Bost eguneko larrialdi egoera ezarri zuen herenegun gauean Mongoliako Gobernuak igandeko hauteskundeen inguruan izandako liskarren harira. Iruzurra izan den susmoa duten manifestarien eta polizien arteko istiluek bost hildako eta 300 zauritu baino gehiago laga zituen herenegun. Zauritutakoetatik 221 zibilak dira eta 108 poliziak, Barne eta Justizia ministro Tsen Diin Monkh Orgilek emandako datuen arabera. Istiluen ondorioz 718 lagun ere atxilotu zituztela jakinarazi zuen.
Hauteskundeetako Batzorde Nagusiak igandeko emaitza ofizialak eman ez baditu ere, egun agintean den PRPM Mongoliako Alderdi Iraultzaile Popularra -komunista izandakoa- jo dute irabazletzat hango hedabideek. Hori ikusita, bozen eta hauteskundeetako behatzaileen eroskeria salatu zuen herenegun oposizioko buru Tsakhia Elbegdorjek-PD Alderdi Demokratakoa-. Eta bozak berriz zenbatu ditzaten eskatu zuen.
Adierazpen horiek sututa, sei bat mila lagunek Ulam Bator hiriburuko kaleak hartu zituzten. Hautestontzietako balizko iruzurrak eragindako amorruz, su eman zioten PRPMren egoitzari eta polizia etxe nagusiari.
Mobilizazioen indarkeria ikusita, bost egunerako larrialdi egoera deitzeaz gain, etxeratze agindua ezarri zuen Mongoliako presidente Nambarin Enkhbayarrek. Astelehenera bitartean, ulanbatortarrak 22:00etatik 08:00etara ezingo dira kalera irten. Dekretu hori dela medio, Gobernuak indarra erabili ahal izango du «edozein eratako manifestazioren eta legez kanpoko ekintza samaldakakoen aurka». Bilera publikoak, hedabide independente ororen emanaldiak eta alkoholdun edariak banatu edo saltzea ere debekatu ditu.
Alderdi bera agintean
Mongoliako zenbait hedabidek ezinezkotzat ez, baina zailtzat jo dute iruzurra. Igandean indarrean jarri zen hauteskunde legearen erreformak «irregulartasunak» sortu dituela nabarmendu dute.
Egungoa ez da egoera politikoak Mongolian indarkeria eragin duen lehen aldia. 2006an PRPMk eta PD Alderdi Demokratak koalizio gobernua osatu zutenean ere izan ziren istiluak. 1990 arte, 70 urtean, alderdi bakarra izan zen PRPM. Urte hartan egin ziren legebiltzarreko legen hauteskundeak, eta alderdi horrek berak irabazi zuen. Historian behin soilik izan da agintean PD Alderdi Demokrata, lau urtez.
Mongolian bost hildako eta 300 bat zauritu laga dituzte hauteskunde osteko istiluek
Iruzurra izan den susmoak eragin ditu istiluak, eta larrialdi egoera ezarri du gobernuak bost egunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu