MunDUA

Mexikoko Gobernazio ministroa hil da, aire istripuan

Juan Camilo Mouriño, Felipe Calderon presidenteak Gobernuan zeukan gizonik garrantzitsuetakoa zen. Mexiko Hirian izan du ezbeharra gaur, hegazkin txikian, eta harekin zihoazen beste zazpi lagun ere hil egin dira.

2008ko azaroaren 5a
08:36
Entzun
Juan Camilo Mouriño Mexikoko Gobernuko Gobernazio (Barne) ministroa hil da gaur, hegazkin txiki batean zihoala istripua izanda, Mexiko Hirian. Harekin zeuden beste zazpi lagun ere zendu egin dira.

Hiriko erdigunean gertatu da istripua, eta San Luis de Potositik Mexiko Hirira zihoazen.

37 urte zituen Mouriñok -Mexikoko ministrorik gazteena zen-, eta Felipe Calderon presidenteak Gobernuan zeukan kiderik garrantzitsuetakoa zen. Herrialdeko erreforma nagusiak aurrera ateratzeko ardura emana zion lehendakariak; besteak beste, petrolioari buruzkoa -lehengo astean onartu zuen Kongresuak-. PAN alderdikoa zen.

Madrilen jaio zen, eta hemezortzi urte zituela hartu zuen Mexikoko naziotasun agiria. Ekonomilaria zen eta aurtengo urtarrilaren 16an hartu zuen Gobernazio ministroaren kargua. 2000an lortu zuen lehen aldiz Kongresuan diputatu kargua, Campeche-tik. Harrezkero Energia arloan hainbat kargu eduki zituen, eta 2006ko hauteskundeetan Calderonen taldeko koordinatzailea izan zen.

90eko hamarkadan bahitu egin zuten Mouriño. Egun batzuetan eduki zuten atxikia, eta haren familiak milioika dolar ordaindu zituen aske uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.