Nahuatl herri indigenako kidea eta kazetaria

Leticia Hernandez: «Mexikon lurraldearen 46 defendatzaile hil dituzte 2019tik»

Deforestazioaren eta meatzaritzaren ondorioz, Veracruzko eta inguruko estatuetako indigenak lurrez gabetzen ari direla salatu du Hernandezek.

Leticia Hernandez.
OSKAR MATIXN EDESA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Mexiko ekialdean, Veracruz estatuko komunitate indigenen egoeraren berri ematera etorri zen Leticia Hernandez (Tenatitla, Mexiko, 1995) Euskal Herrira joan den martxoan, Alboan elkarteak gonbidatuta. Radio Huaya irratiko esataria da, eta Nahuatl bere komunitateko nahiz inguruko herri indigenetako kideen testigantzak biltzen aritzen da, lurraren eta giza eskubideen defentsan ari direnei ahotsa ematen. Estraktibismoaren ondorioz pairatzen ari diren ingurumen kalteak ekarri dizkietela eta lurrez gabetu dituztela salatu du.

Zer aldaketa ari zarete atzematen Veracruzko komunitate indigenen lurraldeetan?

Mexikon, Veracruz iparraldeko mendilerroak soiltzen ari direla ikusten dugu, lurralde horretan sartu diren enpresen eta megaproiektuen ondorioz. Esku hartze horrek aldaketak eragin ditu. Orain, laborantzak ez du uztarik ematen, eta ur gabezia handia dago. Klima krisiak urtaroak aldatu ditu. Lehen, euria egiten zuen hilabeteetan; orain, ez dago euririk. Egiten duenean, gehiegi egiten du kolpetik, eta uholdeak sortzen dira.

Nola eragiten dio horrek komunitateen bizimoduari?

Nekazari komunitateak dira. Beraien bizigai nagusia artoa da. Baita babarruna eta txilea ere. Gure ohiko elikagaiak. Ingurunean gertatzen ari den aldaketek laboreak kaltetu dituzte, eta komunitateek elikagai gutxiago lortzen dute. Baina komunitateak jakirik gabe gelditzen badira, edo urik gabe gelditzen badira, hiriak ere elikagai gabe geldituko dira. Baita Mexiko Hiria ere. Haiek ekoizten dituzte elikagaiak.

«Orain, laborantzak ez du uztarik ematen, eta ur gabezia handia dago. Klima krisiak urtaroak aldatu ditu»

Zer industria jarduera ari dira basoa soiltzen?

Jendeak negozioa egin du egurrarekin. Noski, badaude jarduera hori ustez kontrolatzen duten erakundeak, zuhaitz gehiegi moztu ez daitezen. Baina arazoa da jendea zuhaitz oso gazteak ari dela mozten, edo ehun eta berrehun urtekoak, eta horiek urez hornitzen dituzte komunitateak, ura atxikitzen dutelako. Deforestazioa ez dira modu onean arautzen ari, eta horretan ari direnek gehiago pentsatzen dute ekonomian naturaren zaintzan baino.

Horri gehitu behar zaio meatzaritza enpresak iritsi direla. Batez ere, Kanadakoak dira. Urrea, zilarra, manganesoa, kobrea eta beste metal eta mineral batzuk erauzteko sartu dira, ez soilik Veracruzen, baita Micuacanen, Hidalgon, San Luis Potosin eta beste estatu batzuetan ere. Enpresek ura ere erauzten dute, milaka eta milaka litro erabiltzen dituztelako egunero.

Lurrez gabetu izana salatu duzue.

Jarduera horien ondorioak komunitateek pairatzen dituzte, nagusiki; enpresetako asko komunitate indigenen lurretan ezarri baitira. Indigenek jasaten dituzte ur eskasia, lurren erabilera aldaketa eta lurrez gabetzea. Enpresak jada ezarrita daudenez, eta komunitateek ingurumenean aldaketak ikusten hasi direnez, ezin dute beraien lurretan bizitzen jarraitu. Kanpora joan behar dute.

Adibideren bat jar dezakezu?

Adibide argietako bat da Hidalgo estatuko Zacacuautla herrian gertatzen ari dena. Filiberta Navado Templosek, hango lurraren defendatzaile batek, kontatu digu basoa babesteko duten borroka. Argazkietan eta bideoetan jaso dute nola hirurehun urteko zuhaitzak moztu dituzten. Gainera, ikusten ari dira inguru horretako urtegiaren ur maila jaisten ari dela zuhaitz kopuru handia moztu dutelako. Ikaragarria da ikustea basoa nola utzi duten.

Zuhaitzak mozten dituztenek diote berriak landatzen dituztela, baina ez diete hazten uzten. Hamar urte dituztenean berriz mozten dituzte. Horrek komunitateko kideak behartu ditu beste bizimodu bat bilatzera; beraien familia, komunitatea eta historia uztera. Huayacocotlan ere, gu bizi garen inguruan, deforestazioa pairatzen ari gara, eta bero garaia iristen denean ur gabe gelditzen gara.

«Jendeak negozioa egin du egurrarekin. [...] Zuhaitz oso gazteak ari dira mozten, edo ehun eta berrehun urtekoak»

Zer neurri ari dira hartzen ur eskasiari aurre egiteko?

Komunitateak zuhaitz gehiago ari dira landatzen ur putzuen inguruetan, ur gehiago atxikitzeko. Tailerrak ere antolatu dituzte naturaren zaintza ez dezaten soilik nagusiek egin, haurrek eta gazteek ere ikas dezaten. Lurraldea defendatzea bizitza zaintzea da, bizitza ona babestea. Bizitza ona da komunitateek hainbat urtetan izan duten bizimodua, bizitza komunitarioa sostengatu duena.

Komunitateetako kideen aurkako erasoak gertatzen ari dira?

Erasoak beti egon dira lurraldea defendatzen denean. Askotan, enpresak lurraldean ezartzen dira komunitateek baimendu gabe, soilik gobernuaren baimenarekin. Komunitatea antolatzen denean enpresari esateko bere lurretan dagoela, ingurua kutsatzen ari dela eta ez duela horretarako baimenik, errepresioa etortzen da.

Izan dira mehatxuak eta erailketak. Lurraldearen defendatzaileek beraien komunitateen babesa dute soilik normalean, soilik komunitateek ulertzen baitute Lurrarekin daukaten konexioa eta haren esanahia. 2019tik gaur arte, lurraldearen 46 defendatzaile hil dituzte, gutxienez. Datu hori gutxi gorabeherako bat da, erregistratu gabeko erailketak ere badaude eta. Kasu horietako asko zigorrik gabe gelditzen dira, eta ez da justiziarik izaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.