Moqoit herriko hilketak argitzeko

Ia 93 urte geroago, El Zapallarko sarraskian zer gertatu zen argitu nahi du Argentinako justiziak, moqoit indigenen komunitateko 30-50 kide hil baitzituzten Chaco eskualdean, herrialdeko ipar-mendebaldean.

Moqoit herriko indigena batzuk El Zapallarren, Argentinan, duela ehun urte. BERRIA
Moqoit herriko indigena batzuk El Zapallarren, Argentinan, duela ehun urte. BERRIA
Cecilia Valdez
2026ko abuztuaren 30a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela urte batzuk Napalpiko kasua aztertu zuen bezala, orain justizia ikerketa lanetan ari da argitzeko zer gertatu zen duela 90 urte baino gehiago, 1933ko irailaren 7an, El Zapallarko sarraskian (Chaco, Argentina iparraldea). Egiaren Aldeko Epaiketak esaten zaien horien harira —ez dute ondorio penalik—, gizateriaren aurkako krimen gisa ikertzen ari dira moqoit herriko 30-50 indigena fusilatu zituztenekoa, eta, horretarako, ezinbestekoa da haien ondorengoen testigantza.

2022ko maiatzean, Napalpiko sarraskiaren gaineko egia argitzeko epaiketaren harira, Resistencia hiriko (Chaco) 1. Epaitegi Federalak Argentinako Estatua jo zuen sarraskiaren erantzuletzat, eta zenbait erreparazio neurri hartzeko eskatu zion. «Sarraskia gizateriaren aurkako delitu bat izan zen, herri indigenen kontrako prozesu genozida batean egina», ebatzi zuen Zunilda Niremperger epaileak bere sententzian.

Napalpiko sarraskian (1924), qom eta moqoit komunitateetako 200-300 pertsona hil ziren: 130 polizia, jendarme eta paramilitar tiroka hasi ziren komunitatearen protesta bat geldiarazteko. Biktimen gorpuak erraustu eta hobi komunetan lurperatu zituzten, eta, hala, gertaturikoa ukatu edo desitxuratu zuten.

«Napalpin, qom eta moqoit herrietako jendea hil zen, baina El Zapallarren, berriz, moqoit herrikoa bakarrik», argitu du Juan Carlos Martinezek; erreferentziazkoa da komunitatean, historialaria, eta sarraskitik bizirik ateratako baten ondorengoa. «Guretzat, epaiketa hau oso garrantzitsua da, besteak beste batere ikusgaitasunik ez dugulako, herri txiki bat izateagatik».

Oraingoan, ikerketaren harira, bizirik atera ziren moqoit komunitateko kideen 11 ondorengo deklaratzera joan dira San Bernardo hiriko Cervantes liburutegira. «Lehenengo entzunaldia egin dugu, eta orain bigarrenaren zain gaude», kontatu du Martinezek.

«Epaiketa hau oso garrantzitsua da, besteak beste batere ikusgaitasunik ez dugulako»

JUAN CARLOS MARTINEZ Historialaria

1933an, lehorte handi bat izan zen Chacon, eta biztanle zaurgarrienei eragin zien bereziki. Horiek horrela, «moqoit komunitateko hirurehun bat lagunek, Luis Duran kazikea buru zela, erabaki zuten lan bila joatea El Zapallar ingurura, hitzemana baitzieten han lana izango zutela», kontatu du Diego Vigay fiskal laguntzaileak. Hura eta Federico Carniel fiskal nagusia arduratu dira hainbat bazterretatik eta inguruko herrietatik bertaratutakoen testigantzak biltzeaz.

Haiek kontaturikoetan oinarrituz, jakin dute lan eskaintza horrek trenbideak egitearekin zuela zerikusia. «Ehun kilometro egin zituzten, El Zapallarren kanpoaldean kanpatu, eta, goseteak hartuta zeudenez, karguan zen komisarioarekin hitz egin zuten. Hark behi bat eta zenbait kilo galleta hitzeman zizkien, baina, hori ez zenez inola ere nahikoa, herrira sartzea erabaki zuten», esan du Vigayk.

(ID_17870769336165) Zapallar. Argentina.
Ikerketan parte hartzen ari diren batzuk, San Bernardo hiriko Cervantes liburutegian. BERRIA

Lan tresnak hartu —aizkorak, matxeteak eta ehizarako bizpahiru eskopeta—, eta moqoitek umeak, emakumeak eta adinekoak jarri zituzten aurrealdean, bake asmoz zihoazela erakusteko, baina Francisco Prestera komisarioak berrogei gizoneko pelotoi bat osatu zuen, eta, tiroka hasi, eta zenbait pertsona hil zituzten. Batzuk tiroen ondorioz hil ziren; beste batzuk, ihes egiteko orduan, Rio de Oro gurutzatzeko ahaleginean: zenbait ito egin ziren, eta beste zenbait galdu betiko.

Gerora jakin denez, 30-50 moqoit hil ziren, eta uretara zaldi gainean jauzi egin zuten haiek izan ziren bizirik iraun zuten bakanetako batzuk. «Badakigu adineko batzuk ere hil zirela itzulerako bidean, goseak eta ahuleziak jota», erantsi du Vigayk.

El Zapallarkoari buruzko ikerketa 2014an hasi zen, Napalpikoa hasi zen aldi berean, baina askoz zailtasun gehiago izan dira zer gertatu zen argitzeko orduan. «Gure ustez, ikusita Napalpikoak zenbateko oihartzuna izan zuen, eginahalak egin dituzte oraingoan ez dadin ezer filtra», azaldu du Vigayk.

«Ikusita Napalpikoak zenbateko oihartzuna izan zuen, eginahalak egin dituzte oraingoan ez dadin ezer filtra»

DIEGO VIGAY Prozesuko fiskal laguntzailea

Txostena egiteko orduan, aurrekari gisa aintzat hartu zuten Napalpiko sarraskiaren gaineko egia argitzeko epaiketa, eta bizirik ateratako batzuen testigantzak ere bildu zituzten, hala nola Pedro Balquinta, Ramona Perez eta Justino Lalecorirenak. Gainera, aintzat hartu zituzten garai hartako txosten judiziala, kazetarien oharrak, heriotza ziurtagiriak eta Ruben Guillon historialariak egindako ikerketa lan garrantzitsu bat. Gai horri buruz historia liburuetan azaldutako pasarte batzuk ere erantsi zituzten.

Zuhur

2024ko abuztuan, ikerketan eginiko aurrerapenak kontuan hartuta, fiskaltzak erabaki zuen moqoit komunitatera joko zuela sarraskiaren testigantzak biltzeko. Horretarako, sarraskitik bizirik atera eta El Zapallarko komisarian senitartekoekin atxilotuta egondakoen zerrenda bat eman zuten argitara —gaur egun, General San Martin izena du hiriak—. Haien izen-abizenak eta adina azaltzen dira hor, eta jartzen du Napalpien enkomiendako kideak eta Charata, Quitilipi eta Saenz Peña herriko biztanleak zirela.

Vigayk nabarmendu du moqoit komunitateak ez daukala harreman handirik estatuarekin eta, gainera, hiri eremuetatik urrunago bizi dela; ondorioz, horregatik ere zailagoa da zer gertatu zen argitzea. Nolanahi ere, haien deklarazioak —batez ere bizirik ateratakoen bilobenak—, belaunaldiz belaunaldi pasatutakoak, erabakigarriak izan dira zer gertatu zen argitzeko orduan.

«Napalpin gertatutakoaren harira, badakigu epaiketa hartan hitzemandako gauza asko ez direla bete oraindik, hala nola erreparazio politikak», esan du Martinezek. «Aurten ez digute biktimak oroitzeko ekitaldira joateko dei egin ere. Orain, bestelako bidegabekeria batzuk egiten dira Chacon, eta beste behar batzuk daude; baina hau gogoan izan behar dute argentinar guztiek, lurraldeen desjabetzeak bere hartan baitirau gaur egun ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA