Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte bihar Portugalen. 11 hilabete karguan egin ostean, martxoaren 11n, Luis Montenegro lehen ministroak galdu egin zuen haren familiaren negozioei egotzitako irregulartasunek bultzatutako konfiantza mozioa, eta bozetara deitu zuen. Asanblea Nazionalean bozketa galdu bazuen ere, inkesten arabera, portugaldarrek oraindik konfiantza dute Montenegrorengan; haren taldea da hauteskundeak irabazteko hautagai nagusia, AD Aliantza Demokratikoa eskuineko koalizioa. Azken galdeketen arabera, herritarren heren batek bozkatuko du bihar haren alde.
Lau urtean hirugarrenez aurreratu dituzte bozak Portugalen. 2022an, PS Alderdi Sozialista nagusitu zen; iaz, AD koalizioa —PSD Alderdi Sozialdemokratak eta CSD/PP Alderdi Popularrak osatua—. Oraingoan ere bien arteko lehia izatea espero da, baina inkestetan aurretik ageri da eskuineko koalizioa. Gaur-gaurkoz, parlamentuan hirugarren indarra da Chega alderdi ultraeskuindarra, eta hauteskundez hauteskunde ordezkari gehiago lortu ditu.
2019ko bozetan, PS nagusitu zen, Antonio Costa lehen ministro ohia (2015-2024) buru zuela. Baina, gutxiengoan gobernatzen aritu ostean, hainbat alderdiren babesa galdu, eta ezin izan zituzten 2022ko aurrekontuak onartu. Hortaz, boz aurreratuak egin zituzten 2022ko urtarrilean. Berriz ere PS nagusitu zen. Hortik aurrera, berriz, ustelkeria kasuak direla-eta erori dira bi gobernu.
Costak 2023ko azaroan eman zuen dimisioa, fiskaltza hura ikertzen aritu zelako litioa eta hidrogenoa ustiatzeko kontzesio batzuen aferan. Hortaz, hauteskundeak aurreratu behar izan zituzten berriz; AD nagusitu zen, eta Montenegrok lehen ministro kargua hartu zuen iazko apirilean. Baina haren familiaren negozioak ikertzen hasi dira, ustezko irregulartasunengatik. Hori dela eta deitu zuten konfiantza moziora.
«Migrazioaren gaia politizatzeak beste inori baino mesede handiagoa egiten dio Chegari»
MARIANA MENDES Dresdengo Unibertsitateko ikerlaria
Ez Costaren kasuan ez Montenegrorenean ez da frogatu lehen ministroek deliturik egin dutenik. Halaber, Costari dagokionez, haren alderdiak bozak galdu zituen lehen ministroak dimisioa eman ostean; ez dirudi Montenegrorekin berdina jazoko denik. Azken astean, Pitagorica etxeak egunero inkesta bana egin du, eta, horien arabera, Montenegroren koalizioak botoen %31,5 eta %35 artean lortuko du; PSk, %24,6 eta %26,3 artean; eta Chegak, %15,3 eta %19,1 artean. Hala, ADk aurreko bozetan baino babes handiago lortuko du, galdeketen arabera; bozen %28,85 lortu zituen orduan. Marina Mendes politologoarentzat (Angra do Heroismo, Portugal, 1988), «harrigarria» da Montenegroren inguruko polemikek herritar askori ez eragitea.
Mercator Migraziorako eta Demokraziarako Foroan ari da lanean Mendes, Dresdengo Unibertsitate Teknikoan (Alemania). Posta elektronikoaren bidez adierazi duenez, hainbat arrazoi egon litezke Montenegroren aferak portugaldarrei iritzia ez aldarazteko: «Posible da Montenegroren komunikazio estrategia oso eraginkorra izatea; azpimarratzen aritu dira ez duela legez kanpoko ezer egin. Horrez gain, posible da herritarrak jada ez egotea arduratuta horrelako kontuez. Edo baliteke portugaldarrek pentsatzea auzia ez dela horrenbestekoa eta oposizioa probetxua atera nahian ari dela».
