Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearen erabakia kritikatu dute manifestariek. Sei kontseilari aske utzi ditu epaileak, baina ez hala Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart. Guztiek kalean egon behar dutela adierazi dute ahots batez, udaletxe atarietan eta plazetan egin dituzten elkarretaratzeetan.
Protestetan presentzia handia izan dute xingola horiek eta, oro har, kolore horiak. Cuixart eta Sanchez espetxeratzeko agindu zutenetik ari dira xingola horiak erabiltzen, preso horiek aske uzteko eskatzearen sinbolo gisa. Hedatu egin da irudi hori, eta baita kolorea ere; askatasunaren irudi bihurtu da hori hori.
Espainiako Gobernuak, ordea, zenbait kasutan debekatu egin du sinbologia horren erabilera, eta herritarrek kolore horia nabarmenki erabili dute, xingoletan eta zapietan. Bartzelonako Sant Jaume plazan, adibidez, Generalitateko jauregiaren goiko balkoian jarri dituzten argi horietan ere sumatzen zen protesta asmo bat.
Protesta guztiz gehienak Askatasuna preso politikoentzat leloak idatziak zituzten pankarta eta txartelekin egin dituzte. Agusti Alcoberro ANCko presidenteak eskatu du, preso dauden lau pertsona horiez gain, ez ahazteko 700 bat alkate ikerketapean daudela, eta urriaren 1eko poliziaren indarkeriari buruz eskolan hitz egiteagatik irakasle batzuk ere auzitegietara deklaratzera deitu dituztela.