Kea darie Belfasteko kaleei. Poliziek Sudango gizon bat atxilotu zuten astelehen gauean Irlandako bigarren hirian, gizon bati labanaz eraso egin baitzion kalean bertan, eta gertakari horrek istiluak eragin ditu. Ondoko uhartean, Britainia Handian, antzeko liskarrak piztu berritan gertatu da. Hegoafrikan ere protestak egon dira azken asteetan, paperik gabeko migranteen kontra.
Labankada bat Belfasten
Migrazioaren kontrako erreakzioa Irlandako gatazkaren ondorioekin nahasi da. Hilketa saiakera auzo errepublikano batean gertatu zen, baina biharamunean, atzo gauean, talde loialistek hainbat mobilizazio antolatu zituzten migratzaileen kontra. Ipar Irlandak Erresuma Batuan segitzearen aldekoak dira loialistak, eta, oro har, eskuin muturrera lerratuak. Su eman zieten zenbait eraikini eta ibilgailuri, eta liskarrak izan ziren Poliziarekin. Crumlin kaleko zenbait etxebizitza nola kiskaltzen diren ikusi zuen lekuko batekin hitz egin zuen BBC hedabideak, eta esan zuen bertan bizi zirenak «beltzak izate hutsagatik» erre zituztela —errepublikanoen eta unionisten auzoen muga da Crumlin—. Ruth Anderson Erresuma batuko Gazteria ministroak gaur jakinarazi du 27 herritar etxerik gabe gelditu direla. Gainera, liskarren beldur, garraio publikoa bertan behera utzi dute Ipar Irlanda osoan, eta Belfasten komertzio eta enpresa askok goiz itxi dute.
Michelle O’Neill Ipar Irlandako lehen ministroak sare sozialetan hedatutako bideo batean salatu zuen «jende arriskutsu eta arduragabea» baliatzen ari dela Belfasteko hilketa ahalegina «errurik ez dutenen kontra jotzeko». Sinn Fein alderdi errepublikanokoa da O’Neill.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak ere ildo beretik jo zuen: «Zatiketa sustatzen ari direnekin gogor jokatzeko momentua da», gaineratu zuen. Besteak beste, Nigel Farage Reform UK ultraeskuineko buruak, Tommy Robinson buruzagi ultraeskuindar ingelesak eta Elon Musk X sare sozialeko jabeak egin dituzte migratzaileen kontrako mobilizaziorako deiak.
Irlandako alderdi britainiazale nagusiak, DUP Alderdi Demokratiko Unionistak, berriz, bere agenda politikoa indartzeko baliatu nahi du krisia. Gavin Robinson liderrak «kontrolik gabeko immigrazioa» amaiarazi behar dela esan zuen atzo Komunen Ganberako saioan, baina, horrez gain, aukera baliatu zuen Starmerri eskatzeko itxi dezala Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga.
Hilketa leporatu diote astelehenean atxilotu zuten gizonari, eta gaur eraman dute epailearen aurrera; zaintzapean edukiko dute lau astez, hurrengo auzi saiora arte. Biktimak larri segitzen du, eta begi bat galdu.
Hilketa bat Southamptonen
Henry Nowak abenduan hil zuteneko Poliziaren grabazioak kaleratu zituzten joan den astearen hasieran —epaiketa amaitu eta gero horretarako baimena eman baitzuen biktimaren familiak—, eta protestak egin zituzten Southamptonen (Ingalaterra); bi lagun atxilotu zituzten, eta hamabi agente zauritu. Migrazioaren kontrako erreakzioak eragin ditu hilketak, baita Poliziaren jarreraren kontrakoak ere, eskuin muturrak auzia berera ekarri duen arren: joan den asteko bideo batean, Farage ultrak salatu zuen «talde etnikoa nolakoa, Poliziak hala» jokatzen duela, ez duela berdin jokatzen: «Zurien eskubideek eta pribilegioek gutxiago balio dute gutxiengo etnikoenek baino».
Etorkinen semeak ziren bai biktima eta bai hiltzailea; jatorri poloniarra zuen Nowakek, eta 18 urte; jatorri indiarra, berriz, Vickrum Singh Digwakek, eta 23 urte. Hilketaren egunean, eta Poliziaren kontakizunaren arabera, agenteak bertaratu zirenean hiltzaileak argudiatu zien eraso arrazista bat egin ziola Nowakek. Hori «akusazio faltsua» izan zela adierazi zuen joan zen astean Donna Jonesek, Hampshire eskualdeko eta Wight irlako Polizia eta Krimen komisarioak —gobernuko kargudun bat da—. Hiltzaileak poliziei ez zien esan labankadarik eman zionik; Nowakek, ordea, esan zien baietz, labankadak jaso zituela, baina ez zioten jaramonik egin, eta behin hura atxilotzen ari zirela ohartu ziren zaurituta zegoela. Bertan hil zen. Digwari espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri diote.
Migranteak Hegoafrikatik ihesi
Ohikoak dira Hegoafrikan Afrikako beste herrialdeetatik joandakoen kontrako protestak, eta azken asteotan beste behin areagotu da tentsioa. Immigrazioaren kontrako March & March mugimenduak protestara deitu du, etorkinei leporatzen baitiete ekonomiari kalte egitea —%30eko langabezia du Hegoafrikak—, zerbitzu publikoak eskastea, eta delinkuentzia areagotzea.

Are, hilaren amaierara arteko epea eman diete papergabeei alde egiteko; ez dute ohartarazi zer gertatuko zaien bertan geratzen direnei, baina Mozambikeko Gobernuak salatu du bost herrikide erail zituztela maiatzaren amaieran, eraso xenofoboetan.
Ez dira gobernu gutxi, ikusita migranteen kontrako erasoak eta diskurtsoak nola joan diren ugarituz, herrikideak aberriratzea erabaki dutenak: joan den astean jaioterrira itzuli ziren Ghanako 350, Malawiko 150 eta Zimbabweko 72; eta herriratzeko itxoiten zeuden gutxienez Mozambikeko bostehun lagun eta Nigeriako 130. Beste zenbait herrialdek, berriz, etxetik ez ateratzeko eskatu diete herrikideei.
Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak adierazi zuen, joan zen asteburuan egindako agerraldi batean, «errealak» direla hegoafrikarren kezkak, entzun egin behar direla, eta «erantzun bat» eman behar zaiela. Iragarri zuen papergabeen kontrako neurriak hartuko dituela: besteak beste, paperik gabekoak kontratatzen dituztenei espetxe zigorrak aplikatzea, propio deportazioak azkartzeko epaitegiak ezartzea, mugetako «segurtasuna» indartzea, eta Afrikako herrialdeekin batera lankidetzan aritzea. Hori bai, nabarmendu zuen gobernuak bakarrik egin beharko lukeela papergabeen kontra, «ez beste ezeinek».