Israelek eraso egin dio nazioarteko ordezkaritza bati, eta horrek Mendebaldearen haserrea eragin du

Diplomazialari taldea Jeningo errefuxiatuentzako kanpalekua bisitatzekoa zen, PANek gonbidatuta. Israelek gutxienez 42 herritar hil ditu gaur zerrendan. Nazio Batuen Erakundeak salatu du oraindik ez dela laguntzarik sartu Gazan.

Zenbait palestinar atzo, suntsitutako eraikinen artean, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Zenbait palestinar atzo, suntsitutako eraikinen artean, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Maddi Iztueta Olano
2025eko maiatzaren 21a
11:43
Entzun 00:00:0000:00:00

Tel Avivek abiatutako azken operazio militarraren harira, Mendebaldeko zenbait estatuk Israelen aurkako presioa areagotu dute azken egunetan, Gazako erasoaldia eten dezan. Israelek, baina, jarraitzen du zerrendari eraso egiten; are, gaur eguerdiko gertaerak are gehiago haserrarazi du nazioartea. Israelgo bi soldaduk tiro egin diote Jeningo (Zisjordania) errefuxiatuentzako kanpalekua bisitatzekoa zen nazioarteko diplomazialari talde bati; ez da zauriturik egon, halere, zenbait herrialdek gaitzetsi egin dute Israelen jokabidea, eta azalpenak eskatu dituzte.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak eman du eraso horren berri, ohar baten bidez. Izan ere, PANen Gobernuko sail horrek antolatu zuen gaurko bisita, baita nazioarteko diplomazialariei gonbita luzatu ere. Iturri horren arabera, 27 herrialdetako diplomazialariak zeuden talde horretan, hala nola Espainiakoak, Frantziakoak, Italiakoak, Kanadakoak eta Japoniakoak; kazetariak ere baziren. PANeko Atzerri Ministerioak salatu du Israelen helburua nazioarteko ordezkaritza taldea «beldurtzea» zela, eta ohartarazi du gisa horretako erasoek nazioarteko zuzenbidea urratze dutela. Hala, nazioarteari eskatu dio eraso hori gaitzesteko eta «behar bezala» erantzuteko.

Israelgo armadak onartu egin du talde horri eraso egin izana, ohar baten bidez. Halere, argudiatu du «abisu bat» baino ez zela, taldea «aurrez adostutako ibilbidetik atera» delako, eta «baimenik gabeko» eremu batean sartu. Are, Tel Avivek esan du soldaduek «airera» egin dutela tiro, eta ez zela beren asmoa «inor zauritzea». Sare sozialetan eta hedabideetan zabaldutako bideo batzuetan ikus daiteke, dena den, bi soldaduek ez dutela airera tiro egin, taldearen ingurura baizik.

Munduko zenbait agintarik erasoa gaitzetsi dute, hala nola, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Kaja Kallasek: «Diplomazialarien bizitzei egindako ezein mehatxu onartezina da». Halaber, Tel Avivi azalpenak eskatu dizkiote Italiako, Espainiako eta Belgikako Gobernuek. Hamasek ere gertatutakoa salatu du, komunikatu baten bidez, eta adierazi ekintza horrek agerian uzten duela Israelen «gehiegizko harrokeria».

Gazan etenik ez

Tel Avivek zerrenda bonbardatzen jarraitzen du. Israelgo armadak gutxienez 60 palestinar hil ditu gaur Gazan; hala jakinarazi du Al-Jazeera hedabideak Gazako Osasun Ministerioko iturriak aipatuz. Asteburuan, zerrendaren aurkako beste operazio militar bat hasi du Israelek, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak herenegun jakinarazi zuen «zerrendako eremu guztiak» hartuko dituztela «kontrolpean».

Israelen bertan, Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin kritiko direnek ere gaitzetsi dute haren jarrera, eta nazioarteari eskatu diote presioa areagotzeko. Ehud Olmert Israelgo lehen ministro ohiarentzat (2006-2009), Israelgo Gobernuari ezarritako presio neurriak «ez dira nahikoak». Halere, BBC Radio 4 irrati katean gaur egindako elkarrizketan zehaztu duenez, nahiz eta gaitzespen politikoa beharrezkoa izan, ez ditu begi onez ikusten zigor ekonomikoak, «kalte egingo baitiete Israelgo herritarrei». Gaineratu duenez, Netanyahuren gobernua Gazan egiten ari dena «oso gertu dago gerra krimenetatik».

