munDUA

Mexikoko Golkoko petrolio isuria Mississipi ibaiaren bokalera iristen ari da

Luisianako kostaldean orban beltzak ikusi dituzte. Oliobideak bost mila upel petrolio isurtzen ditu itsasora egunean; AEBek hondamendi nazionaltzat jo dute.

2010eko apirilaren 30a
12:34
Entzun
Mexikoko Golkoko petrolio isuriaren orban batzuk Mississipi ibaiaren bokalera ailegatzen hasi dira, Luisiana estatuko WWLTV telebista kateak (AEB) jakinarazi duenez. WWLTVren arabera, AEBetako Kosta Zaindariko helikoptero batek iluntzean atzeman ditu lehen orbanak. Luisianako kostaldean babestutako basabizitza eremu garrantzitsua dago, eta AEBetako itsas elikagaien gune nagusietako bat ere bada ingurune hori. Luisianaz gain, Texasko, Missouriko, Alabamako eta Floridako kostaldeak ere mehatxupean daude.

AEBetako inoizko natur hondamendirik handiena izan daitekeela ohartarazi dute; Exxon Valdez-ek Kanadako kostaldean eragindakoa baino okerragoa. Mexikoko Golkoko petrolio plataforma batean leherketa bat izan zen aurreko astean, eta, hura hondoratu ostean, oliobidea hautsi zen. Honezkero hiru lekutan dago zulatua oliobidea, eta, ondorioz, bost mila upel petrolio isurtzen ari dira itsasora egunean, hasiera batean aurreikusitakoa baino bost bider gehiago; 795.000 litro petrolio isurtzen ari dira, beraz, egunean.

Janet Napolitano Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako idazkariak hondamendi nazionaltzat jo du isuria, hartara, orbanari aurre egite aldera bitarteko gehiago eskuratu ahal izateko. Napolitano gaur gerturatuko da inguru hartara kalteak ikuskatzeko, eta, aurreratu duenez, erantzukizunak eskatuko ditu. AEBetako armada bera jada ari da isuria gehiago zabal ez dadin laguntzen, eta hainbat gunetan petrolioa erretzeari ekin diote. Langak ere ezarri dituzte itsasoan.

BP British Petroleumen Deepwater Horizon plataforma hilaren 20an zartatu zen. Louisianako kostatik 90 kilometrora dago eraikina, eta biltegian 2,6 milioi litro petrolio ditu; egunean 1,27 milioi litro ateratzen ziren handik. Leherketaren unean, 126 lagun zeuden plataforman, eta horietatik 11 desagertuta daude.

Leherketa ikertzen

Istripua zerk eragin zuen argitzeke dago, baina, aurreneko ikerketen arabera, presioa ezustean handitu izanak eragin zuen leherketa. Plataforma handik bi egunera hondoratu zen. Lehentasuna orain itsas azpian 1.500 metrora dagoen putzua ixtea da, baina, horretarako zailtasun handiak dituzte putzuaren sakonera dela eta. Mary Landri AEBetako Kosta Zaindariko buruaren esanetan, putzua aurki itxi ezean, inoizko marea beltzik handiena izango da Mexikoko Golkokoa.

Exxon Valdez ontziak eragindakoa da orain artean herrialdeko hondamendirik handiena. Kanadako kostaldean 41 milioi litro petrolio isuri zituen ontziak 1989. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.