Mimi proiektuko zuzendaria

Isabel Marin Arrizabalaga: «Migratzaile gehiegi daudela esatea egoeraren interpretazio erraz bat egitea da»

Marinen esanetan, hamar urteotan okertu egin da Alemaniako egoera sozioekonomikoa, eta horrek bidea erraztu die mezu arrazistei. Oraindik abian daude, ordea, 2015ean errefuxiatuei laguntzeko sortutako proiektuak eta azpiegiturak.

Isabel Marin.
Isabel Marin.
maddi iztueta olano
2025eko irailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hogei urte beteko ditu aurten Hanburgoko (Alemania) Mimi proiektuak. Alemaniara iristen diren migratzaileei osasungintzaren alorrean laguntzea du helburu. Horretan diharduten guztiek bizi izan dute migrazio prozesu bat, baita proiektuko zuzendari Isabel Marin Arrizabalagak ere (Errenteria, 1963), eta kulturartekotasuna oinarri hartuta ekiten diote lanari.

Hogei urtez aritu zara lanean Alemaniara iritsitako errefuxiatuekin, eta Mimi proiektuaren zuzendaritzan zaude orain. Zein da zuen helburua?

Mit Migranten, für Migranten da gure leloa (Migratzaileekin, migratzaileentzat), eta proiektuaren izena, Mimi, horren laburdura bat da. Hor lan egiten dugun guztiok daukagu migrazioarekin lotutako istorio bat, gutako bakoitzak bizi izan du migrazio prozesu bat, eta ikuspuntu jakin batetik ekiten diogu lanari. Osasunaren arloan egiten dugu lan, baina ez gara medikuak; errefuxiatuei eta migranteei medikuarenera laguntzen diegu, eta arlo horrekin lotutako informazioa ematen diegu. Azken finean, helburua da osasungintzan izan ditzaketen mugak eta oztopoak gainditzen laguntzea. 

Zein dira esparru horretan dituzten oztopo nagusiak?

Hizkuntzak pisu handia du, adibidez. Herrialde batera ailegatu berritan, gainera, ezinbestekoa da orientazio bat jasotzea, lekuan lekuko osasun sistemak desberdinak baitira, eta jakin egin behar da horietan nabigatzen. Kulturartekotasunari ere erreparatzen diogu, osasunaren eta gaixotasunen kontzeptuak kulturalak baitira. 

Kulturartekotasuna aintzat hartzea ba al da etorkinen integrazioa bermatzeko urrats bat?

Tira, nik ez dut integrazio hitza erabiltzen aurretik zertaz ari garen argitu gabe. Proiektuan, egia esan, kontzeptu hori eztabaidagai bat da, eta oraindik ez dugu horri buruzko jarrera bateraturik.

Zergatik?

Gaur egun, bai politikan, bai testuinguru gehienetan, integratzeak esan nahi du migratzaileak herrialde horretako alderdi guztiak onartu eta ulertu behar dituela. Ni ez naiz erabat horren kontrakoa, baina integratu ahal izateko, harrerako gizarteak definitu egin behar du etorkina non integratu behar den, zeren eta ez da posible gizartean, bere osotasunean, integratzea; gizarte bakoitza gizarte talde txikiagoek osatzen dute eta.

Edonola ere, integrazioa helburu bada, horretarako ezinbestekoa da migratzaileek lekuan lekuko hizkuntza ikastea, zalantzarik gabe. Kontzeptu horrekin bueltaka banabil ere, beti gomendatuko diot pertsona bati joan den lurraldeko hizkuntza ikas dezala. Hori bai, ikastaroak egon arren, errefuxiatu askok ez daukate harremanik alemaniarrekin; hortaz, ez dute alemanez komunikatzeko aukerarik.

«Gaur egun, testuinguru gehienetan, integratzeak esan nahi du migratzaileak herrialde horretako alderdi guztiak onartu eta ulertu behar dituela»

Harrerako herrialdeek ere izango dute erantzukizunik, ezta?

Bai, noski. Kulturartekotasunak exijitzen du gizarte bateko kideek etengabe ikasi behar dutela elkarrekin bizitzen. Etengabeko ikasketa bat da, luzea eta neketsua; erronka handia da. Halere, aberasgarria ere bada. Askotan hitz egiten dugu arazoez eta zailtasunez, eta ahaztu egiten zaigu alde positiboei begiratzea. Gizarte homogeneo batek kolore gutxi dauka, eta ni kolorezalea naiz.

Esan ohi da Alemanian elkartasun olde bat egon zela 2015eko udazkenean. Jarrera hori aldatu egin da urteotan?

Aldatu da, baina, aldi berean, mantendu egin dira garai hartan sortutako proiektuak eta azpiegiturak. Egoera zail horrek freskura handia ekarri zuen. Kaleko paisaia harrigarria zen: adin eta estilo guztietako herritarrak ikus zitezkeen errefuxiatuei babesa ematen.

Zergatik gertatu da aldaketa hori?

Alemaniako egoera sozioekonomikoa okertu egin da. Bizitza garestitu egin da, eta osasungintza ere ez dago bere onenean. Hanburgon, adibidez, oso zaila da pediatrak aurkitzea. Egia da biztanleriak gora egin duela, baina defizit hori bazetorren lehenagotik, eta ez zen garaiz konpondu. Migratzaile gehiegi daudela esatea egoeraren interpretazio erraz bat egitea da, eta orduan egiten da bereizketa: haiek eta gu. 

«Ahaztu egiten zaigu alde positiboei begiratzea. Gizarte homogeneo batek kolore gutxi dauka, eta ni kolorezalea naiz»

Halere, Alemaniako Gobernuak esaten du atzerriko langile kualifikatuen beharra dagoela. Ez al da kontraesana?

Hemen uste baino atzerriko langile kualifikatu gehiago daude, errefuxiatuak direnak, baina Alemaniak oso sistema hertsia du atzerriko kualifikazioak onartzeko, eta titulu horien homologazioak egiteko izapideak oso katramilatsuak dira.

Eta ultraeskuina egongo balitz agintean?

Nire profezia ilunetako bat hori da. AfDk aurrera egingo balu, ziur aski gure antzeko proiektuek bizitza laburra izango lukete. Politikaren eta gizartearen joerak aldatzen badira, nabarituko dugu: batetik, jende gutxiago iritsiko delako; eta, bestetik, finantzaketa murriztuko delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.