Merkelek CDUren buruzagitza utziko du emaitza txarren ondoren

Hesseko hauteskundeetan galera handia izan du. Legealdi amaieran kantziler izateari utziko dio

2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak CDU Batasun Kristau-Demokrata alderdiko buruzagitza utziko du. Abendura arte izango du ardura hori; orduan aukeratuko da Merkelen ondorengoa. Kantziler izateari ere utziko dio, baina legealdi amaierara arte jardungo du kargu horretan—2021era arte—. Hesse landerreko bozen ostean iritsi da Merkelen erabakia. CDU lehen indarra izan den arren, hamar puntu galdu ditu. Emaitza horiek berretsi dute 2015etik Merkelen alderdiak izan duen beherakada; migrazioaren krisia hasi zenetik boto asko galdu ditu. Europako liderrik indartsuenetako bat politika uzteko bidean da.

Merkelek adierazi du «etsigarria eta mikatza» izan dela herenegun Hessen izandako emaitza. «Alderdiak eman duen irudia onartezina da». Horrez gain, aitortu du bera dela gertatutakoaren «arduradun nagusia».

Hesseko bozek erakutsi dute zein den Alemaniako egoera politikoa: urte askoan bi alderdirenarteko lehia izan da, baina indarra galdu dute, eta aktore berriak azaldu dira. Nahiz eta berriz ere CDUk irabazi, galera handia izan du. Horrez gain, SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratari Berdeek aurrea hartu diote ehun botoren aldearekin —%19,7 biek; 11 puntu galdu ditu SPDk—. AfD Alemaniarentzako Alternatibak azken urteotako gorakadari eutsi dio, eta lander guztietako ganberetan sartzea lortu du. Hessekoa CDUk epe laburrean jasotako bigarren kolpea da; duela bi aste Bavariako hauteskundeetan haren aliatu CSU Batasun Sozial Kristauak gehiengo osoa galdu zuen.

Hemezortzi urtez CDUren buru izan ostean utziko du kargua Merkelek. Kantziler gisa, lau aldiz hautatu dute, eta ia hamahiru urte daramatza agintean. Alemaniako Errepublika Federalak bederatzi kantziler izan ditu, eta Merkel baino denbora gehiagoa aritu direnak bi besterik ez dira. Bestalde, lehen emakume kantzilerra izan da.

Ondorengoa, abenduan

Merkelen lekua hartzeko hiru hautagai posible daude. Aipatu den faboritoa Annegret Kramp-Karrenbauer da, CDUko idazkari nagusia. Beste bat Jens Spahn izan daiteke, gaur egungo Osasun ministroa. Friedrich Merz CDUren talde parlamentarioko presidente ohia ere prest agertu da, «alderdiak hala nahi izanez gero». Abenduaren 7an eta 8an egingo dute hautaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.