Mutiko bat militar batengana hurbildu da. Behetik gora begiratzen dio. Arabieraz zerbait galdetu dio. Soldaduak ez dio ulertzen, baina badaki hitzen bat: «Al-Maghrib? [Maroko?]», galdetu dio. Marokoren eta Espainiaren arteko muga dagoen gunea seinalatu dio; ea Marokora itzuli nahi duen. Mutilak ez dio erantzun, eta alde egin du. Zenbait erakundek eta bizilagunen elkartek egindako erregistroen arabera, gutxienez 4.000 migrante adingabe daude Ceutan. Legez, administrazioek banan-banan aztertu beharko dute kasu bakoitza, eta horren ostean ebatzi jaioterrira itzuli behar duten edo Espainiaren tutoretzapean geratzen diren.
Hamza ez da ausartzen militarrekin eta poliziekin hitz egitera. Guardia Zibilen txapel okerrek grazia egiten badiote ere, azken egunetan bizitakoen ostean tentuz begiratzen die uniformedunei. Astelehenean Espainiako Poliziaren Buruzagitza Nagusiaren aurrean egon zen, beste ehunka gaztetxorekin batera.
Poliziak identifikatzea nahi zuten, eta erregistroaren prozedura hastea. Batzuk goizeko ordu bietatik egon ziren zain: mutilak alde batean zeuden, eta neskak bestean — askoz gutxiago, 50 bat—. Mutikoak aurrera egin nahian hasi ziren, Poliziaren egoitzara hurbildu nahian. Azkenean, agenteak, borra eskuan, gazteen atzetik abiatu ziren, guztiak sakabanatu zituzten arte. Horietako bi lurrean etzanda geratu ziren; konortea galdu zuen batek, eta bestea zaurituta zegoen.
«Gaur jada ez, gaur ez», esaten zieten agenteek bulegora itzultzerik izango zuten galdetzen zutenei. Halere, gazteek ez zuten amore eman, eta segituan ilara txukun bat antolatu zuten ondoko kalean. Alferrik. «Presio egitera joan ziren, poliziak adingabeak erregistratzen has zitezen. Hori da lehen urratsa; ondoren, bakarrik datozen etorkin adingabeen zerrendan sartu behar dituzte. Baina ez dira ari egiten ez bata ez bestea», argitu du Maria Jimenez Elin elkarteko bozeramaileak. Elkarte horrek 25 urte baino gehiago daramatza migratzaileei laguntzen.

Gertakari horien ostean, Hamzak zalantzak zituen berriz Poliziarengana joan ala ez. Baina hurrengo egunean bizitakoek zalantzak argitu zizkioten. Kalean lotan zegoela hainbat agente ikusi zituen korrika, bera eta beste zenbait migrante zeuden tokirantz. Ihes egin zuen. Begiak bildu gabeko gauaren ostean, ura erostera joan zen La Reina kaleko denda batera. Asaldatuta atera zen: «Dendaria marokoarra zen. Gaizki hitz egin dit, haserre bezala. Ez dakit jendeari zer geratzen zaion; guztiak daude haserre gurekin». Gainera, urik ez zen geratzen, eta Powerade batekin atera zen. «Futbolean jokatzen dudanean hartzen dut hau».
Hamza marokoarra da, Asilah hirikoa. «Hondartza ederrak ditugu han, Ozeano Atlantikoari begira». Futbola du pasio. Tangerren bizi zen, eta hango talde batean jokatzen du. Bere jokaldi onenak grabatuak ditu; sakelakoan bideoa erakutsi du. «Hori naiz ni». Ziur dago gai dela futbolaria izateko. Uztailaren amaierako zeharkaldian iritsi zen Ceutara, igerian. «Marokon familia daukat, etxea, futbol taldea... Baina nire bizitzan aurrera egin nahi dut». Eta horretarako Europara joan beste aukerarik ez duelakoan dago. Erresuma Batura joan nahi du; horregatik ikasi du ingelesa, «filmak eta dokumentalak ikusiz».
