Minen aurrean, minak

Europa ekialdeko beste zenbait herrialderekin bat egin du Ukrainak, eta uko egingo dio pertsonen aurkako minak erabiltzeko debekuari. Errusia jo dute erabakiaren erantzuletzat. Adituak kezkatuta daude nork pairatuko dituen lehergailuen kalteak.

Ukrainako armada, pertsonen aurkako minak eramaten, Chasiv Yar hiritik gertu, gerrako frontean, 2024ko urrian. EFE
Ukrainako armada, pertsonen aurkako minak eramaten, Chasiv Yar hiritik gertu, gerrako frontean, 2024ko urrian. EFE
2025eko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ottawako Itunetik ateratzekoa da Ukraina. Finlandiak, Estoniak, Letoniak, Lituaniak eta Poloniak egindakoari jarraituko dio 2022tik Errusiarekin gerran dagoen herrialdeak, eta uko egingo dio pertsonen aurkako minak ekoiztea, gordetzea, erabiltzea eta transferitzea debekatzen duen nazioarteko itunari. Hala adierazi zuen herrialdeko presidente Volodimir Zelenskik udara hasieran, Moskuren erasoetatik defendatzeko duten aukera bakarra zela argudiatuta. 

Penaz hartu du berria Sean Conner IPB Nazioarteko Bake Bulegoaren zuzendariak. Ukraniaren irteera nazioarteko akordioen aurrean segurtasun nazionala lehenesteko joeraren beste pauso bat dela uste du Connerrek. Paul Helsop UNMAS Nazio Batuen Erakundeko Ukrainako Minen Ekintzarako Programaren arduradunaren ustez, berriz, «duela 80 urtetik Europan egon ez diren gatazka armatuetara itzultzearen emaitza izan da».

Gerrak eta nazioarteko egoerak bultzatu dute Kiev Ottawako Itunetik ateratzera. Helsop eta Conner ados daude horrekin. Hala ere, adierazpena argudiatzeko bide desberdinak erabili dituzte bi adituek. NBEkoarentzat, errudun bakarra dago: Errusia. Telefonoz, behin eta berriro azpimarratu du: «Ukrainako gatazka armatua hasi izan ez balitz, ituna indarrean egongo litzateke, eta ez dut uste inork bertatik ateratzea mahaigaineratuko lukeenik ere». 

«Ukrainako gatazka armatua hasi izan ez balitz, ituna indarrean egongo litzateke, eta ez dut uste inork bertatik ateratzea mahaigaineratuko lukeenik ere»

PAUL HELSOP UNMASeko arduraduna Ukrainan

2022ko otsailean Kiev eta Moskuren arteko gerra hasi zenetik, Errusiak etengabe erabili ditu minak frontean. Hala, 2023tik, munduan minaz kutsatutako lur gehien duen herrialdea da Ukraina —lurraldearen %23an egon daitezke minak, 139.000 kilometro koadroan—. Horrek ondorio militar eta ekonomiko sakonak eragin ditu, baita ingurumena hondatu ere. Horren aurrean, Helsopek Ukrainaren erabakia babesteko beste argudio bat eman du: «Errusiarrek lehergailu horiek eraginkorki erabili dituztela ozenki esaten badute, zergatik ez ditu Ukrainak bere etsaiaren aurka erabiliko?». 

Connerrek, berriz, argudio hori arbuiatu du. «Zoritxarrez, Ukraina eta bestelako herrialdeak akordiotik erretiratzeak islatzen duena da herrialde horiek galdu egin dutela Errusiaren aldean zuten abantaila morala», adierazi zuen IPBkoak. Ottawako Ituna 1997an sortu zen, eta ordutik ez da egon akordiotik atera nahi izan duen herrialderik, aurten arte. «Europako militarizazio kanpainari» leporatu dio hori Connerrek: «Mendebaldeko agintariek zabaldu dute Errusiak Europako lurralde gehiago inbaditu nahi dituela, denak ez esatearren. Hori, funtsean, militarizazioaren aldeko propaganda da, eta Europako gobernuak nazioarteko zuzenbideari eta giza eskubideen zuzenbideari bizkarra ematera eraman ditu».  

«Zoritxarrez, Ukraina eta bestelako herrialdeak akordiotik erretiratzeak islatzen duena da herrialde horiek galdu egin dutela Errusiaren aldean zuten abantaila morala»

SEAN CONNER IPBko zuzendaria

Bestalde, Errusiaren eta Ukrainaren gerrako oraingo dinamika ere aipatu du Kieveren erabakiaz hausnartzean. Connerren ustez, ez errusiarrak eta ez ukrainarrak ez dira «aurrerapen handirik» egiten ari, eta, beraz, ukrainarrek «defentsarako aukera militar guztiak aztertzeko beharra dute». 

Nolanahi ere, bi adituek gaitzetsi dute Ukraina Ottawako Itunetik aterako dela iragarri izana. Ottawako Itunetik bost herrialde erretiratzeak nazioartean ez du joera zabalduko, Connerren esanetan; hala ere, «Mendebaldeak arma horiek erabiltzeko hartu duen erabakiak Errusia sakonago errotuko du lurreko minak erabiltzera». Gainera, Connerrek ez du uste minek Mosku egiten ari den «basakeriak» murrizten lagunduko dutenik. «Gehiago oztopatuko du okupatutako lurraldeak berreskuratzea, eta gerraren ondorio militar eta humanitarioak luzatuko dizkio Ukrainari». Bestalde, Ukrainak pertsonen aurkako minak erabiltzearen ondorioak, ziur aski, zibilek pairatuko dituztela azpimarratu zuen Helsopek.

1997tik gaur egunera

Pertsonen aurkako minak biktimak hurbiltzean aktibatzen dira, eta, normalean, gainazalean edo lurrazpian ezkutatuta egoten dira. Connerren arabera, «segurtasuna bermatzen dutelako itxura eman dezaketen arren, praktikan, herrialde bateko segurtasuna nabarmen jartzen dute arriskuan». Soldadu bat, pertsona bat, ume bat, edozein hurbiltzen dela ere, eztanda egiten du gailuak. Beraz, Helsopek azaldu duenez, «pertsonen aurkako minek ez dute bereizten». Iragan azaroan, ICBL Pertsonen Aurkako Minen Debekurako Nazioarteko Kanpainak urteroko txostena argitaratu zuen, eta, bertan, 2024an minen biktimen %84 zibilak zirela ohartarazi zuen, baita horietatik herenak umeak zirela ere.

Duela ia mende bat hasi ziren gerretarako minak maiz erabiltzen, eta, horien kalteak eragozteko, 1990eko hamarkadaren amaieran, Ottawako Ituna sortu zuten, 1997an. Berrogei herrialdek sinatu eta berretsi zuten orduan, eta, gaur egun, 163 kide dira. Hala ere, munduko potentzia militar handienek —Errusiak, Ameriketako Estatu Batuek, Indiak, Txinak eta Pakistanek, besteak beste— ez dute ituna sinatu. 

Ezarri zutenetik, ituna «garrantzitsua» izan da, eragile eta aditu gehienen hitzetan. Akordioak 1997tik gaur egunera izandako ondorio onuragarri guztietatik bi nabarmendu ditu Helsopek: lehenik, biltegiratutako milioika mina suntsitu zituztela; eta, bigarrenik, minak erabiltzea nazioartean «onartezina» izan dela hogei urtez. Beraz, Helsopen arabera, «itunari esker, gatazketan erabili ahal izan diren ehunka mila edo milioika mina ez dira erabili».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.