Maiatzaren 21a egun seinalatua da Kaukasoko herri batentzat. XIX. mendetik mundu zabalean sakabanatutako nazioa da zirkasiarra; atzoko egunez milakak egin zuten protesta 1864ko gertakari haiek genozidio gisa onar daitezen. Baina zer dela eta horrelako mobilizazioa orain dela 149 urteko zerbaitegatik?
Datu bat: Turkian badira oraindik Itsaso Beltzeko arrainik jaten ez dutenak, duela mende eta erdi ito ziren arbaso eta herrikideak gogoan. Istanbulen manifestazio handia egin zuten larunbatean Taksim plazan. 2014ko Sotxi hiriko Neguko Olinpiar Jokoen aurka egin zuten protesta; Genozidioaren jokoak izango direla salatu zuten. Izan ere, zirkasiar herriaren bihotzean dago Sotxi; eta konkistaren 150. urteurrenean olinpiar jokoak bertan ospatzea iraintzat daukate. Errusiak entzungor egin die orain arte genozidioa onartzeko eskariei. Ezin ahaztu Sotxi Vladimir Putinen opor-leku kuttunetakoa dela.
Kurduen BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiak ere bat egin zuen zirkasiarren genozidioaren urteurrenarekin, «beren independentzia eta lurraldea defendatzeagatik bi milioi lagun hil» zituztela ekarri zuen gogora. Mende bat behar izan zuen Errusiako Inperioak Kaukaso konkistatzeko; Ameriketako Estatu Batuen mendebaldeko konkistaren eta indiarren anikilazioaren antzeko prozesuan. 1859an Xamil imama garaituta, tsarraren menpe geratu ziren Dagestan eta Txetxenia-Inguxetia, baina Zirkasiako lur oparoak falta zitzaizkien, Itsaso Beltzetik mendebaldera begira ziren lurraldeak, hain zuzen ere.
Kondairetako herria ziren, zaldun eta gerlari bikainak; feudalismorik gabeko antolaketa librea zuten kostaldeko tribuek, eta otomandar sultanaren harem-eko zirkasiar emakumeen edertasunak XIX. mendeko erromantizismoa liluratu zuen. Britainiar Inperioak laguntza bidaltzea eta Zirkasiaren independentzia aitortzea ere proposatu zuten Westminsterren, baina inoiz ez zen gauzatu. 1864ko maiatzaren 21ean dena galdu zuten. Zirkasiarrek Kbaada deitzen dioten lekuan izan zen azken bataila. Errusiarrek Krasnaia Poliana deitu zioten «zelai eder» edo «zelai gorri» itzul daitekeena.
«Hilobietan eskiatzen»
Kaukasoko paraje eder hori hautsak eta porlanak hartuta dago gaur; 2014ko Olinpiar Jokoetako gune nagusia izango da. Ammandik Istanbulera eta Berlindik New Yorkera salatu dutenez, «sarraski izugarri baten lekuan, gure arbasoen hilobien gainean egongo dira eskiatzen». Diasporakoek ez bezala, Sotxi inguruan geratzen diren zirkasiarrek jarrera moderatuagoa daukate; milaka gutxi batzuk dira milioi bat laguneko kostalde multietnikoan, baina zirkasiar kulturarekiko begirunea eskatzen dute, «Vancouverreko Jokoetan amerindiarrekin izan zutenaren parekoa».
Kbaadakoaz geroztik, Ipar Kaukasoko herri handiena lur jota zegoen. Ehunka mila lagun hil ziren gerran eta gosez, gainontzekoak itsasontzietan kanporatu zituzten Turkiara. Herena itsasoan hil ziren, bizirik irten zirenak Otomandar Inperioan barreiatu ziren. Amman hiria sortu zuten, gaur Jordaniako hiriburu, eta haxemi erregearen guardia osatzen dute. Sirian ere komunitate garrantzitsuak daude gaur arte. Gerraren ostean, aspaldiko eskarietako bati ekin diote: arbasoen lurrera itzultzea. Ehunka gutxi batzuei baino ez die eman baimena Moskuk. Ekialde Hurbilean lobby garrantzitsuak dituzte, Turkian hizkuntza bizkor galtzen ari bada ere. Kaukaso ipar-mendebaldeko hizkuntza garrantzitsuena da zirkasiera, euskara bezala ahaide ezagunik gabeko familiakoa. Gure hizkuntzarekin lotzen duten teoriek arrakasta handia dute, nola hizkuntzalarien hala herritar xumeen artean. Azken urteotan behin baino gehiagotan etorri dira zirkasiar ikerleak Euskal Herria ezagutzera eta Euskaltzaindiarekin bilerak egitera.
Mende eta erdiko ahanztura
Atzo 149 urte, Errusiako Inperioak Zirkasiako lur oparoak eskuratu zituen, Kaukason. Moskuk inoiz onartu gabeko genozidioa abian zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu