Espainiako konkistatzaileak Amerikara iritsi zirenetik, maputxe herria bere lurrak defendatzeko borroka etengabean aritu da. Egun ere bizirik dago borroka hori. Estatuaren indarkeria ankerra da, baina, errepresioa gogorra izan arren, maputxeek ez dute amore emateko asmorik. Wallmapu defendatzen jarraituko duela dio Mireya Manquepillanek: «Zoritxarrez, gure herriak historian jasandako jazarpen guztiak oso banatuta utzi du gure borroka. Baina, zorionez, gizarte mugimendu maputxe ugari sortzen hasi dira orain, eta gauzak asko aldatzen ari dira. Herriaren batasun kontzientzia gutxinaka eraikitzen ari gara».
Lurrari erabat lotuta bizi den herria da maputxeena: lurra esan nahi du mapu-k, eta jendea, berriz, txe-k; haien lurraldeari, Wallmapu deitzen diote —inguruko lurra—. Antzina, lur horiek libreak ziren, muga artifizialik gabekoak, eta naturarekin harreman zuzenean bizi zen maputxe herria. Ibaiak, mendiek eta basoek zehazten zituzten klan edo lof-en arteko mugak. Txileren eta Argentinaren artean banatuta dago gaur egun Wallmapu. Eta soilik arbasoen lurraldearen %10 inguruan bizi dira maputxeak. Gainontzekoa enpresen eta latifundisten esku dago.
Atzerriko enpresa askok Txileko Estatuaren baimena jasotzen dute maputxeen lurraldeetako baliabide naturalak ustiatzeko. Maputxeen erakundeek salatzen dutenez, estatuak estrategia hori erabiltzen du herri indigenaren lurrak pobretzeko eta ezinegona hedatzeko. Izan ere, badaki maputxeentzat «sakratuena» natura dela. Manquepillan ekintzaileak adibide bat jarri du: «Ibai polit bat ikusten badute, esplotatzeko enpresa bat ezartzen dute, inolako begirunerik gabe. Eta, gainera, gure baliabideen bidez lortutako energia —argindarra, gero, herriari saldu egiten diote prezio izugarri garestian; horrek pobrezia sortzen du, eta estatua da errudun nagusia enpresei pribilegioak emateagatik».
Manquepillanek dio maputxeek estatuari bakarrik eskatzen diotela arbasoenak ziren lurrak eta bizimodua errespetatzea: «Estatuari maputxeak kriminalizatzeko aitzakia bat amaitzen zaionean, berehala bilatzen du beste bat. Haren helburua da maputxeen bizimodua ezinezko bilakatzea, lasai bizitzen ez uztea». Txileko Gobernuarekin elkarrizketaren bidez zerbait lortzeko itxaropena galduta, baina, armen bidea aukeratu duenik ere bada. Ekintzaile maputxeek enpresen aurkako erasoak egiten dituzte bereziki, inor hiltzeko helbururik gabe. Manquepillanen hitzetan, estatuak bere onerako distortsionatu du borroka hori, «maputxe mugimendu osoa terrorista dela esateko eta atxiloketak justifikatzeko».
Erresistentzian aritzeak, baina, ondorio latzak ditu. Txileko kartzeletan 41 preso politiko daude egun. Giza eskubideen urraketa etengabea dela salatu du ere Amnesty Internationalek. Ana Piquer zuzendariaren hitzetan, zigorgabetasuna erabatekoa da: «Segurtasun indarretako kideek egiten dituzten giza eskubideen urraketak ez dira ikertzen, eta susmagarriak ez dira epaitzen. Epaitzen direnean, berriz, ez da zuzenbidearen inpartzialtasun printzipioa ezartzen».
Lurrarekin lotutako gatazkek haurrengan eragin zuzena dutela ere ohartarazi du erakundeak.
Hizkuntzaren zapalkuntza
Hizkuntza da beste borroka bat. Mapudungun hizkuntzaren berreskurapena da herri honen erronka garrantzitsuenetako bat. Espainiarren konkistaren ondotik arras murriztu zen hizkuntza indigenen erabilera. Kimche Mapu irrati komunitarioa estatuaren jazarpenaren biktima izan da horregatik, maputxe mugimenduaren hedabidea izateagatik. Manquepillan bera ere atxilotu zuen Poliziak. Ekintzailea irratiko zuzendaria ere bada.
Irratian, hala ere, gehienbat gaztelaniaz egiten dituzte irratsaioak. «Mapudungun hizkuntza oso galduta zegoen duela urte batzuk. Baina gero eta gehiago saiatzen ari gara irratsaioetan gure hizkuntzaren presentzia areagotzen, hitzak edota pasarteak sartuz. Bestalde, sortzen ari diren herri egitasmoek ere asko laguntzen dute hizkuntza berreskuratzen». Izan ere, eskoletan mapudungunaren presentzia oso mugatuta dagoenez, barnetegi moduko batzuk antolatzen ditu maputxe mugimenduak udan.
Hedabideok oso rol garrantzitsua bete dute maputxeen borrokan. Hedapena urria da, baina itxaropenez begiratzen dio etorkizunari Manquepillanek: «Belaunaldi berriak askoz ere kontzientziatuago daude. Estatua oso burugogorra da, baina ez dugu amorerik emango». Teknologia berriek bide horretan asko laguntzen dutela dio: «Argazkiak eta bideoak zabaltzen ditugu sarean, munduak jakin dezan zer-nolako injustiziak pairatzen dituen gure herriak. Hori presioa da Txileko Estatuarentzat».
Txileko maputxeentzako informazioa zabaltzeaz arduratzen den hedabide bakarrenetarikoa da Kimche Mapu.
Akulturizazio prozesua
Egun, 1,8 milioi maputxe inguru bizi dira Txilen —haiek Ulumapu deitzen duten lurraldean—, eta 200.000 bat Argentinan —Puelmapun—. Kanpaina militarren ondorioz, lurraldeen galerarekin batera akulturizazio prozesu bortitza jasan dute: hizkuntza, sinesmen tradizionalak, abizenak... Ia guztiz galdu zituzten. Eta, herri konkistatu askotan gertatu bezala, maputxe asko beren jatorriaz lotsatzen hasi ziren, menderatzaileen arrazakeriak eraginda. Basatiak, zikinak, eta, orokorrean, pertsona zuriak baino gutxiago zirelako ideia sinetsarazi zieten. Horren erakusle, oraindik ere indio hitza irain modua erabiltzen da Txilen.
Hala ere, mendeetako erresistentziaz harro dagoen herria da maputxeena. Espainiako Inperioa saiatu zen maputxeak menperatzen, baina ez zuen lortu; 1536. eta 1598. urteen artean Araucako Gerran erresistentzia sendoa egin zuten, eta garaile atera ziren. Lasai bizi izan ziren XIX. mendearen erdialdera arte, Txileko eta Argentinako estatuek bi genozidio handi hasi zituzten arte: Araucaniaren baketzea Txileren aldetik, eta Basamortuaren konkista Argentinaren aldetik.
Txile. Maputxeen borroka
Mendeetako erresistentzia
Amaigabeko borroka da maputxeena. Arbasoen lurraldearen %10 soilik da egun maputxeena, gainontzekoa enpresen eta latifundisten esku dago. Txileko Gobernuaren jarrera salatu dute ekintzaileek: «Badakite natura sakratua dela maputxeentzat, horregatik kentzen digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu