Mogherini EBko diplomaziaburu ohia inputatu dute ustelkeriagatik

Europako Batasunaren formakuntza programa batekin lotuta, iruzur eta ustelkeria delituak leporatzen dizkio Europako Fiskaltzak. Karguekin aske utzi dute.

Federica Mogherini EBko diplomaziaburu ohia, artxiboko irudi batean. P. SEEGER / EFE
Federica Mogherini EBko diplomaziaburu ohia, artxiboko irudi batean. P. SEEGER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abenduaren 3a
11:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Fiskaltzak ustelkeriagatik eta iruzurragatik inputatu du gaur Federica Mogherini, 2014tik 2019ra EB Europako Batasuneko diplomaziaburu izana. Mogherini Europako Kolegioko errektorea da, eta ikastetxe hori ikertzen ari dira kontratazio publikoan iruzurra egiteagatik. EBko goi kargudun bat eta Europako Kolegioko beste kide bat ere inputatu dituzte. Atzo atxilotu zituzten hirurak, eta aske utzi dituzte gaur, baina karguekin.

Belgikako Poliziak Europako Kolegioaren Brujasko egoitza (Flandria) miatu zuen atzo, baita Europako Kanpo Ekintzako Zerbitzuaren Bruselako egoitza eta hiru inputatuen bizitokiak ere. 2020-2021eko ikasturtean, diplomazialari gazteentzako formakuntza programa bat antolatu zuen Europako Kolegioak, lizitazio bidez eta EBk finantzatuta. Bada, ikerketaren arabera, Europako Kolegioak bazuen lizitazio horren oinarrien berri Europako Kanpo Ekintzako Zerbitzuak iragarkia argitaratu baino lehen.

Belgikako hedabideek kaleratu dutenez, Stefano Sannino, hau da, orduan Europako Kanpo Ekintzako Zerbitzuaren idazkari nagusia zena eta Europako Kolegioko zuzendaritzako kide bat dira beste bi inputatuak. Fiskaltzak zabaldutako oharrean ez dute argitu inputatuak nor diren, baina aipatu dute Europako Kolegioko «errektorea eta goi kargudun bat» eta «Europako Batzordeko goi kargudun bat» direla. Europako Fiskaltzak ondorioztatu du ez dagoela inputatuek ihes egiteko arriskurik, eta, hortaz, karguekin aske utzi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.