Zazpi egun iraun du Israelen eta Gazako milizia palestinarren arteko su etenak: gaur bukatu da behin-behineko barealdia, Euskal Herrian 06:00ak zirenean. Halere, azken ordura arte ez da baztertu etenaldia berriro ere luzatzeko aukera, asteon hala egin baitute bi aldiz. Joan den ostiralean lau eguneko menia sartu zen indarrean;Â hori astearte goizean zen bukatzekoa, baina ostegun goizera arte luzatu zuten. Atzo, luzapen hori amaitzear zegoela, beste egun bateko etenaldia adostu zuten.
Israelgo armadak 06:00ak puntuan jo baino zertxobait lehenago berretsi du berriz ere ekingo dietela Gazako operazio militarrei. Menia urratzea leporatu diote Hamasi, kohete bat jaurtitzea egotzita. Gero, berehala entzun dira bonba hotsak zerrendan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, ehundik gora palestinar hil dituzte dagoeneko aire bidezko erasoetan —tartean, kazetari bat—. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Hamasi egotzi dio menia ez luzatzearen erantzukizuna, argudiatuta akordioa urratu zutela.
Erasoen harira, soldadu israeldarrek zerrendako hegoaldera joateko agindu diete zenbait herritako gazatarrei, hala nola Khan Yunisen daudenei, adierazi ondoren hor «eraso handi bat» egingo dutela laster. Edonola ere, ia-ia eremu osoa ari dira bonbardatzen, eta, berdin-berdin, arriskutsua litzateke Rafahrantz —Egiptoren eta Gazaren arteko mugarantz— joatea. Hain zuzen, Gaza hegoaldean «kanpaina bat» abiatzeko asmoa dutela esan dio asteon Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bideni, eta horren ondoren iritsi da mehatxua.
Mapa bat argitaratu du Israelgo armadak, non zerrenda osoa eremuka zatituta agertzen den. Zenbaki bat esleitu diote eremu bakoitzari. Israelgo armadak emandako azalpenen arabera, horrekin nahi dutena da gazatarrek «hobeto ulertu ahal izatea» soldaduek jakinarazten dituzten operazio eta maniobra militarrak; kasurako, eremu bat utz dezaten hala agintzen badute. Bestalde, Palestinako Jihad Islamikoko al-Quds brigadak bere gain hartu ditu Israelgo zenbait herritara egindako erasoak.
Gazako zerrenda osoa eremuka zatitu du Israelgo armadak, eta zenbaki bat esleitu dio eremu bakoitzari.
Borrokak berrabiatzeaz gain, meniaren bukaerak esan nahi du oraingoz ez dela laguntza humanitario gehiago sartuko zerrendan, eta ez dela gatibuen eta preso palestinarren trukaketa gehiagorik izango. Hamasek 110 bahitu utzi ditu aske egunotan: 86 israeldar eta 24 atzerritar; eta 240 preso palestinar Israelek —guztiak adingabeak eta emakumeak—. Tel Aviven esanetan, 137 gatibu Hamasen eskuetan daude oraindik.
Aurrerago beste menia bat adostuko balute, litekeena da presoen eta gatibuen trukerako negoziazioak gogorragoak izatea. Izan ere, Hamasek esana du gatibu dituen soldadu israeldarren truke Tel Avivi exijituko diola preso palestinar guztiak aske uztea. Urriaren 7tik, 3.200 lagun baino gehiago atxilotu dituzte Zisjordanian bakarrik, preso palestinarren eskubideen aldeko elkarteen arabera.
Negoziazioak bidean
Egunotan menia iraunkorrago baten alde mintzatu dira Israelen eta Hamasen negoziazioetan bitartekari lanetan aritu diren herrialdeak: Qatar, AEBak eta Egipto. Gaur goizean halakorik luzatzea lortu ez duten arren, euren asmoari eusten diote oraindik ere. Qatarko Atzerri Ministerioak baieztatu duenez, abian daude menia berriro ere indarrean sartzeko negoziazioak. Hori bai, aitortu du ezer adostea zailtzen dutela Israelek Gazan berrabiatutako erasoek.
Aukera horren inguruan hitz egin du, halaber, Hamaseko bozeramaile Osama Hamadanek. Haren arabera, gatazkaren irtenbidea ez da menia bat adostea, okupazioarekin amaitzeko mekanismoak abian jartzea baizik. Halere, esan du organizazio islamista prest dagoela borrokak berriro ere eteteko, hori «palestinarren mesederako bada», eta Israeli leporatu dio su etena amaitu izanaren erantzukizun osoa.
Eskerrak eman dizkie Qatarri eta Egiptori —ez, ordea, AEBei—, bitartekari lanetan egindako esfortzuagatik. Hain justu, israeldarren erasoak bultzatzea eta Tel Avivi «nahikoa ez presionatzea» leporatu dio Washingtoni.
Bitartekarien antzera, su etena amaitu eta borrokak berrabiazi izana gaitzetsi du Nazio Batuen Erakundeko zuzendari Antonio Guterresek. «Honek soilik erakusten du zein garrantzitsua den behin betiko menia humanitario bat adostea».
Jeriko Horma
The New York Times egunkariak kaleratu duenez, Israelek bazuen lehendik Gazako milizia palestinarrek urriaren 7an egin zuten erasoaren berri. Israelgo armadaren eta zerbitzu sekretuaren hainbat zirriborro, dokumentu eta mezu elektroniko aztertu dituzte; horien artean, Jeriko Horma izeneko 40 orriko dokumentu bat. Testuan urriaren 7ko erasoan egindako hainbat maniobra deskribatzen dira, hala nola Gazako mugaren bestaldeko zenbait kolonia judu okupatzea, milizianoak Israelera parapentean sartzea, eta horiek egin artean Israelera zenbait kohete jaurtitzea. Dokumentu horretan ez da aipatzen noiz egingo luketen gisa horretako eraso bat.
Iragan uztailean, urriaren 7ko erasoa baino hiru hilabete lehenago, beste ohartarazpen bat jaso zuen Israelgo zerbitzu sekretuak. Hamas maniobra militarrak entseatzen aritu zela esan zien Israelgo armadako 8200 unitateko militar batek, Jeriko Horma dokumentuan zehazten zenaren oso antzekoa. Baina halakorik egingo zuten aukera oro baztertu zituen Gazako dibisioko koronel batek, mezu elektroniko baten bidez.
Asmo horiek inoiz errealitate bihurtzea baztertu zuten Israelgo armadako eta zerbitzu sekretuko goi kargudunek, The New York Timesen ikerketaren arabera. Hainbat dokumentutan diotenez, halako eraso bat Hamasen gaitasunetatik harago legoke. Ez dago argi Netanyahuk eta Israelgo Gobernuko beste politikari eta goi kargudun batzuek dokumentu horien berri zuten.