Migrazioa, aho biko ezpata

Migrazioa arma gisa baliatzen dute zenbait gobernuk. Ceutan gertatutakoa da horren adibide. Kate Hooper ikerlariaren arabera, Maroko migratzaileez baliatu da Espainia kontzesioak egitera behartzeko «hainbat tentsio puntutan».

Hainbat lagun Espainiatik Marokora itzultzen, uztailaren 31an, Ceutan. JALAL MORCHIDI / EFE
Hainbat lagun Espainiatik Marokora itzultzen, uztailaren 31an, Ceutan. JALAL MORCHIDI / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko abuztuaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Norbaiti arma bat marrazteko eskatuta, pistola baten antzeko zerbait irudikatuko du agian, edo fusil baten antzeko zerbait akaso. Izan ere, etsaiei erasotzeko eta haiengandik babesteko tresnak dira armak, eta tiro egitea zuzen-zuzenean eraso egiteko modu bat da. Baina badira bestelako arma anitz definizio horren barruan sartzen direnak, eta, etsaia odolusten ez badute ere, haren aurka egiteko eta defendatzeko balio dutenak. Azken egunetan ikusi da migrazioa arma gisa baliatzen dutela hainbat estatuk. «Hainbat puntu tirabiratsuk migrazioa modu horretan erabiltzera bultzatu dezakete Maroko», adierazi du Kate Hooper AEBetako MPI Immigrazio Politiken Institutuko ikerlariak.

Uztailaren amaieran, 80.000 lagunek Marokotik Espainiarako bidea hartu zuten, eta Ceutan sartu ziren —hori da Espainiako Gobernuaren azken datua—. Gertatutakoa «inoiz ez bezalako migrazio krisitzat» jo du Hooperrek. Haren ustez, sare sozialek rol garrantzitsua izan zuten hartan: «Informazio okerra zabaldu zen muga gurutzatzeko aukeraren inguruan: muga ez zuela inork zaintzen, gurutzatzeko modua zegoela, eta migranteek asiloa eska zezaketela ere bai. Sare sozialek zeresan handia izan zuten».

Uste da zabaldutako mezuak lotuta daudela Marokoko Gobernuaren estrategia jakin batekin. Hooperren arabera, Marokok «ez ikusiarena» egin zuen mugan, eta ez zituen egoera kontrolatzeko «nahikoa baliabide» jarri. Hala ere, uste du gehiegizkoa dela esatea Maroko jendea hauspotzen aritu zela muga zeharka zezan.

«Zabaldu zen muga ez zuela inork zaintzen, gurutzatzeko modua zegoela, eta migranteek asiloa eska zezaketela»

KATE HOOPER MPI Immigrazio Politiken Institutuko ikerlaria

Historiari erreparatuz, Marokok behin baino gehiagotan erraztu du Espainiara sartzeko bidea, eta hortaz, migrazioa presio mekanismo gisa erabili, bi herrialdeen arteko eztabaidak tartean zirela. Oraingoan ere, litekeena da hala egin izana, eta zenbait hedabidek hipotesiak egin dituzte zergatien inguruan: Espainiaren eta Aljeriaren arteko tirabirak, Marokok Ceuta eskuratzeko nahia, Mendebaldeko Sahararen auzia...

Baina, MPIko ikerlariaren hitzetan, Espainiako Gobernuak ez die garrantzirik eman nahi izan hipotesi horiei, eta Madrilek eta Rabatek ez dute erakutsi elkarren arteko harremana okertzen ari denik. «Ikusi besterik ez dago Maroko eta Espainia elkarlanean ari direla 70.000 pertsona Marokora itzularazteko. Batera aritzen dira lanean, bereziki migrazioaren kudeaketan», esan du.

Urteroko kontua

Hoperrek nabarmendu du migrazioa oso sarritan erabiltzen dela arma gisa. «Azken 50 urteetan gutxienez, urtero gertatu dira halakoak». Hortaz, ziurtatu du ez dela gertakari bakana: «Gertakari horrek herrialdeen arteko botere desoreka islatzen du, eta agerian utzi migrazioa gai sentsiblea dela zenbait herrialderentzat».

Bi herrialderen artean gatazkaren bat dagoenean agertzen dira migrazio fluxuak, eta, hainbatetan, EB Europako Batasunetik kanpoko herrialde baten eta talde komunitarioko herrialde baten artekoa izaten da liskarra. Horren adibide dira Maroko eta Espainia, Tunisia eta Italia, Bielorrusia eta Polonia, eta Turkia eta Grezia, esaterako.

«Gertakari horrek herrialdeen arteko botere desoreka islatzen du, eta agerian utzi migrazioa gai sentsiblea dela zenbait herrialderentzat»

KATE HOOPERMPI Immigrazio Politiken Institutuko ikerlaria

Hooperren arabera, baina, kasu horiek guztiak ezin dira zaku berean sartu: «Uste dut mota askotako kasuak daudela migrazioa arma gisa erabiltzeari dagokionez. Markokoren kasuak eta Bielorrusiarenak, adibidez, ez dute zerikusik. Espainiak erlazio ona du Marokorekin, eta lankidetzan aritu izan dira denbora luzez. Lotura estua dute elkarrekin, eta migrazio gaiak jorratzen dituzte, baina baita gai ekonomikoak ere. Tunisiaren kasua antzekoa da. Tunisiak sarritan erabili izan du migrazioa Italiarekin migranteen kudeaketari buruzko akordioak lortzeko, eta hura kontzesioak egitera behartzeko, betiere aliatu izanda. Bielorrusia, kontrara, ez da elkarlanean aritzen. Intentzioa min egitea da, eta EBren aurka egitea hark ezarri dizkion zigorrengatik. Errusiak ere antzekoak egin izan ditu. Helburua hori dute: beste herrialdea desegonkortzea eta kaosa sustatzea».

Itun ahula

Horrela, adituak iritzi dio EBk urrats jakin batzuk egin beharko lituzkeela. Hain justu, duela bi hilabete onartu zuen Batzordeak Migrazio eta Asilo ituna. «Uste dut EBk indar handiagoa jarri beharko lukeela ituna aplikatzeko orduan», esan du Hooperrek. Erantsi du talde komunitarioko zenbait kidek oraindik ez dituztela «neurri guztiak» ezarri: «Uste dut argi geratu dela ituna oraindik ahul dagoela. Espainiak Marokorekin duen aldebiko harremanera eta lankidetzara jo du, EBren itunean jasotakoak erabiltzen saiatu aurretik».

(ID_16340411) ESPAÑA CEUTA
Felipe VI.a Espainiako erregea eta Juan Jesus Vivas Ceutako presidentea, abuztuaren 6an, Mallorcan. EFE

Ceutan gertatutakoari erreparatuta, MPIko ikerlariak ez du uste kasu horrek aldaketa handirik ekarriko duenik EBren politiketan: «Hausturak ikusi genituen elkartasunean; zatiketa oso nabariak izan ziren estatu kideen artean. Batzuek zalantzan jarri zuten erantzulea nor zen, eta zergatik gertatzen ari zen hura». Hooperrek uste du EBk beharrezkoa duela pentsatzea nola lortu estatu kideak bide berean joatea, baita migrazioaren kudeaketan ere.

Analisiak ikuspegi geopolitikotik abiatuta egiten dira maiz, eta adituak aitortu du sarritan bigarren mailan geratzen dela auzi horren alderik garrantzitsuena: giza kostua. «Izugarria da. Hildako asko izan dira». Argi du heriotzarik eta halako beste krisirik ez izateko garrantzitsua dela neurriak hartzea, «eta desinformazioari ere aurre egitea, jendeak ez ditzan bidaia arriskutsu horiek egin». Hainbat gobernuz kanpoko erakunderen arabera, 140 lagun baino gehiago hil ziren uztail amaierako zeharkaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA