Mouliaak Errejonen aurkako salaketa kentzea erabaki du

Aktoreak «arrazoi pertsonalengatik» hartu du erabakia, haren abokatuak esan duenez; dena den, salatutakoari eusten dio. «Bakarrik ibili naiz horri guztiari eusten, eta ezin dut horretan jarraitu», idatzi du Mouliaak sareetan.

Iñigo Errejon Espainiako Diputatuen Kongresuan, artxiboko irudi batean. J. J. GUILLEN / EFE
Iñigo Errejon Espainiako Diputatuen Kongresuan, artxiboko irudi batean. J. J. GUILLEN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko otsailaren 4a
17:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elisa Mouliaa aktoreak ez du jarraituko Iñigo Errejon Espainiako Diputatuen Kongresuan Sumar alderdiko bozeramaile izandakoaren aurkako epaiketarekin, eta uko egingo dio akusazio partikularrari. Mouliaak gaur eman dio epaileari erabakiaren berri, eta adierazi du hautu hori «erabat librea, kontzientea eta ezeztaezina» dela. Aktorearen abokatuak ohar baten bidez adierazi duenez, «arrazoi pertsonalengatik eta osasunarengatik» hartu du erabakia. Hala ere, azpimarratu du salatutakoari eusten diola.

«Bakarrik ibili naiz horri guztiari eusten, eta ezin dut horretan jarraitu. Ez egia ez delako, baizik eta inork ez lukeelako halako zamarik hartu behar bakar-bakarrik», idatzi du Mouliaak sare sozialetan. Azpimarratu duenez, auzitara jo zuenetik beste inork ez du bide bera hartu nahi izan, eta horrek are gehiago «higatu» du, baita jendaurrean «ageriago» utzi ere. Hala ere, esan du kontzientzia «lasai» daukala, eta Errejonen aurkako epaiketak aurrera jarraituz gero — prozesu publiko bat baita — ez duela parte hartuko.

Aktorearen abokatu Alfredo Arrienek jakinarazi duenez, Mouliaak antsietate krisi bat izan du gaur. Ospitalean artatu behar izan dute, eta handik irtetean aurkeztu du bere erabakiaren berri ematen zuen dokumentua. Gainera, Arrienen hitzetan, Mouliaak «bere talde juridikoaren irizpidearen aurka» hartu du erabakia.

Mouliaak 2024ko urriaren 25ean salatu zuen Errejon, indarkeria matxistagatik. 2021eko egun batean hiru sexu eraso egitea egotzi zion Mouliaak. Aktorea izan zen Errejonen kontrako aurreneko salaketa jarri zuen emakumea, baina ez azkena. Izan ere, Aida Nizar telebistako aurkezleak ere jo zuen diputatu ohiaren kontra.

Errejonek dimisioa eman zuen 2024ko urriaren 24an, eta politika utziko zuela iragarri. Aurrez, Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministaren sare sozialetan, Errejoni jarrera matxistak izatea egozten zioten mezu anonimoak zabaldu zituzten. Horren ostean erabaki zuen Mouliaak auzitara jotzea, erakusteko mezu horietan jasotakoak ez zirela kasu bakarrak. «Ikus dadila beste emakume batzuek ere jasan dugula jazarpena», esan zuen orduko hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.