AZKEN ORDUKOA

Mossoek baieztatu dute Bartzelonako erasotzailea dela gaur arratsaldean Subiratsen tiroz hil duten gizona

Tiroketa bat izan da gasolindegi baten inguruan, eta Kataluniako Poliziak Younes Abouyaaqoub hil du, gaur Bartzelonako erasoaren egiletzat jo dutena. Musulmanen komunitateak "basakeriaren" aurkako protesta bat egin du. Ripollgo imama Alcanarreko leherketan hil zela baieztatu dute.

Mossoak, polizia kontrol batean, gaur. ROBIN TOWNSEND, EFE
Jon Ordoñez - Jon O. Urain
2017ko abuztuaren 21a
07:25
Entzun

Kataluniako Poliziak Younes Abouyaaqoub hil du gaur arratsaldean Subiratseko gasolindegi batean, Penedes Garaia eskualdean, Bartzelonatik 50 kilometrora. Mossoek gaur eguerdian adierazi dute Abouyaaqoub izan zela pasa den ostegunean Bartzelonako Ramblatan furgoneta batekin hamahiru lagun hil zituen erasotzailea. Harrezkero ari ziren haren bila, gaur arte.

Herriko bizilagun batek eta polizia batek eguerdi partean identifikatu dute, eta polizia jakinaren gainean jarri dute, nork bere aldetik. Bi deiak jasota, mossoek polizia operazio bat hasi dute. Mahasti batzuetan erdi ezkutatuta aurkitu dutela eta Abouyaaqoubi gelditzeko oihu egin diotenean arropak altxatu dituela esan dute mossoek; arabieraz "Ala handia da!" oihukatu duela ere erantsi dute. Lehergai itxurako gerrikoak ikusi, tiro egin, eta bertan hil dute poliziek.

Soinean ustez lehergaiak zituelakoan, horiek indargabetzeko teknikariak iritsi arte ezin izan dute baieztatu hildakoaren nortasuna. Errobot batekin hurbildu zaizkio, baina lehergaia faltsua zen, pasa den astean Cambrilsen hildakoek zeramatzatenen antzekoa.

Twitterren, mossoek esan dute 16:10ean gertakari bat izan dela Subiratsen, eta ordu erdi geroago gaineratu dute polizia operazioa ari zirela egiten. Gasolindegi baten inguruan aurkitu dute gizon susmagarria. Ordu honetan, Subirats inguruan jarraitzen dute poliziek lanean, baina operazioa bukatutzat jo liteke.

Hain justu, mossoek eguerdian baieztatu dute Abouyaaqoub izan zela pasa den ostegunean Bartzelonako Rambletan hamahiru lagun hil zituen erasotzailea, furgonetaren gidaria. Haren irudia zabaldu dute sare sozialetan.

Gaur arratsaldean, gainera, baieztatu dute Alcanarren hil zela Ripollgo imama: Abdelbaki Es Satty. Tarragonako herri horretan izan zen leherketaren hondarren artean bi gorpuren arrastoak aurkitu zituzten eta susmatzen zuten horietako bat Es Sattyrena izan zitekeela; orain baieztatu dute.

Kataluniako erasoak antolatu zituen taldea, guztira, hamabi lagunek osatzen zutela uste dute; lau atxilotuta eta beste zortziak hilda, taldea desegintzat jo liteke, baina operazioa ez dela bukatu esan du Trapero mossoen buruak. Orain nazioartean lanean hasiko direla, eta aste batzuen buruan informazio berriak edukitzea posible dela adierazi du.

Carles Puigdemontek mossoak zoriondu ditu arratsaldean egin duen agerraldian, eta Kataluniako Poliziaren "profesionaltasuna eta eraginkortasuna" goraipatu du. Erasotzaileek hamabi kideko talde bat osatzen zutela baieztatu du Traperok arratsaldean, Abouyaaqoub hil ostean. Lau atxilotuta daude, eta zortzi, hilda:

Subiratsen mossoek hildakoa(1): Younes Abouyaaqoub, Bartzelonako Rambletako erasotzailea, mossoen arabera. Tiroka hil dute mossoek.

Cambrilsen mossoek hildakoak(5): Omar Hychami, Mohamed Hychami, Al Houssaine Aboyaaqoub, Said Aalla eta Moussa Oukabir. Tiroka hil zituzten mossoek.

Alcanarreko leherketan hildakoak (2): Abdelbaki Es Satty eta Youssef Aalla.

Atxilotutakoak (4): Mohamed Houli Chemial (Alcanarreko leherketan larri zauritutakoa), Salh Al Karib (Ripollgo telefonotegiko jabea), Mohamed Aalla (Cambrilseko autoaren jabea; bere burua aurkeztu zuen polizia etxean) eta Driss Oukabir (Rambletako furgonetak alokatzeko erabili ziren agirien jabea; bere burua aurkeztu zuen polizia etxean).

