Italian, kontuan hartuta erregimen demokratikoak indarrean daraman 81 urteko tartean 68 gobernu izan direla, egonkortasunak badu baliorik, eta Giorgia Melonik bere gain hartu du hura lortu izana. Irailaren hasieran, Italiako Gobernuaren gidaritza hartu duen lehenbiziko emakumeak 1.412 egun bete zituen agintean —irailaren 4an—, eta hala, Silvio Berlusconiren bigarren gobernuak iraupen aldetik ezarritako marka gainditu.
Meloniren gobernuak hainbertze iraun izanaren arrazoia zera da, 2022ko bozetan gehiengo izugarri handia eskuratu izana hauteskunde sistemari esker, eta oposizioko taldeak bereiz aurkeztu izana. Baina bertze zerbait ere bada Meloniren arrakastaren oinarrian: «Lotura ideologiko eta kultural sendo bat, hiru elementu uztartzen dituena: erretorika identitarioa, pragmatismoa, eta komunikazio politikoa baliatzeko abilezia, gobernuaren esperientzia egonkorra eta lasaigarria balitz bezala aurkezteko modua ematen duena». Halaxe azaldu dio BERRIAri Boloniako Unibertsitateko Fenomeno Politikoen Soziologiako irakasle Dario Tuortok.
Baina Italiaren historian izan diren gehiengoetan eskuinekoenaren liderrak ez du harrotzeko moduko lorpen handirik. Arrisku saria 233tik 80ra jautsi du, eta defizita %8,1etik %3,1era apaldu. Bertzalde, langabezia %5,6raino jautsi da, baina Italiako soldatak Europako apalenetakoak dira oraindik ere, osasungintza publikoak eta hezkuntzak okerrera egin dute, eta BPGak ez du goiti egiten. Gobernuaren egonkortasuna immobilismo politiko orokortuaren ondorio da, batez ere. Meloniren erreforma asmo guziek porrot egin dute, edo alde batera utzi dituzte: Auzitegi Konstituzionalak gibelera bota zuen Meloniren proiektu federalista 2024an, eta jada ez da aipatzen lehen ministroaren boterea handitzeko aukera; halaber, magistraturak blokeatu egin zuen milaka migratzaile Albaniako atxikitze zentro batera deportatzeko plana, legearen kontrakoa zela eta. Azkenik, sistema judizialaren erreformari ezezkoa eman zioten martxoan egindako erreferendumean.
Inkestetan, lehenbiziko indar gisa ageri da oraindik ere Meloniren alderdia —Italiako Anaiak alderdia, alegia—, boto asmoari dagokionez %27ko babesa bilduta, baina lehen ministroa beldur da, eskuin muturreko alderdi berri bat gero eta babes handiagoa eskuratzen ari baita: inkesten arabera, Etorkizun Nazionalak botoen %8 eskuratuko ditu, batez ere botoak Legari ebatsita, hau da, urteetan Italia iparraldearen independentzia defendatu zuen eta gerora Matteo Salvinik eskuin muturreko talde nazionalista italiar bilakatu zuen alderdiari; hain zuzen ere, Etorkizun Nazionala Legaren zatiketaren emaitza da, Roberto Vannacci armadako jeneral ohi eta alderdi horretako idazkariorde nagusi izandakoak otsailean sortua.
«Meloniren arrakastak hiru elementu uztartzen ditu: erretorika identitarioa, pragmatismoa, eta komunikazio politikoa baliatzeko abilezia»
DARIO TUORTOÂ Boloniako Unibertsitateko Fenomeno Politikoen Soziologiako irakasleaÂ
Severio Ferrari Eskuin Berrien inguruko Behatoki Demokratikoaren zuzendaria da, eta, haren erranetan, Vannacciren goraldia «kontraerran» baten ondorio da: «Izan ere, Italiako Anaiek eta Legak hitzeman zituzten politika chauvinista erradikalak, irabazteko modua eman zieten horiek, ez datoz bat gobernuaren jardunarekin, konformista izan baita eta leial izan baitzaie Europako Batzordeari, AEBei, NATOri eta finantza botere handiei. Etorkizun Nazionalak eskuin muturreko hautesle desengainatuak ditu jomuga, beren frustrazioa migrazioari eta eskubide zibilei egozten dieten horiek, alegia». Milango idazle eta kazetariak zera gaineratu du horren harira: «Etorkizun Nazionala Italiako faxismoaren eta neofaxismoaren jarraipen gisa sortu da, baina, aldi berean, haren arrakasta Europa guzian sendotzen ari den eskuineko olatu populistaren parte da; Espainian Vox dute, FPO Austrian, eta hortxe dira Demokrata Suediarrak eta Alemaniarentzako Alternatiba, zeinak Vannaccik inspirazio iturritzat hartu dituen bere programa osatzeko».
Meloni, preseski, eskatzen ari da agintean segitzeko aukera eman diezaiotela, modua izan dezan barneko eta kanpoko etsaiek ezartzen utzi ez dizkioten neurri horiek martxan paratzeko. «Biktimismoa Italiako Mugimendu Sozialaren garaian abiatutako tradizio historiko bat da», Tuortoren erranetan. «Italiako Mugimendu Soziala faxistek sortu zuten, gerraondoan —hartan du jatorria Italiako Anaiak talde politikoak ere—, eta, hain zuzen, hura hasi zen bere burua alderdi baztertu gisa hartzen, indar antifaxistek ezarritako babes hesiaren biktima gisa aurkezten. Gaur egun, biktimismoaz baliatzen dira oinarria bateratzeko etsaitzat hartzen diren indarren kontra, hala nola epaileen, botere ekonomikoaren, prentsaren, unibertsitateen eta kultur munduaren kontra, horiek guziek gobernuari porrot eginarazi nahi diotelakoan».
Vannaccik zer egin zain
Litekeena da hauteskundeak udaberrian egitea, eta Vannaccik zer eginen duen argitzeko dagoen honetan —eskuineko gainerako indarrekin aurkeztuko da, edo bakarrik?—, Meloni buru duen gehiengoa hamaikagarren aldiz ari da saiatzen hauteskunde erreforma bat onartzen, haren bidez berriz irabazteko eta Etorkizun Nazionalaren pisua apaltzeko.

Tuortoren arabera, «segurtasunaren defentsak» eta «immigrazioaren kontrako borrokak» garrantzi handia izanen dute hemendik aitzinera ere, «nahiz eta italiarrentzat gai horiek ez diren bertze auzi batzuk bezain lehentasunezkoak, hala nola ekonomiari lotutakoak». Soziologoaren aburuz, eskuina segurtasunaz eta immigrazioaz baliatzen da «arreta gobernuaren gabezietatik aldentzeko eta aurkari politikoei eraso egiteko». Eta zera erantsi du: «Gainera, egoera gero eta okerragoan diren horiek joera dute erantzuleak hurbilean bilatzeko, eguneroko bizian, eta ez hainbertze kausa makroestruktural abstraktuetan. Segurtasunaren gaiak ongi funtzionatzen du zailtasun ekonomiko objektiboek, hau da, biziaren kostuari eta soldata apalei lotutakoek bat egiten dutenean erdiko klaseak ere beheraldian direlako irudipen gero eta zabalduagoarekin».
Eskuinak, beraz, modua izanen du propaganda chauvinista eta nazionalista zabaltzeko hemendik aitzinera ere, eta zera hitzemanen du, «gizarte ongizateko sistema berrantolatzea italiarrei lehentasuna emateko, argudiatuta krisi garaietan eta baliabideak mugatuak direnean migratzaileak kanpoan utzi behar direla».