Argentinarrak gero eta modu nabariagoan erakusten ari dira ez daudela pozik Javier Milei presidentearen kudeaketarekin. Aintzat hartu behar da, gainera, estatu egitura batean ehundutako ustelkeria sare baten berri eman dutela hedabideek azken asteetan. Horiek horrela, Mileiri harriak eta beste objektu batzuk jaurti zizkioten atzo gauean Lomas de Zamora herrian, Buenos Airesko probintziarako hauteskunde kanpainako ekitaldi batean —irailaren 7an egitekoak dira boz horiek—.
WATCH: Argentina president Javier Milei escorted away from a public event after crowd violence. pic.twitter.com/QRN0G8Yz1e
— Clash Report (@clashreport) August 27, 2025
Eskuin muturreko liderra ibilgailuen karabana batean parte hartzen ari zen, eta eraso egin zioten. Onik atera zen. Bizkartzainek babestu egin zuten, eta, ondoren, ibilgailu blindatu batean sartu. Presidentearekin batera zihoazen Karina Milei, hau da, haren arreba eta presidentetzarako idazkari nagusia, eta Jose Luis Espert bozetarako hautagai ofizialista.
Lomas de Zamoran peronismoa gailendu ohi da, eta, hortaz bai Mileik bai gobernuko beste kide batzuek peronistak jo zituzten gertatutakoaren erantzule. Dena den, hainbat sektoretako eta elkartetako ordezkariek deitu zuten protestara. Hori gertatu aurretik, Federico Otermin Lomas de Zamorako alkateak adierazi zuen «absurdua» zela Mileik gisa horretako karabana batean parte hartzea, eta bertaratzekoak zirenei eskatu zien «lasai eta indarkeriarik gabe» protesta egiteko.

Protestan ari zirenen artean baziren desgaitasunen bat duten herritarrak eta haien senideak ere. Izan ere, Mileik betoa jarri dio Desgaitasunaren Larrialdiko Legeari — Diputatuen Ganberak izkin egin dio betoari, eta, orain, Senatuan eztabaidatuko dute—. Horren ondorioz, mobilizazioak abiatu dira Argentinan, eta areagotu ere egin dira gero, hedabideek Desgaitasunaren Agentzia Nazionalaren barruko ustelkeria sare baten berri eman baitute.
Hainbat elkartek Milei salatu dute. Hain zuzen, horri buruz mintzatu zen atzo presidentea, eta adierazi zuen «gezurra» dela. «Auzitara joko dugu, eta frogatuko dugu nork esan zuen gezurra».
Irailaren 7ko hauteskundeak test gisa jo dituzte, modua emango dutelakoan ikusteko Mileik zenbateko babesa duen Argentinako probintzia jendetsuenean presidente hautatu zutenetik ia bi urte pasatu den honetan. Bozen ostean, Buenos Airesko parlamentuaren parte bat berrituko dute.