Iazko bozetan bezala, Montenegrok parean izango du Pedro Nuno Santos Alderdi Sozialistaren lehen ministrogaia. Halaber, ikerlariaren ustez, herritarrek «nekea» sumatzen dute PSri begira; ez, aldiz, eskuineko koalizioari begira. Izan ere, Alderdi Sozialistak ia hamar urte jarraian egin zituen gobernuan (2015-2023); ADk, berriz, 11 hilabete baino ez (2024ko apirila-2025eko martxoa).

Bi alderdi horien atzetik, Portugalgo Asanblea Nazionalean, hirugarren indarra da Chega alderdi ultraeskuindarra. 2019an sortu zen, eta, urte bereko bozetan, eserleku bat lortu zuen asanblean. 2023an, hamabi eskuratu zituen, eta iaz, 50. Eskuin muturrak are eta gehiago hazteko potentziala duela uste du Mendesek. Eta zergatia argitu du: «Lehen aldiz, hauteskunde kanpainan gai garrantzitsua izan da immigrazioa».
Portugalgo Gobernuaren Migrazio Agentziaren arabera, 2018tik 2023ra bi halakotu egin zen Portugalen bizi zen atzerritar kopurua: 2018an, Portugaldik kanpo jaiotako 480.000 pertsona bizi ziren; 2023an, milioi bat baino gehiago. Hori ikusirik, «Europako beste herrialde batzuetakoa bezalako dinamika» sortu dela azaldu du politologoak. Esaterako, Montenegrok agindu du milaka etorkin kanporatuko dituela: «Gobernuak [ADkoa] esaten du 'ordena berrezartzen' ari dela, eta aurreko gobernuei [PSkoak] egozten die 'ate irekien politikak' aurrera eramatea». Hala, eskuina eskuin muturrari botoa ematen dioten herritarrak erakarri nahian ari dela uste du Mendesek. Politologoaren ustez, baina, jarrera horrek ultraeskuinari egingo dio mesede handiena: «Migrazioaren gaia politizatzeak beste inori baino mesede handiagoa egiten dio Chegari».
Osasungintza publikoa eta etxebizitza
Migrazioa albo batera utzita, Mendesek uste du osasungintza publikoa eta etxebizitza direla portugaldarrei kezka gehien eragiten dieten gaiak. Ikerlariaren ustez, SNS Portugalgo Osasungintza Zerbitzu Nazionalaren egoera «txarra» ez da arazo berria, baina azken urteetan arazoa are eta nabarmenagoa egin dela dio: «Behin baino gehiagotan larrialdiak itxita egoten dira, langileak falta direlako». Ez du uste arazoak konponbide argirik duenik, eta azaldu du estatuaren esku hartzea noraino iritsi behar den zehaztera mugatu dela eztabaida politikoa: «Eskuina prest dago enpresa pribatuei garrantzi handiagoa emateko».
Bestalde, etxebizitzen garestitzea ere izan dute hizpide hauteskunde kanpainan. Mendesek adierazi du arazo larria bihurtu dela etxebizitzarena; «batez ere, Lisboa inguruan». INE Portugalgo Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, iazko azken lauhilekoan, 4.425 euro balio zuen metro koadro batek Lisboan; Donostia kenduta —5.708 euro metro koadroko—, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan baino gehiago. «Prezioak eta batez besteko soldatak alderatuta, herritar gehienentzat ezinezkoa da etxebizitza bat erostea». Hori ikusita, alderdi batzuek proposatu dute estatuak gehiago esku hartzea; beste batzuek, berriz, «merkatuarentzat hobeak» diren soluzioak eman dituzte: zergak arintzea, esaterako. Halere, Mendesen arabera, alderdi politiko gehienak ados daude kontu batean: «Etxebizitza publiko gehiago behar direla diote».