Migratzaileak

MSFk bertan behera utzi ditu 'Aquarius' ontziaren erreskate lanak

"Aquariusen amaierak hildako gehiago ekarriko ditu, lekukorik eta kontaketarik gabe geratuko diren eta saihetsi zitezkeen hildako gehiago", adierazi du erakundeak.

Migratzaile batzuk, abuztuan, 'Aquarius' ontziak (atzea) erreskatatu zain. GUGLIELMO MANGIAPANE, SOS MEDITERRANEE - EFE
jon ordonez garmendia
2018ko abenduaren 7a
17:18
Entzun

Azken bi urteetan Mediterraneoan ehunka pertsona salbatu dituen itsasontzietako batek, ezagunenak, lan horri utziko du. Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak gaur jakinarazi du Aquarius ontziak ez duela migratzaileen erreskate lanetan jarraituko. "Egun beltz bat da hau". Hitz horiekin adierazi du Vickie Hawkins MSFko Erresuma Batuko ordezkariak albistea. Erakundeak salatu du azken hilabeteetan bere ospearen kontrako kanpaina bat egon dela Europako zenbait gobernuren aldetik, "Italia buru", eta horri egotzi dio Aquariusen salbamentu lana eteteko erabakia.

Azken hilabeteetan Europako gobernuek erreskate ontziaren lana mugatzen aritu direla azpimarratu du Hawkinsek: "Europak porrot egin du bilatze eta erreskate talde bat bideratzerakoan, baina ez horregatik bakarrik, baita beste batzuek lan hori egiteko egin duten ahalegina oztopatu duelako". MSFk salatu du Libia migratzaileen itsasoratzea eragozten ari dela eta lurrean modu basatian jokatzen duela migratzaileekin; gaineratu du, erakundeko ontziak atzera lurrera bueltatzera behartu dituztela itsasoratu ondoren.

2016ko udan Asiatik eta Afrikatik Europarako migrazioa areagotu zenetik Mediterraneoan egin diren erreskateen ikurretako bat da Aquarius. 1977ko itsasontzi bat da, eta 2008ra bitartean Alemaniako banderarekin aritu zen nazioartean arrantzan ari ziren herrialde horretako arrantzaleak babesteko lanetan. 2016. urtean SOS Mediterraneoa eta MSFk alokatu zuten eta harrezkero Mediterraneoan izan da itsasoa zeharkatzen ahalegintzen ari ziren migratzaileei laguntzen. 200 eta 500 pertsona bitartean hartzeko lekua du.

Aurtengo ekainean begirada guztiak erakarri zituen, bere erreskateetako batetik bueltan. 629 migratzaile zituela Italiak, Mateo Salvini buru, bere portuetako batean lehorreratzeko baimena ukatu zion, eta krisi larria eragin zuen horrek Europako Batasunean. Ekainaren 13an Europarlamentuan migratzaile horiekin zer egin eztabaidatzeko saiora hamarretik bederatzi parlamentari ez ziren joan.

Azkenean Pedro Sanchez Espainiako presidenteak kargua hartu berritan Valentziako portuan lehorreratzeko baimena eman zion, eta migratzaileak hainbat hiritan banatu zituzten. Gerora, ordea, antzeko baimena ukatu zien PSOEren gobernuak beste erreskate ontzi batzuei. Azken erreskatea urriaren 4an egin zuen Aquarius-ek. 58 pertsona eraman zituen Marseillara.

MSFrentzat Aquariusen erreskate lanen etetea une txar batean erabaki behar izan dute, aurten jada 2.133 pertsona hil baitira Mediterraneoan. MSFk jakinarazi du beste itsasontzi bat prestatzea aztertzen ari dela, eta dagoeneako zenbait ontziren jabeen proposamenak aztertzen ari dela. Aquarius-ekin eta Bourbon Argos, Dignity, Prudence eta Phoenix aurreko beste erreskate ontziekin, MSFk 2015etik 80.000 pertsona baino gehiago lagundu ditu Mediterraneoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.