Yair Golan oposizioko burua gogorrago aritu da; honela mintzatu zen atzo Netanyahuren gobernuaz irrati kate horretan: «Herrialde oso batek ez du zibilen aurka borroka egiten, ez da aritzen hobby moduan haurrak hiltzen».

Bestalde, herenegun, 11 asteko blokeoaren ostean, Israelek berriz eman zuen baimena laguntza humanitarioa zerrendan sartzeko. Ordutik, nazioarteko hedabideek Israelgo iturriak aipatuz zabaldu dute ehun kamioi ingururi eman dietela oniritzia zerrendan sartzeko. MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak gaur salatu du laguntza ez dela nahikoa Gazako beharrak asetzeko. AFP berri agentziak jaso duenez, Pascale Coissard MSFren Gazako koordinatzaileak Israelgo Gobernuari egotzi dio setioa amaitu duela erakutsi nahi izatea neurri «irrigarri» horren bidez.

Gainera, NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du Gazako herritarrei oraindik ez zaiela laguntzarik iritsi. Gaur, EFE berri agentziak zabaldu duenez, kamioiak mugan daude, zerrendara noiz sartuko zain.

Hori gutxi ez, eta Israelgo eskuin muturreko Tsav 9 taldeko kideek ahaleginak egin dituzte laguntza humanitarioa zeramaten kamioiei oztopoak jartzeko Gaza hegoaldeko Kerem Xalom pasabidean. Hala jakinarazi du Israelgo Hareetz egunkariak, eta gehitu dunez, gutxienez pertsona bat atxilotu du Israelgo Poliziak. Talde horretako kideek aurrez ere egin izan dituzte antzeko ekintzak.

Martxoaren 2an Israelek Gazarako laguntza humanitarioa blokeatu zuenetik, gutxienez 326 pertsona hil dira zerrendan gosez edo beharrezko medikamentuak ez izateagatik. Hala jakinarazi zuen atzo Gazako Gobernuak —Hamas erakunde islamistak kontrolatzen du— zabaldutako ohar batek, eta, gehitu zuenez, tarte horretan 44.000 kamioik sartu beharko zuketen zerrendan Gazako herritarren oinarrizko beharrak asetzeko.

Israelen aurkako neurriak

Azken ofentsiba dela medio, zenbait herrialdek presioa areagotu dute. Esaterako, EBk Israelekin duen lankidetza hitzarmena berrikusiko du. Talde komunitarioko Atzerri ministroak Bruselan bildu ziren atzo, eta EBko 27 herrialdeetatik hamazazpik egin zuten akordioa berrikustearen alde. Espainiako Diputatuen Kongresua lege bat onartzeko bidean da Israelekin egiten den arma salerosketa blokeatzeko. Gaur hasi dira horren inguruan eztabaidatzen, atzo lege proposamena tramiterako onartu ostean. Bestalde, Kataluniako Generalitateak gaur jakinarazi duenez, erabaki du Tel Aviven duen sustapen ekonomikorako bulegoa ixtea.

Erresuma Batuak, Frantziak eta Kanadak adierazpen bateratu bat kaleratu zuten herenegun. Hartan, Tel Avivi exijitu zioten eten ditzala operazio militarrak Gazan, eta utz dezala laguntza humanitarioa sartzen. Bestela «neuri zehatzak» hartuko dituztela ohartarazi zuten. Londresek beste pauso bat eman zuen atzo: David Lammy Erresuma Batuko Atzerri ministroak iragarri zuen bertan behera utziko dituela Israelekin merkataritza akordio bat lortzeko negoziazioak. «Gatazka beste fase ilun batean sartzear da», ohartarazi zuen Komunen Ganberan, eta Tel Aviven erasoaldia «justifikaezina» dela ziurtatu. Keir Starmer lehen ministroa parlamentuan bertan mintzatu zen, eta esan zuen Gazako egoera «onartezina» dela, eta Israelen jarrera, berriz, «beldurgarria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.