Mileiren Argentina, burujabetza bertzeren esku uzten hala airez nola itsasoz

Argentinako Gobernuak zenbait akordio egin ditu AEBekin Hego Atlantikoaren kontrolerako, eta gisa anitzetako interesak daude itun horien gibelean, gero eta garrantzi ekonomiko eta geopolitiko handiagoko guneen kontrolari eragiten baitiote.

Trump eta Milei, iazko urrian, Etxe Zurian. WILL OLIVER / EFE
Trump eta Milei, iazko urrian, Etxe Zurian. WILL OLIVER / EFE
Cecilia Valdez
2026ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela zenbait aste, Javier Mileiren gobernuak akordio militar estrategiko bat sinatu zuen AEBekin, kontrola zorrozteko asmoz gero eta interes ekonomiko eta geopolitiko handiagoa duen eremu batean, Hego Atlantikoan alegia. Munduko Ondasun Komunak Babesteko Programa, halaxe paratu diote izena akordioari, eta, eufemismoa goiti-beheiti, agerikoa da Argentinaren burujabetza galera gero eta handiagoa dela, eta, halaber, baliabide naturalak bertzeren esku uzteko prozesuak nabarmen bizkortu direla ultraeskuina gobernuan denetik.

Nahiz eta AEBen Argentinako enbaxadak iragarri zuen akordioa sinatu zutela, Mileiren gobernuak ez du letra txikiaren berri eman, behin baino gehiagotan hala egiteko eskatu bazaio ere. Konparazio batera, Argentinako Gobernuak esplorazio eta zaintza ekipamendua erosteko konpromisoa hartua du Trumpen gobernuarekin, eta El destape albiste atariko kazetari Sebastian Premicik informazioa galdetu zuen horri buruz, baina erantzun zioten testua sekretu militarraren pean dagoela.

Ernesto Alonso giza eskubideen arloaren arduraduna da Malvinetan Soldadu Aritutakoen Elkartean, eta honela mintzatu da: «Herrialde kolonizatua da gurea, bi milioi kilometro koadro usurpatuak baitizkigu Erresuma Batuak, eta, gainera, haren esku dago pasabide biozeanikoa ere». Azaldu duenez, Hego Atlantikoaren inguruko hitzarmenak ez du «legez kanpoko arrantza» bakarrik barne hartzen, baizik eta baita «Malvinetako petrolio erreserba handiak» ere; «horiek horrela, bi eragile geopolitiko garrantzitsu agertu dira tartean: Israel eta AEBak».

«Sistematikoki urratu dira Konstituzioak ezartzen dituen arauak, sekretupeko saio berezi batera deitu behar baitzuten, eta ez zuten halakorik egin»

ERNESTO ALONSO Malvinetan Soldadu Aritutakoen Elkarteko kidea

Preseski, legez kanpoko arrantzaren kontrako zaintza gogortzea izan zen akordioa sinatzeko argudio nagusia, baina, anitzen ustez, itunak Txinaren aitzinatzea geldiarazteko ere balioko du, Argentinaren Zona Ekonomiko Esklusibotik kanpo arrantzatzen duten ontzi gehien-gehienak hangoak baitira. Nolanahi ere, Premiciri helarazi zioten erantzunean hau zehazten da: «Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Departamentuak laguntza emanen du herrialde aliatuen defentsa gaitasunak garatzeko, helburutzat hartuta segurtasun arloko interes komunak sustatzea».

Hego Atlantikoa, leku estrategikoan egonik, baliabide natural anitzeko eta aniztasun handiko lurraldea da, eta hala Antartikarako nola merkataritza ibilbide nagusietarako sarbidea ere bai. Argentinako plataforma kontinentala balio handikoa da arrantza baliabideei eta hidrokarburoei dagokienez, eta horrek are garrantzitsuago bihurtzen du mundu zabalean. «Defentsari eta sekretu militar bati dagozkien auzi guzi-guziak Kongresuan aztertu behar dira», adierazi du Alonsok. Haren erranetan, kasu honetan «sistematikoki urratu dira Konstituzioak ezartzen dituen arauak, sekretupeko saio berezi batera deitu behar baitzuten, eta ez zuten halakorik egin».

Alonsoren arabera, «matxarda mugimendu bat» izaten da halako maniobren gibelean, eta, haren bidez, «zenbait enpresa, horietako anitz Israelgoak», Latinoamerikako baliabide naturalen kontrola hartzen hasiak dira. AEBek Monroe doktrina berriz ezartzearen alde egin dute, gibeleko patiotzat hartzen duten hori kontrolatzearen alde, alegia, eta horrek «subiranotasuna galtzea» dakar, «baina baita orain arte ezagutzen zen Argentina hura xehatzea ere».

AEBetako soldaduak Argentinan

AEBetako militarrak Argentinan sartu izanak hauspotu egin ditu Ushuaian, hau da, hegoalderen dagoen Argentinako hirian base militar bat ezarri nahi dutelako susmoak, horrela modua izanen bailitzateke eremu kontinentaletik Malvinetara eta Antartikara zuzenean sartzeko. Iazko irailean sinatutako dekretu baten bidez, Mileik baimena eman zuen AEBetako militar talde bat Argentinako lurretan sar zedin maniobra militarrak egitera hiru itsasontzi basetara: Mar del Platara, Ushuaiara eta Puerto Belgranora.

Azterketa Estrategiko eta Globalen Argentinako Elkartearen webgunean argitaratutako artikulu batean, Alberto Jauretche Unibertsitate Nazionaleko kide Daniel Alberto Symchak azaldu du «Magallaes itsasartea, hau da, Ozeano Barearen eta Atlantikoaren arteko pasabide naturala, eta Drake pasaia, hau da, Hego Amerika eta Antartika bereizten dituena kontrolatzea» dela kontua funtsean, «baita Antartikako eta Esperantza Oneko lurmuturreko operazioak kontrolatzea ere, lurmutur hori izaten baita bide komertzial nagusia Suezko kanalean, Itsaso Gorrian edo Ekialde Hurbilean arazoak daudenean».

Premicik, berriz, adierazi du itsasoz ez ezik lurrez ere sartzen ari direla Argentinan. Orain, jabetza pribatuaren bortxaezintasunari buruzko lege bat eztabaidatzen ari dira Kongresuan, eta haren bidez moldatu eginen dute landa eremuko lurren legea; izan ere, araudi horrek mugak ezartzen ditu atzerritarrei lurrak saltzeko orduan, hala nola lur horietan ur erreserba garrantzitsuak baldin badaude. «Baliabide naturalak arpilatzeko araudi sare baten parte da dena», Premiciren aburuz.

«Txina eta legez kanpoko arrantza aitzakiak bertzerik ez dira, arazo horiek konpontzeko ez baita beharrezkoa AEBetako Hegoaldeko Komandoarekin akordiorik egitea»

SEBASTIAN PREMICI 'El destape' albiste atariko kazetaria

«Aholkularitza teknikoa aitzakia gisa hartuta, AEBek kontrol geopolitikoa ezarria dute, eskualdean dituzten enpresen bidez», gaineratu du Premicik. «Nahiz eta herrialde bateko edo bertze bateko enpresak izan, konpainia horien finantza egitura Blackrock, Vanguard eta antzeko inbertsio funts handien esku dago alde batetik edo bertzetik».

Argentinako itsasoaren gaineko burujabetza bertzeri ematea eta lurrak atzerritarren esku uztea neurri sorta zabalago baten parte da; izan ere, sorta horrek barne hartzen ditu mineral kritikoen inguruko akordioak —litioari dagozkionak, batez ere—; Patagonian adimen artifizialeko datu zentro erraldoiak eraikitzeko egitasmoak, Inbertsio Handietarako Pizgarri Erregimenaren bidez sustatuak, eta Pax Silica akordioa, herrialde multzo bati modua ematen diona adimen artifizialari lotutako hornidura kate guzia bermatua izateko. Proiektu horien guzien gibelean AEBak agertzen dira beti, edo, bertzela, kontrolpean duten enpresaren bat.

«Txina eta legez kanpoko arrantza aitzakiak bertzerik ez dira, arazo horiek konpontzeko ez baita beharrezkoa AEBetako Hegoaldeko Komandoarekin akordiorik egitea», laburbildu du Premicik. «Ematen du hemen, Argentinan, baliabide naturalez jabetzeko pausoak ematen ari direla egiatan, hainbat lege zirrikitu baliatuta horretarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA