Gaur goizean joango zirela espero zen, baina eguna argitzerako Lleidako museoaren barruan ziren Aragoiko teknikariak. Goizaldeko hiru eta erdiak aldera iritsi dira, Sixenako obrak hartzeko asmoz. Guardia Zibilaren ehun bat ibilgailuren babesa dute.
Museoaren barruan mugimendu handia ikusten da, eta kanpoan ere jende ugari elkartu da. Tentsio une handiak ari dira izaten, eta mossoek manifestarien kontra ere egin dute. 08:45 aldera hasi da tentsioa igotzen. Mossoek urrutirago eraman nahi zuten jendea, eta, jendeak ezetz esan ostean, indarra erabili dute mugiarazteko.
Han dira Joan Tarda ERCko diputatua eta Mireia Boya CUPeko legebiltzarkidea.
Executant l'ordre judicial del gobierno de Aragón diuen els @mossos. Quina vergonya. Som el seu botí de guerra #Sixena155pic.twitter.com/SpzPkoxTe9
— Mireia Boya Busquet (@yeyaboya) 2017(e)ko abenduak 11
Bart, 00:00ak aldera museoaren inguruetan zegoen jendea handik bidaltzen aritu ziren mossoak. Ez zieten museoan sartzen utzi Angel Ros Lleidako alkateari eta Generalitateko Ondare zuzendariari. Museoko zuzendariari eta teknikoei bai. Hiru bat ordu geroago iritsi ziren Aragoiko teknikariak Guardia Zibilaren laguntzarekin.
155. artikulua aplikatuta Espainiako Gobernuak Kataluniakoaren boterea bere gain hartu zuela balitatuta, Sixenako obrak Aragoira eramateko agindu zuen Iñigo Mendez Vigo Espainiako Kultura ministroak.
Aragoiko Gobernuak Lleidako Museoan dauden 44 pieza horiek eskatu zituen, eta Mendez Vigok halaxe egiteko agindu zuen Huescako auzitegiaren probidentzia bat jaso orduko. Instrukzio epaileak azaroaren 15ean hartu zuen erabakia, eta helegitea jartzeko aukera zegoen, baina, Espainiako Gobernuak, Kataluniakoaren izenean, ez jartzea erabaki zuen. Kataluniako Gobernua pieza horiek Aragoira eramatearen kontra azaldu izan da beti.