GAZAREN KONTRAKO ERASOA

Milatik gora dira Israelen erasoaldian hildakoak, palestinar zibilak gehienak

Lau orduz luzatu du Israelek su-etena, gauerdira arte —23:00ak Euskal Herrian—. Goizaldean Israelek hamabi zibil palestinar hil ditu eta 50 inguru zauritu eraikin bat bonbardatuta.

arantxa elizegi egilegor
2014ko uztailaren 26a
00:47
Entzun

Goizeko 07:00etan sartu da indarrean su-eten humanitarioa, eta hamabi orduz luzatzea adostua zuten bi aldeek. Hura amaitzear zela, ordea beste lau orduz luzatuko dutela iragarri dute, gauerdira arte —23:00ak Euskal Herrian—. Nazioarteak, NBEren bitartekaritzarekin, egindako menia luzeago baten proposamena aztertzeko baliatuko dute bi aldeek su-etena. Gazan, berriz, zaurituak artatu eta hondakin artean geratutako gorpuak ere ateratzeko baliatu dute barealdia.

Aurretik, ordea, Israelek etxebizitza eraikin bat bonbardatu eta gutxienez 35 pertsona hil ditu eta 50 zauritu, tartean familia bereko hogei kide. "Su-etena indarrean sartu baino minutu batzuk lehenago bonbardatu udte etxea. Menia hasi aurretik ahalik eta minik handiena egin nahiko balute bezala", salatu du Beit Khanumgo herritar batek.

Ez da goizeko eraso bakarra izan. Gurutze Gorriak salatu du beraien anbulantzietako bat ere tirokatu eta langile bat hil duela Israelgo Armadak.

Milatik gora dira hildakoak eta 6.000 baino gehiago zaurituak. Bizirik atera direnak, berriz, ez dute nora joanik, ez aterperik. Euren etxeak suntsitu ditu Israelek, eta NBEren aterpeetan ere ez dira seguru sentitzen, izan ere, haiek ere jomuga bilakatu ditu Tel Avivek.

NBEk bultzatuta onartu dute bi aldeek etenaldia, dena den, eta Al Jazeera-k ohartarazi duenez, zail da menia Gaza osoan errespetatzen dela bermatzea. "Menia berez indarrean egon arren, leherketak entzun ditugu Gazako zenbait eremutan", adierazi du Al Jazeerako kazetari Nicole Johnstonek.

Parisen, berriz, nazioarteko atzerri ministroak biltzekoak dira Israel eta Hamasen arteko su-eten mugagabea bultzatu asmoz. AEBetako Gobernuak proposatu du zazpi eguneko menia bat adostea eta epe hori elkarrizketak hastea. Israelek, ordea, atzera bota zuen atzo egitasmoa. Dena den, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak nabarmendu du "terminologia" dela akordioa lortzeko arazo nagusia, eta baikor agertu da.

Paristik hain zuzen ere gaurko su-etena beste 24 orduz luzatzeko eskatu diete bi aldeei, eta hura nahi adina aldiz luzatzeko aukera aztertzeko, negoziazioak errazte aldera.

Hamaseko buru Osama Hamdanek, berriz, ohartarazi du su-eten iraunkorrik egongo bada Israelek setioa eten eta pasabideak zabaldu beharko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.