Lehenik, baina, Espainian bere egoera erregularizatu nahi du. Eta badaki denbora kontra daukala. Hiru hilabete geratzen zaizkio 18 urte betetzeko. «Ez dut gezurrik esango. Alak ez lidake barkatuko». Alak pertsona onak omen ditu maite, baina etxean erakutsi diote halakoa izaten. Haren gurasoek badakite Ceutan dagoela.
«Ezin dira 9.000 pertsona bueltan bidali, bereizketarik egin gabe. Aurrez prozedura bat egin behar da»
MARIA JIMENEZElin elkarteko bozeramailea
Madrilek esan du kanporatu egingo dituela uztailaren amaieran Ceutan sartutako migrante guztiak. Praktikan, ordea, ez direla horrelakorik egiten ari argitu du Jimenezek: «Nik uste dut Ceutan bizi den jendea lasaitzeko esan dutela, edo aurrerantzean etorri nahi dutenei asmo hori burutik kentzeko. Baina ezin dira 9.000 pertsona bueltan bidali, bereizketarik egin gabe. Aurrez prozedura bat egin behar da».
Eta adingabeen kasuan are eta konplexuagoa da. Gainera, Elin elkarteko bozeramailek jakinarazi duenez, badago aurrekari bat: 2021eko maiatzean ere zeharkaldi masibo bat gertatu zen Ceutan, eta adingabe asko geratu ziren hirian. Urte bereko abuztuan, autobus batean 57 adingabe bueltan bidali zituzten Marokora. 2024an, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen legez kontra itzularazi zituztela.
Prozesu luzea
«Bueltan bidali baino lehen, zenbait berme exijitzen ditu Espainiako legediak: lehenik, adingabea identifikatu behar da, eta jakin ea jaioterrira itzuli nahi duen edo ez; gero, gurasoekin harremanetan jarri behar da, eta familiaren egoera zein den jakin; ondoren, adingabeak babesteko zerbitzuek ebaluazio bat egin behar dute, fiskalak ere bai... Eta jarraian erabaki behar da adingabea itzularazi edo ez».
Migrante adingabeak jaioterrira itzuli nahi badu ere, prozesua ez dela erraza jakinarazi du Jimenezek. Marokoko Barne Ministerioak asteon salatu du Espainiak atxikita dauzkala adingabe marokoarrak. «Gehienek ez, baina batzuek esaten dute Marokora itzuli nahi dutela. Baina, horretarako ere, prozesu bat egin behar da: identifikatu, familiarekin hitz egin...».

Adingabeak itzuli nahi ez duela ziurtatuta, eta gainerako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, estatuaren tutoretzapean geratuko da, eta adingabeentzako zentro batean sartuko dute. Ceutan badago horrelako bat, La Esperanza zentroa, baina beteta dago. Hortaz, beste autonomia erkidego batzuetara eraman beharko lituzkete. Horrela, behingoz kalean lo egiteari utziko liokete.
Hori da Hamzaren asmoa ere. Argi du ez duela Marokora itzuli nahi. «Oporretan bai, bestela ez». Orain, halere, ez dago kalean. Gaixotu egin da. Belarriaren atzean orbain handi bat du. Duela lau hilabete ebakuntza bat egin zioten, eta orain mina ematen hasi zaio. Ceutako Ospitalean artatu dute, han dagoen bakarrean. Harrituta atera da: «Oso jatorrak izan dira». Egun batzuk egin ahal izango ditu lehengusu baten lagun baten etxean, «osatu arte». Ondoren, beste lekuren bat bilatu beharko du, eta Poliziarengana joateko adorea berreskuratu nahi du. Espero du ospitalean eman dizkioten paperek erregistroan sartzen lagunduko diotela: «Inshallah [Oxala]».