23 pertsona hil dira zibil armatuen eta segurtasun indarren arteko tiroketa batean, Mexiko iparraldeko Coahuila estatuko Villa Union herrian. Larunbat gauean izan ziren istiluak. Miguel Riquelme Coahuilako gobernadorearen arabera, Ipar Ekialdeko Kartelak hasi zuen erasoa, udaletxeari tiroka. Hildakoetatik lau segurtasun indarretako kideak dira, eta beste zazpi, erasotzaileak. Riquelmek azaldu duenez, gainontzeko gorpuak identifikatzen ari dira.
Horrez gain, jakinarazi du beste sei polizia zaurituta daudela, baina arriskutik kanpo. Iturri ofizialen arabera, ihes egiterakoan eurekin eraman zituzten lau adingabeak aurkitu dituzte, baina desagertutako beste hiru pertsonaren bila dabiltza. Oraingoz, ez dute inor atxilotu.
Riquelme gobernadoreak Ipar Ekialdeko Kartelari leporatu dio erasoa, eta esan du krimen antolatuarekin lotutako talderen bat egunero saiatzen dela Coahuila estatura sartzen. Ohartarazi du erantzuna «irmoa» izango dela: «Mexikoko Estatuko indar guztia erabiliko dugu gizarteari kalte egiten dioten horrelako delituei aurre egiteko». Coahuilako Segurtasun Publikorako Idazkaritzak berretsi du delitugile taldeen aurkako borroka etengabea dela.