NBEk hauspotu egin du Marokok Mendebaldeko Sahararako aurkeztutako autonomia proposamena

Segurtasun Kontseiluak onartu duen ebazpenaren arabera, Mendebaldeko Sahara Marokoren «zinezko autonomia» bihurtzea da «aukerarik bideragarriena» bi herrialdeen arteko gatazka amaitzeko.

Milaka errefuxiatu sahararrek protesta egin zuten atzo, Tindufeko errefuxiatu esparruan, Aljerian. TAHER MULAY / EFE
Milaka errefuxiatu sahararrek protesta egin zuten atzo, Tindufeko errefuxiatu esparruan, Aljerian. TAHER MULAY / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Julen Otaegi Leonet
2025eko urriaren 31
21:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan nekeza da esku askoren artean testu bateratu bat idaztea; bai, behintzat, jardun horretan dihardutenen artean iritzi kontrajarriak badaude. Hori gertatu zaio NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaz (Minurso) erabakitzeko orduan. Atzo ziren ebazpen horren inguruan bozkatzekoak, baina azkenean gaur onartu dute beste urtebetez misioa berritzea. Testuan ez da aipatzen Fronte Polisarioaren erreferendumerako proposamena; bai, ordea, autodeterminaziorako eskubidea «emango» duen «behin betiko konponbidea» behar dela Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko gatazka amaitzeko. Eta bada zehaztu beharrekorik; izan ere, Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak dio irtenbiderako negoziazioetan Marokoren autonomia proposamena hartu behar dela «oinarri» gisa.

Testuaren arabera, bozketaren aurreko eztabaidetan horixe bera babestu dute estatu kide «ugarik», eta Marokoren proposamenari heltzeak ekarriko du «soluzio justu, iraunkor eta onargarria», «zinezko autonomia» delako «aukerarik bideragarriena». AEB Ameriketako Estatu Batuek idatzi izan dute Minursoren bilakaerari buruzko ebazpena, eta, azkenean, idatzi duten hirugarren zirriborroa onartu dute kideek —aintzat hartzekoa da Donald Trump AEBetako presidentearen administrazioa Marokok proposatutako irtenbidearen alde dagoela, eta proposatu duela Mendebaldeko Sahara Marokoren autonomia bat bihurtzea—. Kontseiluko hamabost kideetatik 11k egin dute alde; Errusia, Txina eta Pakistan abstenitu egin dira; eta Aljeriako ordezkariak ez du besoa altxatu ere egin bozketan.

1991n indarrean sartu zenetik, Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko gatazka konponbidean jartzea asmo duen misioa luzatu izan dute, testu bat kontsentsuz onartuta. Aurten ere azkenean hala izan da, baina aurreko egunetan zabaldutako Washingtonen proposamenari hainbat aldaketa eginda. Washingtonek aurkeztu asmo zuen ebazpenaren zirriborro bat kaleratu dute hedabide batzuek; Marokok 2007an proposatutako autonomia plana babesten zuen, eta ez zuen kontuan hartzen sahararren autodeterminaziorako eskubidea.

Azkenean, modu batera edo bestera, AEBen asmoak aurrera egin du. Fronte Polisarioak iragarria zuen ez zuela parte hartuko autodeterminaziorako eskubidea barne hartzen ez duen ezein ebazpenen negoziaziotan. NBEren idazkari nagusi Antonio Guterresi bidalitako gutun batean, Brahim Ghali Fronte Polisarioaren buruak jakinarazi zuen prest daudela Marokorekin negoziatzeko. Eta ez du erabat baztertu Rabatek defendatzen duen irtenbidea, baina Mendebaldeko Sahara Marokoren autonomia bat izatearena sahararrek erabaki behar duten zerbait dela uste du. Hau da, Polisarioak onartuko lukeen irtenbidea litzateke erreferendum bat egitea, eta aukeretako bat autonomiarena izatea; betiere sahararren autodeterminaziorako eskubidea errespetatuta, eta «inposiziorik» gabe.

Errefuxiatu sahararrak protestan, gaur, Tindufen (Aljeria). EFE
Errefuxiatu sahararrak protestan, atzo, Tindufeko errefuxiatu esparruan, Aljerian. EFE

Ez da lehen aldia Trumpek Saharako auzian eskua sartzen duena. Bere lehen agintaldiaren amaiera aldera, 2020an, Etxe Zuriak Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortu zion Marokori. Trukean, Rabati eskatu zion Israelekin zituen harremanak berrezartzeko. Trumpek emandako urratsaren ostean, Marokoren autonomia plana babestu dute, besteak beste Alemaniak eta Espainiak. Frantziak ere Rabaten ikuspegia babesten du.

«Lehenago errefuxiatu, marokoar baino»

Azken egunetan, AEBek hasieran egindako planteamenduaren aurkako protestak egin dituzte Tindufeko errefuxiatuen esparruetan (Aljeria). EFE berri agentzia bertan izan da, eta, jakinarazi duenez, milaka izan ziren atzoko protestetan parte hartu zuten manifestariak. Manifestariek adierazi zuten ez zutela onartuko autodeterminazioa ez den beste alternatibarik. Eta, EFEk jaso duenez, sahararrek aldarri egin zuten nahiago dutela Aljerian errefuxiatuak izaten jarraitu, marokoarrak izan baino.

Datorren astean, azaroaren 6an, 50 urte beteko dira Marokoren Martxa Berdetik; mugimendu harekin Mendebaldeko Sahara okupatu zuten —Espainiaren kolonia zen—, eta gerra hasi zen Fronte Polisarioarekin. 1976an polisarioak SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen. Su etena 1991n sinatu zuten, eta orduan sortu zen Minurso. Baina igaro dira hiru hamarkada baino gehiago, eta NBEren misioak ez du lortu Mendebaldeko Sahararen estatusa erabakitzeko erreferenduma egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.