Memoria bahitua berreskuratu nahi dute

Jorge Freytter irakasle kolonbiarra eta beste zenbait pertsona bahitu zituzten eraikinean gertatutakoari buruzko ikerketa bat argitaratu du Freytter elkarteak. Helburua horren berri ematea da, eta lokala Barranquillako herritarren esku gelditzea.

Barranquilla hiriko La Bodega lokala. FREYTTER ELKARTEA
Barranquilla hiriko La Bodega lokala. FREYTTER ELKARTEA
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abuztuan 24 urte bete ziren Kolonbiako paramilitarren talde batek Jorge Freytter Romero irakasle eta abokatu kolonbiarra bahitu, torturatu eta hil zuenetik. Hilketa haren ostean egindako dokumentazio lana bildu dute La Bodega: donde la memoria fue secuestrada ikerketan (La Bodega: memoria bahitu zuten lekua), liburu formatuan, baina arreta irakaslearengan jarri beharrean, La Bodega izeneko lekuan jarri dute; bertan izan baitzuten bahitua Freytter, besteak beste.

Irakasle kolonbiarraren heriotza du abiapuntu liburuak —Kolonbiako Fiskaltzak gizadiaren aurkako delitutzat jo zuen hilketa, 2020an—. Freytter elkartea, EHUko irakasle Alex Ugalde Zubiriren eta Itsasne Allende Sopelanaren, eta Kolonbiako ikertzaile David Felipe Gomez Trianaren artean idatzi dute liburua. EHUko irakasle izateaz gain, Freytter elkarteko lehendakaria da Ugalde, eta, haren esanetan, «jarraipena izango duen ikerketa baten emaitza» da liburua.

Julian Martinez Kolonbiako kazetariak jarri zuen fokupean, lehen aldiz, La Bodega esaten dioten Barranquillako lokala, duela hiru urte. Freytter elkartea —Bilbon dauka egoitza— Jorge Freytterren hilketaren inguruko dokumentala grabatzen ari zen une horretan (El caso Freytter, 2022), eta eraikin horren kanpoaldean plano batzuk grabatzeko aukera izan zuten. Orain, leku hori non dagoen erakustea du helburu ikerketa honek, baita leku horretan gertatu den guztia herritarrei jakinaraztea ere. Oraindik ezin izan dute bertara sartu, baina leku horren inguruko xehetasunak bildu dituzte ikerketan.

«

Ikerketan paramilitarren eta inplikatutako polizien izenak aipatzen dira, eta horrekin arriskuak hartu dira

»

ITSASNE ALLENDE SOPELANA EHUko ikertzailea

Ugaldek eta Allendek eman dituzte xehetasun horietako batzuk. Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, La Bodega ez da Kolonbiako indar armatuek kontrolatutako leku bat; eremu pribatu bat da, merkataritza jarduerak dituena. «La Bodega merkataritza jarduera bat zeukaten pertsonen eskuetan egon da, baina, aldi berean, narkotrafikoarekin eta krimen antolatuarekin zerikusia zuten pertsonen esku. Haiek jartzen zuten lokala Kolonbiako paramilitarren esku». Allende, bestalde, aditua da Kuban eta Venezuelan, eta Ugaldek hala eskatuta sartu zen ikerketa taldean. Hark zehaztu duenez, ikerketan La Bodegaren azken urteetako jabeak zein izan diren zerrendatu dute, eta bertan gertatutako gehiegikeriak noiz gertatu diren ikertu. «Gaur egun badakigu gutxienez zortzi pertsona egon zirela han, bahituak izan ondoren».

Lokal horrek 2.400 metro koadro ditu, eta Barranquilla erdigunean dago. Baina Ugaldek beste datu esanguratsu baten berri eman du, egoera are larriagoa bilakatzen duena: «Gertatu zenean, kuartel militarrez, polizia etxez eta DAS —gazteleraz, Departamento Administrativo de Seguridad— esaten zaion Kolonbiako Inteligentzia Sekretuaren egoitzetako batez inguratuta zegoen La Bodega». Allendek, bestalde, adierazi du hainbat polizia kondenatuta daudela bertan egindako gehiegikeriengatik, baina beste batzuen izenak lehen aldiz zabaldu direla ikerketa horretan. «Ikerketan paramilitarren eta inplikatutako polizien izenak aipatzen dira, eta horrekin arriskuak hartu dira».

Jada pertsonaren bati edo besteri zigorren bat ezarri dieten arren, Ugaldek salatu du Kolonbiako Estatua ez dela posible duen guztia egiten ari La Bodegaren atzean dagoen guztia argitu dadin. «Gure atzetik doaz une oro. Gu gara lortzen dugun informazio guztia haiei bidaltzen ari garenak, eta alderantziz beharko luke izan. Haiek egin beharko lukete ikerketa, eta, gerora, berritasunak guri helarazi».

Mugimendua La Bodegan

Liburua aurkeztu ondorengo egunetan harrabotsa sortu du gaiak Kolonbian, Barranquillan bertan bereziki. Izan ere, Euskal Herrian egin duten aurkezpena ez ezik, Kolonbian «komunikazio dispositibo indartsu bat» prestatu zuen Freytter elkarteak. Bertako hainbat komunikabidek atera dute gaiaren inguruko berriren bat, baina horrek elkartearen interesen kontra ere jokatu du. Izan ere, elkarteak azaroaren 19an salatu zuen X sare sozialean La Bodega, «tortura eta estatu hilketak egin diren tokia», husten eta ordenatzen ari zirela, instituzioen inolako kontrolik gabe, eta ikerketan «funtsezkoak izan daitezkeen frogak» arriskuan jarriz.

«

Memoria historikoa duen toki bat dela aitortu dezaten nahi dugu, eta Barranquillako herritarren esku gelditzea

»

ALEX UGALDE Freytter elkarteko lehendakaria

Datorren urtarrilean edo otsailean dira bertara joatekoak Freytter elkarteko kideak, eta ikerketa aurrera eraman dezaketen profesionalekin batera joateko asmoa daukate. Horregatik, penatuta eta haserre dago Ugalde, barruan egin diren mugimendu guztiek ikerketa oztopatu dezaketelako. «Esparrua Kolonbiako Estatuaren esku dago. Ez dago partikularren esku; bestela balitz, jabetza pribatu gisa nahi dutena egiteko eskubidea izango lukete. Horregatik, guk gertatutakoa salatu nahi izan dugu, zer gertatzen den ikusteko».

Freytter elkartearen nahia, hemendik aurrera, leku hori «herriarena» izatea da. Ugaldek adierazi duenez, eraikin hori Kolonbiako Estatuak kontrolatzen du gaur egun, eta Freytter elkarteak haren salmenta eragotzi nahi du; ez dute nahi toki hori «esku pribatuetara» itzultzerik. «Memoria historikoa duen toki bat dela aitortu dezaten nahi dugu, eta Barranquillako herritarren esku gelditzea, gobernuz kanpoko erakundeen edo herri mugimenduen bidez».

Hori dela eta, Freytter elkarteak bere burua eskaini die Barranquilla inguruan gertuko norbait «desagertuta» galdu dutenei, elkarrekin «ahalik eta urrutien» heldu daitezen. «Guretzat pertsonak dira garrantzitsuenak, gatazka sozial edo armatu guztietan bezalaxe. Kasu honetan, esparru horretatik igaro diren pertsona guztiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.