Kataluniako Legebiltzarrerako Hauteskundeak

Montillak uko egin dio parlamentari izateari

"Porrot honek ondorioak izan behar ditu", esan du PSCko buruak gaur. Atzo iragarri zuen ez dela berriro alderdiko idazkari nagusi izateko aurkeztuko. CiUk bakarrik gobernatuko du; ia gehiengo osoa dauka, eta legealdian kasuan kasuko babesak lortzen saiatuko da. Solidaritatek eta ICVk jakinarazi dute Artur Masen aurka bozkatuko dutela inbestidura saioan.

2010eko azaroaren 29a
16:15
Entzun
Jose Montilla Kataluniako Generalitateko azken legealdiko presidente eta PSCko idazkari nagusiak gaur jakinarazi du legealdi berrian ez dela parlamentari izango, atzoko porrota dela-eta uko egingo diola aulkia hartzeari. "Porrot honek ondorioak izan behar ditu", esan du. PSCk 28 parlamentari lortu ditu, aurrekoan baino bederatzi gutxiago.

Atzo gauean, berriz, iragarri zuen ez dela berriro PSCko idazkari nagusi izateko aurkeztuko. 2011ko maiatzeko udal bozen ondoren egingo du alderdiak Kongresua.

PSCk bost orduko bilera izan du gaur, eta Joaquim Nadal izango da burua parlamentuan eta ez Montserrat Tura hauteskundeetako 'bigarrena'. Bozeramailea Miquel Iceta izango da, orain arte bezala.

CiUk bakarrik gobernatuko du

Atzoko hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta eta bart eta gaur esandakoei erreparatuta, CiU koalizioa abertzaleak bakarrik gobernatuko du Kataluniako Legebiltzarrean, beste taldeen legealdiko babesik gabe. 135 parlamentarietatik 62 bereak izango dira -68an gehiengo osoa-, eta kasuan kasuko babesak lortzen ahaleginduko da. Badu horretarako aukera. Denera %38,5eko babesa erdietsi du eta ia-ia 1.200.000 boto jaso -duela lau urte 935.756 boz-.

CiUk hauteskundeetako bigarren indarra -PSC-, bikoiztu egin du eta, horrelako aldearekin, berriro gobernuan izango da. Hala egon zen 1980-2003 artean, Generalitateko lehendakari Jordi Pujol (CiU) zela. 2003an Pasqual Maragall PSCko kidea jarri zen presidente, ERC eta ICVrekin bat eginda.

2003ko bozetan ere CiU izan zen bozkatuena, baina orduan PSCk, ERCk eta ICV gehiago lortu -70- eta eurek osatu zuten gobernua. Orain hirukoak 22 parlamentari galdu ditu; PSCk (-9; inoizko bere emaitzarik okerrena) eta ERCk (-11) sekulako kolpea jaso dute.

Solidaritatek eta ICVk Masen aurka bozkatuko dute

Joan Laporta Solidaritat-eko buruak gaur jakinarazi du inbestidura saioan bere alderdiak ez diola babesa emango Artur Mas CiUko lehendakarigaiari, eta kontra bozkatuko duela. 102.000 botoekin lau eserleku lortu ditu alderdi independentistak, eta, babesaren truke, hurrengo legealdian Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko eskatu dio Laportak Masi. CiUk, ordea, ez du halakorik egingo.

Solidaritaten atzoko emaitza arrakastatsua dela esan du Laportak -alderdia duela lau hilabete sortu zuten-, eta independentziaren aldeko botoei buruz uste du, Solidaritat, ERC eta Reagrupament alderdiek jasotako babesaz gain, independentistak gehiago direla orain, "zenbaitzuek CiUri eman diotelako botoa, hirukoa gobernutik ateratzeko". Hark iragarri du Solidaritat 2011ko maiatzeko udal hauteskundeetara ere aurkeztuko dela .

Joan Herrera ICVko buruak ere aurreratu du inbestidura saioko botoa: Masen kontrakoa. Kataluniako ezkerraren ardura ICVk lortzeko helburua dauka Herrerak, gaur adierazi duenez.

2010eko emaitzak (botoen %100 zenbatuta dela)

CiU. 62 parlamentari (1.198.010 boto, %38,47) / 2006an: 48 / 935.756 / %31,52

PSC. 28 parlamentari (570.361 boto, %18,32) / 2006an: 37 / 796.173 / %26,82

PP. 18 parlamentari (384.019 boto, %12,33) / 2006an: 14 / 316.222 / %10,65

ICV. 10 parlamentari (229.985 boto, %7,39) / 2006an: 12 / 282.693 / %9,52

ERC. 10 parlamentari (218.046 boto, %7) / 2006an: 21 / 416.355 / %14,03

Solidaritat. 4 parlamentari (102.197 boto, %3,28) / 2006an: ez zen aurkeztu

Ciutadans. 3 parlamentari (105.827 boto, %3,4) / 2006an: 3 / 89.840 / %3,03
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.