Mexikon, Oaxacan, herrixka bat estali du luizi batek, eta ehunka etxe suntsitu ditu

Muino bat erori dela eta lokatzaren azpian ehunka lagun egon daitezkeela ohartarazi dute tokiko agintariek

Erredakzioa
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Santa Maria Tlahuitoltepec Mexikoko Oaxaca estatuko herrixkan gertatu da hondamendia. Azken egunotako euriek hainbat luizi eragin dituzte, eta horietako batek erabat estali du herrixka; muino bat erori baita, eta ehunka etxe suntsitu baititu. Datu ofizialen arabera, zazpi lagun hil dira eta beste ehun desagertuta daude, baina lokatzaren azpian mila lagun ere egon litezkeela ohartarazi du Ulises Ruizek. Oaxaca estatuko gobernadoreak jakinarazi du zailtasunak dituztela eremura joateko, tartean, luiziak etengabeak direlako eta lau ibaik gainezka egin dutelako, baina, larrialdietarako plana jada martxan jarri dutela.«Ezin dugu datu zehatzik eman».

Goizaldean gertatu zen luizia, eta, hainbat iturriren arabera, 200 metro lur mugitu zituen. Muinoan 300 etxebizitza zeudela ere eman dute tokiko hedabideek, eta herrixkan orotara 9.000 lagun bizi direla. Santa Maria Tlahuitoltepec herrialdeko eremu pobreenetako bat da, herritar gehienak indigenak direlarik.

Felipe Calderon presidentea ere eskualdera joatekoa zen atzo. Twitter bidez zabaldutako mezuan azaldu zuen bidean zela baina iristeko zailtasunak zituela. Dozenaka desagerturen berri zuela ere eman zuen aditzera presidenteak. Kritikak ez zaizkio faltako; bertako herritarrek aspalditik ari ziren ohartarazten muinoa erortzekotan zela. Oaxaca egunkariak hilaren 13ko alean iragarri zuen muinoa une batetik bestera behera joango zela, eta harekin dozenaka etxebizitza.

Mexikoko historiako eurite gogorrenak izaten ari dira aurtengoak, eta dagoeneko milioi bat laguni kalteak eragin dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.