Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren proiektu nagusietako bat zenari ezezkoa eman diote herritarrek erreferendumean, eta porrotak krisia eragin du gobernuan. Lehen ministroak hasieratik esana zuen galdeketaren emaitza edozein zela ere legealdia amaitu arte jarraituko zuela agintean, baina kolpearen ondorioz, lehen ministroak kargutik kendu ditu zenbait delitu zela medio kondenatutako edo ikertutako gobernukide batzuk, Justizia ministrordea eta Turismo ministroa besteak beste. Hauteskundeak urtebete aurreratuko ote dituen zurrumurrua ere zabaldu da.Â
Marco Revelli, Ekialdeko Piemonteko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasle, soziologo eta politologoaren iritziz (Cuneo, 1947), baliteke lehen ministroari kontra bihurtzea gobernuan egindako aldaketak. «Italiako Anaien eta Gobernuaren oinarria zera da: badute talde gotor bat —klan edo tribu baten gisakoa—, eta horren bidez batera jardun eta hautesle askoren babesa biltzen dute. Baina klanek funtzionatu eta kideen leialtasuna izan dezaten, inpunitatea bermatu behar zaie, baita okertzen direnean ere».
Revelliri iruditzen zaio lehen ministroak dimisioak bultzatu dituela: «Bat-bateko erantzuna eman, eta dimisioa inposatu die gobernuko kiderik ahulenei, baina horrek tribu barneko elkartasuna hauts dezake, eta zatiketak ekarri. Erreferendumean porrot eginda, Georgia Melonik galdu egin du garaiezin izatearen ospea eta sinesgarritasuna. Izan ere, Melonik berak onartu zuen Justizia ministro Carlo Nordiok idaztea erreformaren testua, eta Melonik berak defendatu zuen erreforma, argudio barregarriak erabiliz: esaterako, adierazi zuen ezezkoa nagusituz gero epaileek kalera aterako zituztela «milaka bortxatzaile, pederasta eta immigrante ilegal».
Martxoaren 22an eta 23an egindako erreferendumean, ezezkoa eman zioten, ezustean, Italiako Konstituzioa erreformatzeari: %52k arbuiatu egin zuten Italiako Gobernuak botere judiziala berregituratzeko urrian onartutako erreforma, eta horrek krisia piztu du gobernuan.
Erreformaren bitartez, epaileen eta fiskalen ibilbide profesionalak bereizi egin nahi zituzten, bitan banatu botere judizialaren autogobernu organoa, eta zozketa bidez aukeratu organo horretako kideak. Eskuinekoek diotenez, sistema modernizatzea zen egitasmoaren helburua, botere judizialak gobernuaren erabakietan ustez egin ohi dituen esku hartzeak eragozteko.
Magistratuen Elkarte Nazionalak —Italiako epaileen %96 biltzen ditu— eta zentro-ezkerreko eta ezkerreko alderdiek salatu dute erreforma tresna bat zela epaileak isilarazteko eta haien independentzia ahultzeko. Sindikatuen eta gizarte mugimenduen ustez, agenda autoritarioaren parte zen erreforma, eta helburua, hauxe: gobernuak parlamentuaren gainean botere handiagoa izatea, hauteskunde erreforma bat onartzea eskuina berriz gailentzea segurtatzeko, eta Kontu Auzitegia ahultzea.
«Helburua zera zen, botere judizialak gobernuaren jardunaren gainean duen kontrola neutralizatzea, eta horrek erakusten du politikari horiek ez dutela onartzen boterea mugatzen dien inolako esku hartzerik», baieztatu du politologoak.
«Seguru asko, Donald Trumpek ere pentsatzen du hauteskundeak irabazten dituenak inpunitatea eta botere erabatekoa izan behar dituela, baina ideia horrek sustraiak ditu berezko kulturan ere: batetik, Italiako Mugimendu Sozialean, hau da, faxismoaren oinordekoek Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako alderdian, eta, bestetik, Silvio Berlusconiren figuran, geroago», azaldu du Revellik.
Politologoarentzat, «mirari bat izan da erreferendumaren emaitza, urtarrilera arte ezinezkoa baitzirudien ezezkoa nagusitzea. Italian gero era jende gutxiagok ematen duenez botoa, emaitzan garrantzi handia izan du parte hartzea ezustean hain handia izateak: %60».
Normalean botorik ematen ez duten gazte askok bozkatu dute, eta hor egon da koska. Udazkenean, Gazako genozidioaren eta gerraren kontrako manifestazio handietan parte hartu zuten, eta gehienek ezezko botoa ematea erabaki dute.
«Gehienbat, 18-25 urteko gazteek egin diote kontra erreformari: haietatik %80k ezezko botoa eman dute. Baiezkoaren alde, berriz, 55-70 urtekoek egin dute nagusiki», kontatu du Revellik.
Ezezkoa hiri handietan nagusitu da batik bat: erregioetako hiriburu guztietan, eliteak bizi diren auzoetan izan ezik, eta probintzietako hiriburu gehienetan, kontrako botoa eman diote erreformari. Hiri txikietan eta herrietan, berriz, aldeko boto gehiago izan dira, baina Lombardian, Veneton eta Friulin baizik ez da nagusitu baiezkoa, hirurak ere ipar-ekialdeko eskualdeak.
«Gehienbat, 18-25 urteko gazteek egin diote kontra erreformari: haietatik %80k ezezko botoa eman dute»
MARCO REVELLIÂ Ekialdeko Piemonteko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea
«Botoak aztertzean, konturatu gara batez ere hezkuntza maila handikoek eman dutela ezezko botoa; esaterako, lizentziadunek eta bigarren hezkuntzako tituludunek», nabarmendu du Revellik. Boto emaileen lanbideak analizaturik, ondorioztatu dute obrako langileen eta etxekoandreen artean baizik ez dela baiezkoa nagusitu. Nolanahi ere, emakumeen artean gehiago izan dira ezezko botoa eman zutenak, gizonen artean baino.
Politologoaren ustez, «boto emaile askok helburu bakarra izan dute: eragotzi egin ahi zuten eskuin muturrak konstituzioa aldatzea, hain justu 1948an, faxismoaren porrotaren ondoren, Italiako politikaririk, legelaririk eta intelektualik onenek idatzitakoa. Boto emaileek mezu hau helarazi nahi zieten oraingo politikari ezinago kaskarrei: ez ukitu konstituzioa!».
Eskuina ez da mobilizatu
Eskuineko boto emaileak, berriz, ez dira modu masiboan joan bozkatzera, eta kontuan hartzeko moduko herritar kopuru batek ezetz esan dio gobernuak proposatutako erreformari, batez ere Italiako hegoaldeko eskualdeetan.
Dena dela, Revellik kritika egin die zentro-ezkerreko alderdiei ere, gobernuari erronka jo diotelako erreferendumaren ondoren, beren aldeko bototzat harturik ezezkoak bildutako hamabost milioi botoak. «Oposizioko zentro-ezkerreko alderdien mobilizazioaren emaitza ere bada ezezkoa, baina okerra da pentsatzea beste hainbeste boto jasoko dituztela hurrengo hauteskunde orokorretan. Ezezko botoetan denetik dago. Ezetz esan zuten askok —batez ere, ezker erradikaleko askok, baina ez haiek bakarrik— ez dute bat egingo zentro-ezkerreko koalizio batekin; halakoak bereganatzeko, koalizio horrek kontu anbiguo asko argitu beharko ditu, eta argi eta garbi agertu berrarmatzearen eta gerraren kontra».