunero kutsadura toxikoari egiten diote aurre»

Eta trantsizio hori zuzentzen ari diren gobernuek?

Horixe erantzukizuna dutela. Enpresak kobaltodun trepetak eta autoak ari dira saltzen, baina lehia hau gobernuen politikek anplifikatu dute, auto elektrikorako trantsizioa bultzatzen ari baitira sortzen duten kalteari begiratu gabe. Eta Mendebaldeko herrialde batek gaiarekin lotutako lege bat onartzen duen bakoitzean presio bat sortzen du kobalto eskariaren eta eskaintzaren orekan.

Europan ados jarri dira lan behartuaren bidezko produktuen inportazioa debekatzeko, baina Txinako probintzia batzuetako salgaietan jarri da arreta. Kobaltoak ez luke zerrenda horretan egon behar?

Kongon ez dago umeen lanaren edo lan behartuaren ondorioz erauzi ez den kobaltorik. Eta Kongon ekoizten dira munduko kobaltoaren bi heren. Hori dela eta, bateria bat duen edozer gauza inportatzeak debekatua behar luke. Enpresek mekanismoak dituzte esateko euren hornidura katea garbi dagoela, baina orduan nora doa kobalto hori ez badago Appleren, Teslaren, Volkswagenen eta BMWren katean?

«Hauteskunde demokratiko batzuetan hautatua izan zen Patrice Lumumba, eta Kongoko baliabideak kongoarren onurarako izatea nahi zuela esan zuen. Horregatik hil zuten Belgikak, AEBek eta Nazio Batuek»

Zer uste duzu pasatuko litzaiokeela meatzeak nazionalizatzeko eta katearen lehen mailak arautzeko erabakia hartuko lukeen Kongoko presidente bati?

Ziurrenik akabatu egingo lukete, Patrice Lumumba erail zuten moduan. Hauteskunde demokratiko batzuetan hautatua izan zen hura, eta Kongoko baliabideak kongoarren onurarako izatea nahi zuela esan zuen. Baina independentzia lortzeak ez zuen esan nahi alde batera utziko zutenik indar kolonizatzaileek Kongoko altxorren gainean zuten interesa. Horregatik hil zuten Belgikak, AEBek eta Nazio Batuek Lumumba.

Egun batean, kongoar batek, Reinek, esan zizun negar egingo zenuela meatzaritza enpresek Kongoko basoei eta errekei egindakoa ikustean. Hala izan al zen?

Meatzaritza probintzietara zoazenean, apokalipsi batean sartzea bezala da. Imajinatu zure hiritik landa eremura joatea, eta ikustea zuhaitz guztiak moztu dituztela, belar guztia joana dela, eta dena zikinkeria eta zuloak direla. Airea marroia da, begiek erre egiten dute, eta metal azidoen zaporea nabaritu dezakezu ahoan. Umeak kutsatuta daude, eta errekek apar zuria dute ertzetan. Negar egingo zenuke. Pentsatuko zenuke: zer egin diogu Lurrari? Zertarako?

Soslaia

SIDDHARTH KARA
SIDDHARTH KARA

  • Izena: Siddharth Kara.
  • Adina: 50 urte.
  • Jaioterria: Knoxville, AEBak.
  • Lanbidea: Idazlea eta ikertzailea.
  • Beste ezaugarri bat: Esklabotza modernoa ikertzeko hainbat bidaia egin ditu Kongoko Errepublika Demokratikora, Bosnia eta Herzegovinara, Indiara eta Bangladeshera, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.