Aberri Eguna ospatzen dute Galizian uztailaren 25an, eta, horren harira, BNG alderdi nazionalistak deituriko manifestazioan milaka pertsona elkartu dira Santiagoko kaleetan.
Gero eta gehiago, Galizia berri baterako lelopean, martxa egin dute hiriko kaleetan barrena. Alderdiak sostengua pilatu nahi du Galizian egingo dituzten hurrengo hauteskundeetarako.
Ana Ponton eledunak «ziklo aldaketa» eskatu du, Xuntako historiako lehenengo emakumezko presidente bihurtzeko. Bloke nazionalistako ateak zabalik daudela esan du, «oinarria zabaltzeko».
Eguerdian abiatu da manifestazioa, Compostela zumarditik. «Galizia aske, herri boterea» oihuen artean egin dute aurrera, jai giroan. BNGko ordezkariez gain, Bruselako Legebiltzarreko Europako Aliantza Aske taldeko kideak egon dira manifestazioaren buruan. Euskal Herriko ordezkaritza bat ere, tartean Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañaga, eta Paul Bilbao Sarria. Horrez gain, EH Bilduko nazioarteko taldeko Igor Zulaika egon da martxan, eta EAko Lorena Lopez de la Calle.
Amaierako ekitaldian, Ponton bera, Galiza Novako idazkari nagusi Marta Gomez, eta Daniel Castro diputatua mintzatu dira.