Mosso, suhiltzaile, irakasle eta kazetari batzuk hasi dira 155.a salatzen

TV3eko langileen agerraldia, astelehenean, 155. artikuluaren kontra. TV3EKO LANGILE BATZORDEA
2017ko urriaren 23a
23:20
Entzun

Raul Romeva Generalitatearen Kanpo Arazoetarako kontselariak esan du astelehen honetan funtzionario katalanek Generalitatearen eta Parlamentuaren aginduak obedituko dituztela, ez Espainiako Gobernuarenak. 155. artikulua ezarri osteko egoerarako prestatzen hasiak dira alde guztiak, eta ostiraletik aurrera ikusiko da zer gertatuko den, funtzionarioei beren postuak galtzearekin mehatxu ere egin baitie Espainiako Gobernuak.

Edozein gisaz, funtzio publikoko langile batzuk astelehenean bertan hasi dira 155. artikuluaren aurkako gaitzespenak egiten. USTEC-STES irakasleen sindikatuak —azkeneko hauteskundeak irabazi izan ditu hezkuntzan—, esaterako, jakinarazi du ez dituela aitortuko "herri legitimitatearen ordezkariak" ez direnak; alegia, Espainiako Estatuak ezarri nahi dituen agintariak, egungoen ordez. Espainiako Estatua, dagoeneko, ezin dela demokratikotzat jo, eta "erresistentziara" dei egin du sindikatuak: "Diktadura bat ezartzeko aitzakia legala da 155.a".

Hedabide publikoak ere jomugan jarri ditu Espainiako Gobernuak, eta haietako langileek zalantzarik gabe erantzun dute. TV3eko, Catalunya Radioko eta ACN Agencia Catalana de Noticieseko enpresa batzordeek hainbat agerralditan eta oharretan eskatu dute 155. artikuluaren ezarpena bertan behera uzteko. TV3eko langileek gaur eguerdian egin dute agerraldi bat, esateko ez dutela aitortuko Espainiako Gobernuaren ordezkariek hartzea TV3eko agintea: "Ez dugu aitortuko haien autoritatea".

Mossos d'Esquadretako sindikatu batzuk ere kritiko agertu dira 155. artikuluaren ezarpenarekin. Urrats horretara ez iristeko beharrezko dena egiteko eskatu dute eta, azkenean halere ezartzen bada, "kirurgikoa" izateko eta "ahalik eta kalte gutxiena" egiteko eskatu dute. ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak badu azpitalde bat mossoetan; horiek esplizituagoak izan dira: adierazi dute leialtasuna gordeko dietela, soilik, Generalitateko presidenteari, Barne kontseilariari eta Kataluniako Parlamentuari: "Legezkotasun katalana soilik obedituko dugu".

Antzeko mezua zabaldu dute ANC barruko suhiltzaileen azpitaldeko kideek. Kataluniak 1939az geroztik ez duela tamaina honetako erasorik jasan adierazi dute: "Gure presidentea, gure gobernua eta gure parlamentua soilik obedituko ditugu".

Universitats per la Republica taldeak, berriz, huelgara deitu ditu ikasleak ostegun honetan, 155. artikulua ezartzeari kontra egiteko, eta independentzia deklarazioa berehala indarrean jartzeko eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.