«Ardura». Behin eta berriz errepikatu du hitz hori Iker Zirion Landaluze (Bilbo, 1976) EHUko Nazioarteko Zuzenbideko irakasleak Europako Batasunaren «berrarmatze planaz» hitz egitean. Adierazi du talde komunitarioak, estatu kideek eta armagintza industriak «makineria guztia» jarri dutela martxan militarismoa sustatzeko.
Hurrengo lau urteetan defentsarako 800.000 milioi euro jartzea adostu du Europako Batzordeak. Bruselak hartu izan dituen beste neurri batzuekin gertatu izan da, baina oraingoan estatu kideak ez dira kexatu. Gobernuak zergatik daude prest gastu militarra horrenbeste areagotzeko?
Militarismoaren aldeko joera bat dago, eta hori babesten dute bai Europako Batasunak, bai estatu kideek. Baliteke arazoak sortzea diru hori zertarako erabili behar den erabakitzeko orduan. Esaterako, proposatuz gero diru hori Errusiaren aurka erabili behar dela, ziurrenik aurka agertuko litzake Viktor Orban [Hungariako lehen ministroa]. Baina gastu hori armagintza eta defentsa sustatzeko da, eta bera ere horren alde dago.
Beren burua ezkertiartzat jotzen duten gobernuek ere ez dute kontra egin.
Duela gutxi Pedro Sanchezek [Espainiako presidenteak] esan zuen [defentsa indartzearen aldeko joera] olatu baten modukoa dela, eta ezin dela haren aurka egin. Ez dakit benetan berak bide hori ibili nahi duen ala ez, baina, ziur asko, agintari batzuk bakartuta sentituko ziren, eta aurrera egitea erabaki dute. Kezkatzekoa da gobernu ezkertiarrek ere ez egitea kontra.
Armagintza enpresek pisu handia dute Bruselan?
Bai, armagintza industriak indar handia du; armagintza lobbya aspalditik dago Bruselan; bai [Europako] Parlamentuan, bai [Europako] Batzordean. Bestalde, oso gutxitan aipatzen da, baina niretzat oso datu garrantzitsua da: Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen Alemaniako Defentsa ministro izan zen 2013tik 2019ra. Etsaia barruan dago. Ez da kasualitatea Von der Leyenek plan hori aurkeztu izana. Alemania arma ekoizle eta esportatzaile garrantzitsua da, eta jokalekuak modua eman dionean aurrera eraman du plana.
«Makineria guztia jarri dute martxan gizartean militarismoaren aldeko jarrera sustatzeko. Solasaldietan parte hartzen dutenek, kazetariek... Errusiak hurrengo egunean eraso egin behar balie bezala hitz egiten zuten»
Herritarrek ere ez dute protesta handirik egin. Iritzi publikoa ados al dago berrarmatze planarekin?
Nik esango nuke, oro har, ez dagoela ados. Kontua da zenbait gairen inguruan jarrera pasiboa dugula. Nire ustez sekulako hutsegitea da gauzak horrela igarotzen uztea, militarismoaren eta gisa horretako politiken aurka agertu gabe.
Bestetik, propaganda ere badago. Makineria guztia jarri dute martxan gizartean militarismoaren aldeko jarrera sustatzeko. Bizirik irauteko kitaren kontua da horren adibide. Itzela izan zen. Solasaldietan parte hartzen dutenek, kazetariek... Errusiak hurrengo egunean eraso egin behar balie bezala hitz egiten zuten. Hiru urteko gerraren ostean, bat-batean agendan mehatxu hori agertu zen.
Zergatik?
Argi zuten kritika gutxiago izateko mehatxu hori sortu behar zutela. Badago Naomi Kleinek aipatzen duen teoria ezagun bat: shock doktrina. Haren arabera, gertakari traumatiko baten ostean, izan estatu kolpe bat, atentatu bat, gerra bat edo gerra baten mehatxua, herritarrek gogo gutxiago izaten dute kritika egiteko; otzanago agertzen dira, eta elite politiko-ekonomikoek hartutako erabakiak onartzeko prestasun handiagoa izaten dute.
Aditu guztiek diote ezinezkoa dela, Errusiak ez duela ez gaitasun ekonomikorik ez militarrik Europako Batasunari eraso egiteko. Hiru urte daramatza gerran Ukrainako zati txiki batean, eta ez da gai han aurrera egiteko ere.
Zenbait herrialde soldadutza berrezartzea planteatzen ari dira. Hori izan liteke hurrengo urratsa?
Teknologia geroz eta garrantzitsuagoa da armagintzan, baina pertsonak ere behar dira. Armetan dirutza gastatu ondoren, horiek erabiltzeko pertsonak ere beharko dira. Zenbait herrialdetan indarrean dago oraindik, eta beste batzuek gogoetagai izan dute ideia hori, hala nola Alemaniak, Frantziak eta Italiak. Militarismo fase hau ez da armagintzara mugatuko; militarizazioa mentala ere izango da. Herritarrei buruan sartu nahi diete militarizazioarena.
«Gerra bat edukitzen ez badugu, eta ez dut uste, arma horiek beste gatazka batean amaituko dute, eta pertsonak hiltzeko erabiliko dituzte. Ardura gurea izango da»
Batzordeak argudiatzen du segurtasuna bermatzeko sustatu behar dela militarizazioa.
Historiak guztiz kontrakoa erakutsi du. Europako Batasunak gatazkak ekidin nahi baditu, negoziazioaren bidez egin behar du hori. Hori esaten du nazioarteko zuzenbide publikoak: konponbide baketsua sustatu behar dela, eta ez indarraren erabilera.
Armekin badakigu zer gertatzen den. Gerra bat edukitzen ez badugu, eta ez dut uste, arma horiek beste gatazka batean amaituko dute, eta pertsonak hiltzeko erabiliko dituzte. Ardura gurea izango da.
Armei beldurra galdu die gizarteak? Urrun ikusten al ditu gerrak?
Hein batean, bai. Europan ongizate estatuetan bizi gara, nahiko eroso. Hori dela eta, zailagoa egiten zaigu enpatiaz eta erantzukizunez jokatzea munduan gertatzen diren gatazken inguruan, nahiz eta sare sozialetan eta hedabideetan egunero agertzen diren. Aldi berean, saturazio puntu bat ere badago. Ikusten dugu, baina ez dugu sinesten benetakoa denik edo erantzukizunik daukagunik.
Hein handi batean, gure agintariek hartutako erabaki politikoek eta guk geuk ditugun jokabideek eragin zuzena dute munduan zehar dauden gatazka armatuetan. Euskal Herrian armak ekoizten dira, eta horiek esportatu egiten dira. Ardura daukagu. Europako Batasuna kritikatzen dugu, baina hemen gertatzen dena ere kritikatu behar da. Eusko Jaurlaritzak hamarkadak daramatza armagintza sustatzen.