Hamabost hildako eta dozenaka zauritu

Ostegunean Bartzelonan eta Cambrilsen izandako atentatuen ostean, oraindik 50 bat lagun daude erietxeetan, zaurituta. Sant Justen hilik agertutako gizonezkoaren hilketa ere atentatuekin lotu du Poliziak. Ostegunean bertan, auto batek izkin egin zion Poliziaren kontrol bati Bartzelonako Diagonal etorbidean. Geroago, auto horren barnean gizonezko bat agertu zen hilik, labankatuta, gidariaren alboko eserlekuan.

Ikertzen aritu dira gertakari horrek zerikusirik ote duen Bartzelonako erasoarekin, eta, hasieran aparteko gertakari gisa aztertu bazuten ere, orain baieztatu dute bi gertakariak lotuta daudela. Uste dute Abouyaaqoubek labankadaz hil zuela Sant Justen gorpu agertutako gizona —Pau Perez zuen izena; 35 urte zituen—.

Hori horrela, hamabost dira erasoetan hildakoak: hamahiru Rambletan, bat ondoren Bartzelonan bertan, eta beste bat Cambrilsen.

Musulmanen salaketa kalean

Udaltzainen esanetan 2.500 pertsona inguru elkartu dira atentatuak gaitzesteko elkarretaratzean, Katalunia plazan. Minutu bateko isiltasuna gorde, eta handik abiatu dira Rambletan behera, manifestazioan. Musulmanen komunitatea terrorismoaren auka zioen pankarta bat erabili dute. 148 elkartek babestu dute mobilizazioa.

Ibn Battuta Fundazioko kide Mirian Hatibik irakurri du agiri bat, deitzaileen izenean. Adierazi du "egiazko arazo" bat dagoela, Katalunian sortu edo txikia izanik bertara iritsitako gazte bat "bere herriaren" aurka altxatzen baldin bada. Administrazioari eskatu dio elkarrizketak hasteko, gazte horiek ere Katalunia beren herritzat har dezaten, "mezu erradikal edo muturrekoak baztertzeko". Katalanez, gaztelaniaz eta arabez irakurri dute mezua.

Bilerak, "batasuna erakusteko"

Eguerdian Madrilen jihadismoaren aurkako ituna elkartu da, terrorismoaren kontrako "batasuna erakusteko" xedez. EH Bilduk ez du parte hartu bileran, eta ERCk ere beste hainbeste. EAJ, berriz, orain arte ez da izan halako bileretan, baina behatzaile gisa joan da, "keinu" bat egiteko, "egoeraren larritasunarengatik".

2015eko otsailean adostu zuten PPk eta PSOEk jihadismoaren kontrako ituna. Gero harekin bat egin zuten UPNk, UPDk eta Ciudadanosek, besteak beste. Unidos Podemosek bileretan parte hartu izan du, behatzaile gisa.

Gaurko beste bilera bat Terrorismoaren Aurkako Kataluniako Kabinetearena izango da. Horren buru Joaquim Forn Barne kontseilaria izango da, eta segurtasun neurri gehigarriak ezartzea aztertuko dute. Larunbatean, Espainiako Gobernuak bere hartan eutsi zion laugarren alerta mailari, gorenera igo gabe, baina segurtasun neurriak "indartzeko" asmoa adierazi zuen. Horien artean zegoen turistak elkartzen diren guneetan polizia gehiago egotea.

Mossoei betoa Europolen

Egunotan hizpide izan diren gaietako bat izan da Espainiako Gobernuak Mossoei Europolen parte hartzeko ezarritako betoa eta, beraz, informazioa jasotzeko ezintasuna. Igandean La Sexta telebista katean eginiko elkarrizketa batean, Carles Puigdemont Kataluniako gobernuburuak baieztatu zuen mossoek ez dutela harreman zuzenik izan CIA Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralarekin, eta, beraz, ez dutela informazio zuzenik jaso Rambletako erasoa gertatzeko aukeren inguruan.

Puigdemonten hitzetan, Zoidori formalki eskatu zioten mossoek izan zezaten aukera nazioarteko informazio foroetan egoteko, eta "akordio politiko" batera heldu ziren horretarako. Hori, ordea, oraindik ez da gauzatu, Puigdemontek erantsi zuenez.

Bestalde, CUPi eskatu zion berriz pentsa dezala larunbaterako deitutako manifestaziora ez joateko erabakia. Erasoen kontrako manifestaziora deitu dute larunbaterako, baina CUPek ohartarazi du ez dela joango manifestazio buruan Felipe VI.a Espainiako erregea baldin badoa. Haren ordez, eskatu du sendagile, larrialdietako langile eta abarrek eraman dezatela pankarta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.