Mila lagun baino gehiago zauritu dira bart gauen Egiptoko Tahir plazan izandako istiluetan. Poliziak negar egiteko gasak eta gomazko balak erabili ditu protestak desegiteko, eta manifestariek harri eta bonba su-eragileekin erantzun dute. Azken asteetako istilurik larrienak izan dira.
Manifestariek urtarrileko mobilizazioetan aldarrikatutako erreformak azkarrago garatzeko eskatu dute. Mobilizazio haien ondorioz Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak kargua utzi behar izan zuen. 800 hildako baino gehiago izan ziren orduan, eta heriotza horien arduradun gisa jotako goi karguak epaitegietara eramateko eskatu dute protestetako parte-hartzaileek.
Egiptoko fiskal nagusi Abdel Meguid Mahmoudek esan du geratutakoak ikertuko dituen batzordea osatu behar dela. Ordu batzuk lehenago, Polizia Tahir plazatik ateratzeko agindu du Barne Ministeritzak, istilu gehiago gerta ez daitezen.
Osasun Ministeritzak esan duenez, 120 zauritu bederatzi ospitaletara eraman dituzte; gainontzekoez istiluen guneetan zeuden mediku eta anbulantziak arduratu dira.
Bart gauean urtarrileko protestetan hildakoen familiarrentzako ekitaldi bat egin dute Cairoko Al Balon antzokian; 150 pertsona inguru antzokira sartzen saiatu dira familiarrak direla esanez, baina ez diete sartzen utzi; horietatik bederatzi atxilotu dituzte, istiluak eragitea leporatuta. Eraso eta atxiloketen ondorioz hainbat lagun Barne Ministeritzari eraso egitera joan dira eta beste ehundaka Tahir plazara azaldu dira familiarrei elkartasuna adieraztera.
Egiptoko lehen ministro Essam Abdel Aziz Sharafen bulegoak adierazi du liskarretan ez dela hildakorik egon. Momentu hauetan badirudi egoera lasaiago dagoela; istiluen aztarnak erdigune guztian ikus daitezke.