Merkatu bakarra osatzeko epea 2015era aurreratu dute ASEANeko herrialdeek

Asiako hego-ekialdeko erakundeak asmoetatik egitateetara pasatzeko erronkari eutsi nahi dio

Irune Lasa.
2006ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Inguruan hazkunde ekonomikoa bizkortzea eta bakea eta egonkortasuna sustatzea dira hamar herrialde biltzen dituen ASEAN Asiako Hego-Ekialdeko Herrialdeen Elkartearen xede nagusiak. Duela 39 urte sortu zen elkartea, eta ezaguna da betetzen ez dituen egitasmoak abian jartzeagatik. Hala, 90eko hamarkadaren hasieranBirmania, Brunei, Filipinak, Indonesia, Kanputxea, Laos, Malaysia, Singapur, Thailandia eta Vietnamek beren buruari merkatu askeko herrialde bilakatzeko erronka jarri zioten. Baina oraino asmoetatik errealitatera oso aurrerapausogutxi egin dituzte.

Oraingoan, hala ere, asmoek sendoxeagoak dirudite. Aste honetan Malaysiako hiriburu Kuala Lumpurren bildu dira ASEANeko Ekonomia ministroak. 2003an Balin hitzartutako merkatu bakarra eratzeko 2020. urterainoko muga 2015. urtera aurreratu egin behar dela uste dute ministroek. Eta proposamen hori eramango du bakoitzak bere herrialdera, abenduan Filipinetan egitekoa den ASEANeko urteroko goi bileran gobernuburu eta estatuburuak horretan ados jar daitezen.

Komunismoari aurre egiteko sortutako erakunde honek, agian, inoiz baino arrazoi gehiago ditu asmoak egitate bihurtzeko. ASEANeko herrialdeek oraindik hazten ari diren bi erraldoi ekonomiko dituzte ondo-ondoan: Txinak eta Indiak atzerriko merkatu eta inbertsioak guztiz irentsiko ez badizkiete, zerbait egin beharko dute; ahal bezain bizkor.

Ildo horretan uler liteke, halaber, Japoniak ASEANeko Ekonomia ministroei egindako eta haiek onartutako proposamena. Hots, 16 herrialdeko merkatu bakar erraldoia osatzeko ideia. ASEANeko herrialdeez gain, 3.000 milioi biztanletik gorako merkatu ikusgarri horretan egongo lirateke Australia, Hego Korea, India, Japonia, Txina eta Zeelanda Berria.

ARROZAREN BATASUNA, ZAIL. Merkatu bakarraren bide horretan, Europako Batasunak ez bezala -hori orain auzitan badago ere- inolako batasun politikorako asmorik ez dute ASEANeko herrialdeek. Ezta EBk bere sorreran muga psikologikoak hausteko erabili zituen ikatz eta altzairua moduko produktu sinbolikorik ere. Izan izan badute, nagusiki arrozaren herrialdeak baitira ASEANekoak. Baina, hain zuzen, bakoitzak erabat babestua duen produktua da arroza, eta hainbat ezinikusiren iturri. Eta ez euren artean soilik: aste honetan Hego Korearen eta ASEANen arteko merkataritza askeari buruzko akordio bat ez du sinatu Thailandiak, arrozaren salerosketa dela eta ez dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.