Arratsaldeko 18:15 aldera lurreratu da hegazkina Mexiko Hirian. Nazioarteko aireportuko hangar batera eraman dute presidente ohiaren hegazkina, haren bizia arriskuan dagoela aintzat hartuta. Andres Manuel Lopez Obrador presidentearen gobernuak «arrazoi humanitarioak» argudiatuta eman dio asiloa buruzagi indigenari. Moraselek, zentzu horretan, eskerrak eman dizkio babesa eman dion presidenteari «bizia salbatzeagatik». Zeharkaldia ez da erraza izan.
Marcelo Ebrard Mexikoko Atzerri ministroak gaur goizaldean baieztatu du Morales hegazkinean zela jada, Mexikora «modu seguruan» bidaia zezan. Mexikoko armadaren hegazkinak hainbat orduko geldialdi bat egin du Paraguain, erregaiz hornitzeko eta Brasildik, Perutik eta Ekuadortik igarotzeko baimenak eskuratzeko. Boliviako presidente ohiak Twitter bidez iragarri du Mexikora bidean dela:
«Arrebak eta anaiak, Mexikorako bidea hartu dut, gure bizitza zaintzeko herri senide horrek eskaini didan asiloa onartuz eta eskertuz. Min ematen dit herrialdea arrazoi politikoengatik utzi beharrak, baina beti egongo naiz adi. Laster itzuliko naiz indar eta energia gehiagorekin»
Carlos Mesa oposizioko liderrari, azken 21 egunetako protesten lider Luis Fernando Camachori eta Poliziari egotzi die berriz ere azken asteburuan «mahaian emandako kolpea», gaua nola igaro duen erakusten zuen argazki batez lagunduta. Halaber, Moralesek salatu du bere bi etxeri eraso dietela, eta hainbat telebista katek zabaldu dituzte arpilatzearen ostean grabatutako etxearen irudiak.
Mexikoko gobernuak adierazi duenez, baliteke asiloaz gain errefuxiatu egoera aitortzea Moralesi. Presidente ohiak eskaera egiten badu, ziurtatuko du ez dutela itzuliko Boliviara, eta 45 eguneko epea izango luke Mexikok eskaera onartu edo ukatzeko.